Ugo Mayor.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Laguna edo etsaia?

2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetan antioxidatzaileen onurei buruzko informazioak biderkatu dira. Hainbat jakitan topa ditzakegu molekula hauek, batez ere fruituetan eta barazkietan, baina baita fruitu lehorretan, zerealetan edo haragi mota batzuetan ere. Hiru bitaminak (A, C eta E) badute funtzio antioxidatzaile argia. Gainera, badirudi zenbait metalek (selenioa, manganesoa, kobrea eta zinka) eta beste zenbait konposatuk ere (flabonoideak, antozianinak, alizina...) badutela gaitasun hori. Bai behintzat laborategietan egindako esperimentuetan. Baina gure gorputzek ezin omen dute konposatu horien guztien gaitasun antioxidatzailea baliatu, digestioa egitean txikitu egiten baititugu, eta beste elementu batzuk bihurtu.

Jakietatik jasotzeaz gain, azkeneko urteetan pilula gisara ere eskaini zaigu antioxidatzaileen unibertsora sartzeko modua. Nahi adina konposatu aktibo kimikoz beteriko osagarriak barra-barra hartzeko aukerarekin, oxigeno erradikal askeak suntsitzeko helburuarekin. Baina E-bitaminaren eta beta-karotenoaren eragin positiboa neurtzeko egindako bi ikerketak espero zenaren kontrakoa erakutsi berri dute: minbiziari aurre egiteko gehigarri gisa hartutako antioxidatzaileek minbiziaren arriskua txikitu ez, handitu egiten dutela ikusi baitute.

Ikerketa horietan argitu berri da osagarri antioxidatzaileen kopuru handiak hartzeak minbizia gorputzean barrena zabaltzea sustatzen duela. Prozesu horren zehaztapenak ikasita, aukera zabaltzen da epe erdira prozesu horri aurre egiteko eta minbiziaren metastasia saihesteko. Baina, momentuz, irakaspen argi bat azaleratu dute: minbizia edukita batez ere, osagarri antioxidatzaileak hartzeak kaltea besterik ez du egingo. Jakietan hartzen dugun antioxidatzaileen kopuruak, ordea, ez du kalte hori egiteko gaitasunik. Beraz, jarraitu jan beharreko fruituak eta barazkiak jaten. Batez ere orain, negu garaian, hain gustura jaten diren C-bitaminaz beteriko zitrikoak eta beste hainbat barazki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.