EHZ berritua ekaineko azken asteburuan egingo dute

Baionan aurkeztu eta onartu du proiektu berria lantaldeak. Lekua ez dute atzemana, baina festibala «herri batera» eraman nahi dute
EHZren lantaldea, atzo, Baionako Zizpa gaztetxean.
EHZren lantaldea, atzo, Baionako Zizpa gaztetxean. BOB EDME / LE JOURNAL

Nora Arbelbide -

2019ko urtarrilak 13
EHZ jaialdiaren geroa bere gain hartu duen lantalde berriak proiektuaren proposamen berria aurkeztu zuen atzo, Baionako Zizpa gaztetxean; 60 inguru pertsona elkartu ziren bertan, eta gehiengoak babestu zuen proiektua. Belaunaldi berriak sortzeko «tresna» gisa definitu zuten jaialdi berriaren proiektua. Norabide berria marraztuta eta onartuta, orain, bost hilabete gelditzen zaizkie paperean jasotako hori konkretuki gauzatzeko.

Ekaitzek eta zulo ekonomikoek markatutako bi urteko trantsizioaren ondoren, 1996an jaiotako festibala eraberritu egingo da aurten, eta ekainaren 28tik 30era egingo dute. Gidaritza taldearen iritziz, aurtengo edizioak «mugarria» izan behar du. Eta datozen bost hilabeteetan Ipar Euskal Herriko gazteria «ukitu» nahi dute, «eskualdez eskualde, eragilez eragile eta ikastetxez ikastetxe».

Oraino badute zer zehaztu. Atzoko bilkuran hasi ziren lantaldeak antolatzen, gaiak eta egituraketa zehaztuz joateko. Aurrekontua ez da oraino arras definitua, ez eta lekua atzemana. Halere, proiektu berria «herri batera» ekartzeko parioa egin nahi dute, herriak eskainitako guneak erabiliz.

Gidaritza taldearen proiektuak dioenez, EHZk «borroka eremua indartuko duen tresna izan behar du eragile eta elkarte ezberdinetan ari diren gazteentzat». EHZren «eskaintza politikoa gazte eta herri mugimenduen beharren araberakoa» izatea nahi dute. Argi utzi dutenez, «EHZk ez du zama izan behar».

EHZk bultzatu beharreko kultur ereduari dagokionez, «hegemonikoa den kulturaz besteko proposamenak» aintzat hartu eta haiei bultzada emateko asmoekin daude. Gazteek, bereziki, «bertako kultura herrikoiaren aldeko apustua» egin nahi dute, «proiektuaren balioekin bat egiten duten artistak lehenetsiz».

Zubiak eraikitzen

EHZko kultur eskaintza «proiektuaren parte izan nahi duten artistekin elkarlanean» osatuko dela esplikatu dute sustatzaileek, eta kultur eskaintzaren eta eduki politikoaren artean «zubiak» eraikitzen saiatuko direla. Kontzertuak publikoa «eduki politikora eta kultur eskaintza alternatibora hurbiltzeko pizgarri gisa» ikusten dituzte.

Jaialdiaren lehen egunean «ilusioa transmititzea» eta kontzertuak antolatzea aurreikusten dute. Bigarrenean, larunbatarekin, goizetik, tailerrak, «eduki politikoa lantzeko», eta kultur eskaintzak; gauean, berriz, ekitaldia eta berriz ere kontzertuak. Eta iganderako herri bazkaria pentsatua dute, familiak erakartzeko asmoz, belaunaldien arteko nahasketa bultzatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna