Italiako Giroa

Pitzadurarik gabeko defentsa

Bernalek arazorik gabe eutsi dio lidergoari mendiko azken saioan, eta, ondo bidean, Giroa irabaziko du gaur, Milango erlojupekoan. Carusorentzat izan da etapa, erasoaren bidetik

Damiano Caruso, eskuak altxatuta, garaipena ospatzen, atzo. LUCA ZENNARO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Azken uneko iraultza batekin egiten zuten amets ziklismo epikoaren zaleek. Bada, ez: aurtengo Giroa Egan Bernalena (Ineos) da. Atzo zuen azken suzko proba, Alpe Mottan bukatzen zen etapa menditsuan. Lehen mailako hiru mendate igo behar zituzten elkarren segidan; beraz, segadaren batean erori eta pot egiteko arriskua zuen kolonbiarrak. Itxaropena bazuen Damiano Carusok (Bahrain), eta bere esku zegoen guztia egin zuen miraria gauza zedin. Pikotxa eta pala alde batera utzi ditu Giro honetan, Mikel Landa erretiratu ondotik, eta distira egin du haren ordezko gisa. Atzo, etapa garaipen handia lortu zuen, ausardiaren bidetik. Hori bai, Bernalek kontrolpean izan zuen egoera ia une oro, eta, oker handirik ezean, arrosaz jantziko da gaur Milango podiumean.

Erabat lauak ziren lehen 80 kilometroen ondoren, San Bernardino igotzen hasi ziren ziklistak. Eguneko hiru mendateetan aurrenekoa zen, eta hiruretan gogorrena, 23,7 kilometro eta batez beste %6,2ko pendizarekin. Lasterketa hankaz gora jar zezaketen erasoak espero ziren koloso suitzarrean. Begirada guztiak Simon Yatesengan (Bike Exchange) zeuden jarriak. Haren taldea jarri zen tropeletik tiraka, baina su handirik gabe. Erritmo lasaian egin zuten igoera, harik eta azken txanpan DSM agertu zen arte, Bardetentzat lasterketa gogortzeko.

Hori horrela, ihesaldiak 50 segundoko aldearekin igaro zuen gailur elurtua. Bederatzi lagunek osatu zuten hasieran, baina bost nabarmendu ziren San Bernardinon: Louis Vervaeke (Alpecin), Simon Pellaud (Androni), Giovanni Visconti (Bardiani), Felix Grossschartner (Bora) eta Vincenzo Albanese (Eolo). Jaitsieran Bardet batu zitzaien, Chris Hamilton eta Michael Storer taldekideekin batera. Hortik gutxira, Carusok eta Pello Bilbaok (Bahrain) egin zuten bat lasterketa burukoekin. Igoeran ez, maldan behera piztu zen txinparta.

Alarmak piztu zitzaizkion ordura arte lasai ederrean egona zen Ineosi. Aurrekoak 25 segundorekin iritsi ziren Splugako igoerara. 38 kilometro gelditzen ziren helmugarako. Caruso eta Bardeti esku bat bota zien Vervaekek, errelebo indartsua eman baitzuen hanka altxatu aurretik. Aldea gora zihoan, eta Bernalek taldekideak erre behar izan zituen; Jonathan Castroviejorekin eta Daniel Felipe Martinezekin gelditu zen bakarrik. Liderrak kontrolpean zeukan oraindik lasterketa: 45 segundoko ateratzen zioten Bahraingo eta DSMko bikoteek mendate gainean. Bestalde, deigarria izan zen Yatesek ez zuela imintziorik ere egin. Indar kontua izan zen, geroago ikusi zenez.

Euskal herritarren lana

Aleksandr Vlasovek (Astana) soka tenkatu zuen jaitsieraren hasieran, zorua bustita zegoela baliatuta. Haren ahaleginak ez zuen Bernal jokoz kanpo harrapatu; bai, ordea, Daniel Martinez. Gogotik estutzeko prest zegoen Castroviejo, baina kolonbiarrari itxaron behar izan zioten. Aurreko laukotearentzat mesede. Haatik, pagotxa amaitu zitzaien behin getxoztarra tira egiten hasi zenean. Halako ziztuan gidatu zuen onenen multzoa, ezen pare bat aldiz eten baitzuen. Aurrean, berriz, lana zintzo egin zuen Bilbaok. Aldea 30 segundokoa zen.

Helmugatik 6,5 kilometrora zabaldu zen gernikarra, Alpe Mottan gora, Carusoren esker ona jasota. Italiarrak igoera itzela osatu zuen, eta Bardet lehertu bi kilometroren faltan. Atzean, suziriak Dani Martinezek piztu zituen, erritmo bortitzarekin. Jota utzi zituen Bernalen aurkari guztiak. Liderra bakarrik abiatu zen azken kilometroan, Giroa jada zakuan zuela. Etapa, berriz, Carusok irabazi zuen, ondo merezita.

Gaur bukatuko da Giroa, Senago eta Milan artean jokatuko den 30,3 kilometroko erlojupekoarekin. Bernalek 1.59ra du Caruso, eta 3.23ra Yates; inongo arazorik gabe irabazi beharko luke. Bestalde, Dauphine Kriteriuma hasiko da gaur, hautagaien artean Ion Izagirre (Astana) dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.