Modurik krudelenean

Bilbo Basketek azken jabetzan jasotako hiruko baten erruz galdu du Obradoiroren aurka (70-69), eta asko zaildu zaio mailari eusteko aukera

Alex Mumbru. M. R. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Denboraldi hau oso gogorra izaten ari da Retabet Bilbo Basket eta haren zaleentzat. Taldea ezinean ari da, jaisteko postuetan murgilduta, eta atzo, agian, sasoi osoko kolperik krudelena jaso zuen. Irabazita, arnasa hartzeko aukera zuen, baina galdu egin zuen Obradoiroren pistan (70-69), amaitzeko bi segundo falta zirenean jasotako hiruko batengatik. Aurretik, hemezortzi punturen aldeko abantaila ere izan zuen (22. min). Zaragozak gaur Burgosen irabazten badu, Bilbo Basketek miraria beharko du mantentzeko.

Bilbo Basketek asko zuen jokoan Santiagon, eta hatz puntekin ukitu zuen saria. Partida amaitzeko hamabost segundo falta zirenean 67na zeuden, eta baloia Bilbo Basketek zuen. Redivori falta egin zioten etxekoek, hark bi jaurtiketa libreak sartu, eta Bilbo Basketek bi punturen aldea zuen bost segundo falta zirenean. Obradoirok hutsartea eskatu, eta beste zelaitik atera zuen. Hiruko jaurtiketaren bila, Albert Sabatek zortzi metrotik jaurti zuen, oso loratuta, eta asmatu egin zuen. Bilbo Basketek bi segundo izan zituen azken jaurtiketa egiteko, baina esku artean egin zioten ihes.

Amaiera gogorra izan zen, eta partidaren bilakaera ere bai. Bilbo Basketek Jaka Lakovic entrenatzaile berriak bezperan amesturiko lehen zatia egin baitzuen. Oso ondo jokatu zuen, eta 20-37 iritsi zen atsedenaldira. Bilbotarrek bederatzi hiruko sartu zituzten, eta Obradoiro lotu zuten. Aspaldiko minutu onenak izan ziren.

Bigarren zatian, baina, Obradoiro apurka gerturatuz joan zen, eta hirugarren laurdenaren amaierarako bi puntura zegoen (48-50). Etxekoek —mailari matematikoki eustea zuten jokoan— Bilbo Basket harrapatu zuten azken laurdenean, baina Lakovicen jokalariek ondo erreakzionatu zuten, berriz ere tartetxoa irekiz (63-67, 38. min). Azken jabetzetan, baina, Bilbo Basketek presioa nabaritu zuen, Obradoirok, aldiz, asko asmatu zuen erasoan. Devin Thomas izan zen Bilbo Basketeko onena: hamahiru puntu sartu, eta sei errebote hartu zituen.

Kirolbet Baskoniak eta Delteco Gipuzkoa Basketek, bestalde, gaur jokatuko dituzte ACB ligako 31. jardunaldiko partidak. Biak etxetik kanpo ariko dira, gainera. GBC Real Madril liderraren pistan (12:30), eta Baskonia Betis azken sailkatuarenean. Gasteizko taldeak irabazten badu, Bartzelona harrapatuko du bigarren postuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.