Espainiako Kopako finala

Txuri-urdin bihurtu dute Granada

Realaren zaleek «ilusioz eta animo handiz» bizi izan dute Espainiako Kopako finalaren eguna. Lagun taldeak eta, batez ere, familia asko izan dira zaleen artean. Goizean, erdigunean izan da festa, eta, arratsaldean, zelai inguruan. Bideoa albiste barruan.

Donostiarras Bartzelonako zale taldeko kideak. LARA MADINABEITIA.
ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zuri-gorria da Granadaren kolorea, baita Atletico Madrilena ere. Baina atzokoan hara joandako Realeko mila zalek baino gehiagok txuri-urdinez jantzi zuten Granada, elastiko, bufanda eta banderekin: eta, nola ez, kantu eta oihuekin. «Goazen, Erreala! Goazen, txapeldun!», entzuten zen jada eguerdian katedral alboan dagoen plazetako batean. Egun osoan egindako bero sapa ez zen aitzakia izan.

Lagun taldeak eta, batez ere, familiak ikus zitezkeen; tartean, jokalarienak. Besteak beste, Iraia Iparragirrerenak eta Leire Bañosenak. Eguerdi partean, zelai inguruan izan zen giroa, eta, arratsaldetik aurrera, Los Carmenes zelai aldean. Han tentsio une bat egon zen, Frente Atleticoko ultrek eraginda, baina, oro har, giro ona izan zen nagusi.

[youtube]https://youtu.be/PZku_b2fvk4[/youtube]

Senarrarekin eta alabarekin zegoen Garazi Madera. Mutrikutik (Gipuzkoa) autoz egin zuten bidaia: «Ostegunetik daramagu hemen. Lehen bi egunak turismo pixka bat egiteko aprobetxatu ditugu, eta, gaur [atzo], bete-betean biziko dugu finala. Kopa etxera eramateko ilusioarekin etorri gara. Baikor naiz». Gaur berriz autoa hartu eta arratsaldean Anoetan egoteko asmoa zuten, gizonezkoen taldeak Real Madrilen aurka jokatu behar duen partidan: «Bazkideak gara, eta han egoteko asmoa dugu, neskei ere merezitako aitorpena egiten».

Gorka Bengoetxea alabarengatik zen hara joana. «Bera futbolzalea da, eta Errenteriako Touring taldean jokatzen du. Hasieratik esan zidan etorri egin behar genuela. Bada, hementxe gaude». Alabak argi zuen: «Galdu edo irabazi, esperientzia izugarria izaten ari da».

Argazkilaritza eta Reala dira Sandra Aiala iruindarraren bi pasioak, eta atzo biez disfrutatzen ari zen. «Lehenbizi, lagunekin disfrutatuko dut giroaz, eta, ondoren, zelaian egongo naiz, argazkiak ateratzen». Realak Zubietan jokatzen duenean ia beti joaten da, argazkiak ateratzera. «Bost denboraldi daramatzat, eta izugarria da». Jokalariengan uste osoa zuen: «Oihanarekin [Aldai atezaina] hitz egin nuen, eta oso animatuak zeuden».

Zaleen artean ziren Realeko hainbat kide ohi; tartean, Maialen Zelaia jokalari ohia. «Hunkituta» zegoen. «Niretzat, hau bizi izatea ikaragarria da; are gehiago, taldekide izan nituenekin egitea». Goiza erdigunetik pasatu eta gero, eguerdian elkarrekin bazkaldu zuten. «Finalaz egon gara hitz egiten, baina ez futbol ikuspegitik, emozioen aldetik baizik». Berak onartu du zale moduan «lasaiago» bizi izan duela finala. «Zelaian egon banintz, urduriago egongo nintzen. Baina gaur dena da gozamena».

Euskal Herritik ez ezik, Bartzelonatik ere joan ziren Reala animatzera. Horietako bat zen Jose Luis Arbas. Peña Donostiarras Bartzelona zale taldeko kidea. Familiarekin zen: «Txikitatik naiz Realaren zalea. Nire adineko asko gara horrela. Realaren garairik loriatsuenak ziren. Arkonada, Zamora, Gorriz, Satrustegi... Horiekin hasi zitzaidan futbola gustatzen, eta Reala barru-barruan daramat. Sentimendu bat da niretzat. Pena da ezin dudala gertuago bizi». Ezin zuen galdu atzokoa: «Ea neskek gizonek 1987an eman ziguten poza ematen diguten». Izan ere, Aitor semea emakumezkoen taldearen zalea da batez ere. «Nik nahiago dut nesken futbola». Goizean jokalariak zelaia ikusten egon zirenean hantxe egon ziren taldeari hauspoa ematen. «Harremana dugu haietako batzuekin: Anerekin [Etxezarreta], Mariasun [Quiñones], Chini.... Oso gertukoak dira».

Nork esango zien Oscar Perez eta Carlo Claramunti Valentziaren aurkako final-zortzirenetako partida ikustera joan zirenean, atzo finalean izango zirenik. Valentziakoak (Herrialde Katalanak) dira biak, eta Realaren zaleak. Finala «zail» ikusten zuten. «Baina ez da ezinezkoa. Nahikari ondo badago, aukera dugu».

Zaleekin egon zen Jokin Aperribai presidentea, eta argi zuen zertarako zen eguna:«Gozatzeko eguna da, eta, batez ere, Reala zer den erakustekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.