PROPOSAMENAK

Maisu baten ondarea

Cristobal Balentziaga diseinatzaile getariarrak arrastoa utzi zuen. Haren ondarea Balentziaga museoan dago ikusgai, haren jaioterrian

Balentziagaren jantzi ugari ikus daitezke museoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziaga (Getaria, Gipuzkoa, 1895 - Xabia, Herrialde Katalanak, 1972) diseinatzaile entzutetsua izan zen XX. mendean. Coco Chanel, Christian Dior eta beste diseinatzaile batzuek maisutzat hartu zuten. Aita arrantzalea eta ama jostuna zituen, eta amarengandik zetorkion josketarako grina.

Goi mailako josketa menderatu zuen Balentziagak. Zendu zenean, hark utzitako ondare material eta immateriala erakusteko, Cristobal Balentziaga museoa ireki zuten, 2011ko ekainaren 7an hain zuzen. Diseinatzailearen 3.000 pieza inguru biltzen ditu gaur egun museoak, eta etengabe ari da handitzen bilduma.

Uda honetan, asteartetik igandera egongo da zabalik museoa; 11:00etatik 19:00etara. Sarrerak, ahal dela, Internet bidez erosi behar dira, www.cristobalbalenciagamuseoa.com webgunean, bisita egin baino 24 ordu lehenago gehienez. Sarrera arruntak hamar euro balio du. Murriztuazazpi eurokoa da, eta honako hauei dago zuzendua: 18 urtetik beheragoko gazteei, erretiratuei, ikasleei, irakasleei, langabeei eta getariarrei. Museoaren lagunak eta 12 urtetik beheragoko haurrak doan sartu ahalko dira.

Prestatuta zeuzkaten planak eta erakusketak apur bat moldatu behar izan dituzte, baina, hala ere, eskaintza oparoa dago Balentziaga museoan. Ehun teknikak lantzeko tailerra egiten dute, esaterako, hiruzpalau ordukoa.

Horrez gain, familientzako planak ere prestatu dituzte 6-12 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat, museoaz beste modu batera goza dezaten; abuztuaren 23an izango da hurrengoa. Taldeak gehienez hamar pertsonakoak izango dira, eta nahitaezkoa da aurrez izena ematea.

Moda eta ondarea.Cristobal erakusketa ere aurki dezake bisitariak, joan den otsailean ireki zena. Bost aretotan banatuta dago, eta inoiz erakutsi gabeko 80 pieza ditu. Urtarrilaren 10era arte dago ikusgai.

Bisitarako arauak

Koronabirusak sortutako egoera bereziaren ondorioz, protokolo berezi bat sortu behar izan dute, bisitarien segurtasuna bermatzeko.

Museoaren funtzionamendua eta espazioak egokitu dituzte. Bisiten ibilbideak zehaztu dituzte, taldeak ez gurutzatzeko. Txanda bakoitzean hogei pertsona joan ahal izango dira, eta ordu laurdenean behin hasiko dira bisitak. Bisitariek eskuak desinfektatu, segurtasun tartea gorde eta maskara jantzirik eraman beharko dute une oro. Azalpenak emateko audio gidak kendu dituzte, eta, horren ordez, doako aplikazio bat egokitu dute sakelakoetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.