Espedizioaren bigarren itzulia

Iazko arrakastaren ondoren, bigarren aldiz egingo dute Euskarabentura, uztailean. 120 gaztek eta 30 laguntzailek Euskal Herria zeharkatuko dute, Mauletik Getxora. Zabalik dago izen ematea.

Espediziokide gazte batzuk, Getxoko amaiera ekitaldian. JUNE PRIETO / FOKU.
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Dozenaka gazte, kamiseta berdina soinean, hilabetez Euskal Herria aldez alde zeharkatzen, soka berari helduta: euskarak elkartu zituen, eta euskarak eraman zazpi lurraldeetan barna ibiltzera. «Ametsa» zen hasieran, errealitatea baino gehiago, baina, egin, egin zuten. Joan den uztailean, 100 lagunek baino gehiagok 783 kilometroko espedizioa osatu zuten. Aurten, berriro egingo dute Euskarabentura, eta izen ematea zabaldu dute dagoeneko.

«Errealistak ginen, eta bagenekien %100ean jende guztiak orduero hitz guztiak ez zituela euskaraz egingo, baina hori zen helburua, eta, hein oso handi batean, lortu genuen». Ane de la Presa antolatzaileak iazko edizioaren balorazio positiboa egin du. Euskaraz aritzea da egitasmoaren bultzatzaileen asmo nagusia, baina badakite gazteek lortu nahi dutena lotuago dagoela bizipenekin. 16 eta 17 urteko gazteek elkarrekin pasatzen dute hilabete, eta Euskarabentura bizipen oso bat da haientzat, Euskal Herri osoko adinkideekin harremanak sortu eta lekuak ezagutzeko.

16 urte ditu Asteasuko Iñaki Mujikak (Gipuzkoa), eta espedizio kidea izan zen iaz. Lagun asko egin zituen bidean, leku berriak ezagutzearekin batera: «Uste dut nire bizitzako esperientziarik onena izan dela». Bidean abiatu ziren 110 gazteetako bat da Mujika; aurten, 120k izango dute hark bizitako esperientzia bizitzeko aukera. Antolatzaileek «zuhur» jokatu zuten iaz, aurrekontu osoa ez baitzuten ziurtatu irten baino lehen: «Erabaki genuen gure neurriz kanpoko ezer ez egitea». Orain, lehen aldiaren arrakastaren ondoren, «beste eskarmentu batekin» helduko diete helburuei.

Egitasmoaren atzeko filosofia bere horretan mantenduko da, baina iaz hain presente egon ez ziren zeharkako balio positibo batzuk ere nabarmendu nahi dituzte: inguruarekiko errespetua, berdintasuna, turismo arduratsua eta elkarbizitza, besteak beste. Euskaraz aritzea izan zen iazko xede nagusia, eta gustura egoteko moduko emaitza eduki zutela uste dute antolatzaile zein parte hartzaileek. «Euskaraz hitz egitea zen garrantzitsuena, eta jendea saiatzen zen hala egiten. Batzuei gehiago kostatzen zitzaien arren, euskaraz bukatu genuen denok», esan du Mujikak. Euskaraz egiteko ohitura zuten gazte batzuek, eta inguru erdaldunagoa besteek, baina, oro har, «kontzientzia hartzen» lagundu zien Euskarabenturak, De la Presaren ustean: «Konturatu dira hizkuntzaren garrantziaz, eta gaur egun dagoen egoeraz, eta hasi dira beren inguruak aktibatzen. Aurretik euskararekin hain harreman estua ez zeukatenek lortu dute hobetzea, hilabete batek ematen duen neurrian, euskaraz bizi daitekeela jabetzea. Sorpresa politak hartu ditugu».

Bide beretik jarraituko du proiektuak, eta ibilbide berdintsua izango du espedizioak ere: Maulen hasiko da, eta Getxon (Bizkaia) amaituko. Etapetan aldaketa txikiren bat egongo da, hasierako herrietan, eta agian etapa berriren bat ere sortuko dute, iaz geratu ez ziren herriren batean geratzeko. Iazko esperientzia «biziaren» ondoren, proiektua «egonkortu» egin nahi dute. Asteasukoa izanda, Pasaiatik (Gipuzkoa) Donostiara egindako bideak harritu zuen gehien Mujika, gertu samarrekoa izanik ere sekula ez zelako han ibili aurrez.

Izen ematea, zabalik

Aurtengo espediziorako matrikula zabalik dago Euskarabenturaren webgunean; martxoaren 10ean bukatuko da izena emateko epea. Apirilaren erdialdean argitaratuko dute 16-17 urte arteko gazteen espedizio taldea. Gainera, gazteez gain, espedizioko lantalde guztia ari dira osatzen: begiraleak, erizainak, medikuak, materialen arduradunak, eta beste. Horien inguruko informazio guztia ere webgunean argitaratuko dute.

Parte hartzaileek ez dute izena emateko tasarik ordaindu behar, baina beste mota bateko ordaina eskatzen diete antolatzaileek: «Esfortzua eta denbora, mimoz egindako lan bat bidaltzeko». Alde batetik, motibazio gutun bat egin behar dute beren burua aurkezteko. Mujikak gogoan du bidaiatzeko duen zaletasunaren inguruan aritu zela berean.

Banakako sormen lan bat ere egin behar dute. Hiru gai zabal daude: Errimak eta erritmoak; Joan-etorriak: migrazioen testigantzak; eta Maite ditut, maite. Bakarra aukeratu behar dute gazteek, baina sei motatan landu dezakete. «Badakigu inteligentzia mota asko daudela, eta mota guztietako jendea nahi dugu, ez bakarrik ondo idazten duena». Egin daiteke lan literarioa, ikus-entzunezkoa, plastikoa, musikala edo sormen digitalekoa. Azkena Puntueus fundazioaren proposamena izan zen, webguneak, telefonoetarako aplikazioak eta bideo jokoak egiten trebeak diren gazteei aukera emateko halako formatu batean ere lan egiteko. Mujikak musikatik jo zuen iaz, eta Pello Errotaren bertso bati musika jarri zion.

Nork bere sormenari eragin ostean, uztailean, 120 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute. Harremanak euskaraz eginda, Euskarabenturak iaztik hona josi duen soka luzera batuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.