Laborantza

Diru eske, etxaldeak bizitzeko

Etxaldeen hustea geldiarazteko lanean ari da EHLG, horretarako hogeigarren langilea hartu berri du. Lohitzüne-Oihergiko transmisioa ekarri du bere lanaren adibide gisa

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren laguntzarekin, etxaldearen segida ziurtatu dute Lohitzüne-Oihergiko Xemiategian. BERRIA.
Ainize Madariaga
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Guretzat, ez zen inporta izan zedin edozein mozkin, gure etxaldean norbait plantatzen zen ber», erran du Jean-Bernard Poxelu laborari ohiak. Lohitzüne-Oihergiko (Zuberoa) Xemiategia ez du hutsak hartuko, bi laborari gaztek baino. Lerro bakarrean aise izkiriatzen da: etxaldearen transmisioa. Gauzatzea, ordea, bertzerik da; euskal baserriak laborariz husten ari baitira: «Transmisioa gai konplikatua da, sentibera. Gaia landu ezean, oraindik gehiago hustuko dira etxaldeak», argitu du Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) koordinatzaile orokorrak.

Arazoa jorratzeko, bertzeak bertze, kafe-instalazio hitzorduak antolatzen ditu EHLGk, hain zuzen ere, segidarik gabeko etxaldeetan lurrik gabeko laborariak ezar daitezen.

Preseski, EHLGk aurten ere abiatu duen diru-bilketa kanpaina aurkezteko, «prentsaurreko klasikoa» egin ordez, nahiago izan du landu duen egiazko kasu bat aurkeztu: segidarik gabeko etxalde batek etxetik kanpoko laboraria atzeman baitu baserriaren bizia bermatuz. Haatik, EHLG «ez litzateke gai» daraman lan zamaren asumitzeko, kanpoko laguntzarik gabe. Horretarako diru emaileek parte har dezaten dei egiten du, azaroaren 10a arte, hain zuen ere, Lurrama abiatuko den egunera arte.

Segida segurua

Gaiaren garrantziaren salatari, EHLGk hogeigarren langilea hartu berri du bereziki transmisioa lantzeko. Ipar Euskal Herrian, instalazio kopuruak Frantziakoak baino «anitzez hobeak» badira ere, etxaldeak husten ari dira. Izan ere, baserria segidarik gabe gelditzen delarik, usu lehen bi auzoen artean partekatzen baitituzte bere lurrak: etxaldeari bizia kenduz. Hala, «helburua dugu huste hori gelditzea».

Julen Perez gazteak hartuko du Poxeluren etxaldearen segida: «Gabadin antolatu zen kafe-instalazioan Xantalekin [Poxelu] gertatu ginen 2017an. Harreman bat sortzea zen helburua: uzteko prest zenaren eta hartzeko prest zenaren artean. Hortik egun batzuetara, Lohitzüne-Oihergira joan ginen, eta berehala tratu izugarri ona ukan genuen». Sabrina Larzabal laborari kidearekin batera altxatzen ari da Gaec Betiaintzina enpresa, zeinean kriaxera arrazako ahateak hazi, hil, transformatu eta zuzenean saltzen baitituzte. Baztertu gabe kabalen elikadura ere beraiek dutela ekoizten, zazpi hektarea pentzeetan: ahateak galkatzeko laboreak, bertzeak bertze, soja, artoa eta baba. Horiek oro, Poxelu bikoteak utzi berri dien etxaldean: Xemaitegin.

Lau mendez belaunaldiz belaunaldi odol bereko jendeak iraunarazi duen baserriak askazia berria ezagutu du: «Halako zer bat egiten du, bistan dena! Baina gure etxaldea behar zen biziarazi. Behar da aski gogoan hartu, eta atxiki. Kontent gara ikusiz esku onetan uzten dugula, gazte horiek zeinen serioak diren», baieztatu du Poxeluk.

Horretara heltzeko, urte bat eta erdiko lan burokratikoa egin behar izan dute, EHLG lagun. «Gure laguntza ekartzen dugu instalazio prozesuetako transmisio lanetan, enpresa muntatzen eta inbertsiorako diru laguntzak eskuratzeko behar direnak egiten», erantsi du Elosegik. Ez baita ibilbide erraza izan Perez eta Larzabalena, hastapenean bankuak ez baitzien proiektua onartu. Hala, EHLGri esker, txostena berrikusi, eta 100.000 euroz apaldu dute aitzinkontua, material berria erosteko partez, bigarren eskukoa proposatuz: «Ez Sabrina, ez eta nihaur ere ez garenez laborari-ondorengo, ez dira proiektuaz fida», xehatu du Perezek. Ororen buru, 2019ko hastapenetan instalatu ahal izan dira, bankuen baia ukan eta.

Poxelu senar-emazteek hamabost hektarea lur, etxea eta eraikinak zituzten. Oraingoz, lurrak alokatzen dituzte, Lurzaindia elkarteak bi urteren buruan erosteko artean. Hala gertatuko delarik, Perez eta Larzabalek Lurzaindiari alokatuko lizkiokete. Etxea Perez eta emazteak erosi dute: «Ni naizenez kabalez arduratzen, begi bistakoa zen bertan egon nendin». Larzabal lankideak, berriz, administrazioaren, transformazioaren eta salmentaren ardurak ditu. Jabeekin adostu dute etxaldeko eraikinak bortz urteren buruan erosiko dizkietela, «enpresa pikoan ezartzeko artean».

Etxaldearen barneek ez dute lehengokoekin zerikusirik: ardi esnedunetarako prestatuak baitziren. Orain, aldiz, ahate hazkuntzari begirako egokitzapenak egin dituzte, hala nola laborategia muntatu dute, ahateak hil, pikatu eta transformatzeko. Paitak galkatzeko ere gela berezia antolatu dute. Txitak egun batzuk dituztelarik hartzen dituzte, hortik aitzina prozesu osoa Perez eta Larzabalen esku da. Kontserbak, haragi freskoa edo airerik gabe paketatua eskaintzen diote bezeroari, Donapaleuko merkatuan salduz, etxetik beretik edo tokiko mozkinak saltzen dituzten dendetan.

Idoki Euskal Herriko etxe ekoizleen elkarteko kide dira, hala, kalitate eskakizun guziak errespetatzen dituzte: «Kontsumitzaileari mozkin garbia helarazi nahi nion: zero kimika. EHLGrekin elkarlana naturalki egin da, sekulako xantza dugu hor dugula laguntzeko prest», gehitu du Perezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.