Literatura

Ulergarri bihurtzea suntsipen modu bat da

Zoli izeneko protagonistaren bitartez, romen komunitateak Bigarren Mundu Gerraren aurreko, bitarteko eta osteko urteetan jasandako jazarpena azaltzen du Colum McCann idazle dublindarrak 'Zoli' (2006) eleberrian.

Colum McCann idazlea (Dublin, 1965), artxiboko irudi batean. BRENDAN BOURKE / EFE.
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Sei urte zituela geratu zen Zoli umezurtz. Herrian ziren aitona eta bera, hlinka guardiek kanpalekuan zeuden guztiak, haur zein heldu, izozturiko laku batera gidatu zituztenean. Bertan egotera behartu zituzten izotza urtu arte. Lakuko urek dena irentsi zuten: pertsonak, karabanak, animaliak. 1930eko hamarkada hasiera zen, eta nazismoaren eragina nabaria zen Txekoslovakia ohian. Udaberri hasiera hartan, Zoli eta bere aitona errepideari lotu zitzaizkion, lehen aldiz beren kabuz, bidean beste kumpanija edo talde bat aurkituko zuten itxaropenarekin.

Karabana berean bizi izan ziren urte haietan ohartu zen Zoli aitona ez zela gainerako gizonen modukoa. Irakurtzen eta idazten zekien, eta Marx delako batek idatzitako liburua eraman ohi zuen arropen azpian ezkutaturik. Marxen lagunek aldaketa ekarriko zutela esaten zion aitonak, beren jendearentzat ona izango zen aldaketa, edozein unetan erasoak jasateko beldurra betiko uxatuko zuena. Garai hartan Marx delakoa gadzo bat besterik ez zen Zolirentzat, hots, ez zen roma, haiek bezala, eta aitonaren zaletasunak beren jendearen bizimoduaren kontra zihoazen. Hala ere, bere jakin-mina pizten zuten paperean zirriborraturiko zeinu misteriotsu haiek. Agian bere patua zen debekaturiko jarduerak ikastea, bere kabuz lehenik, eta eskolan gero, hilabete batzuez. Aitonak esaten zion ahaide nagusiek salbuespenak egin izan dituztela, komenigarria baita komunitatearen eta kanpotarren artean interprete lanak egingo dituen norbait izatea. Zoli izan zitekeen pertsona hori.

Egiazki, Colum McCannen (Dublin, Irlanda, 1965) Zoli (2006) nobelako protagonista arras estimatua da romen artean, abeslari fina denez komunitatearen ohituren eta jakintzaren jagole delako. Gazteak ez du nahikoa abesti zaharrak kantatzearekin, ordea; bereak konposatu nahi ditu, bere jendearen eguneroko esperientzietatik abiatuta. Baina tentuz ibili behar du bere jendea arriskuan jarri nahi ez badu. Romen kontrako jazarpenak okerrera egin du gerra aurreko urteetan. Sarekadak maiztasun handiagoz gertatzen dira, eta atxilotzen dituzten romak lan esparruetara zein, urte batzuk geroago jakin ahal izango dutenez, labeetara eramaten dituzte.

Zolik 16 urte dituela amaitzen da gerra. Sobietar tropen etorrera ospatzen dute gadzo-ek, eta denbora batez romek ere bere egiten dute herrialdean arnas daitekeen baikortasuna. Izan ere, lurraldearen arima berregiteko asmoaren barruan, 1948an ezarritako gobernu komunistak roma jendea babesteko urratsak egiten ditu. Halako batean, Zoli kamarada roma jendearen ordezkari rolean suertatuko da. Aro berriak behar duen poesia Zolik sor dezakeela uste dute Martin Stranskik, erregimeneko poeta gorenak, eta bere laguntzaile Swannek, sozialismoak erakarrita Bratislavara heldutako eta jatorri eslovakiarra duen irlandar ezkertiarrak; hala, orain arte idatzitakoa argitaratzera zein bere jendeak mendeetan abestu dituen kantuak grabatzera animatzen dute. Transgresio barkaezina litzateke hori Zoliren jendearentzat, baina, Stranskiren aburuz, roma kultura munduari eskaintzea beste biderik ez da haren iraupena ziurtatzeko.

Ulergarri bihurtzea suntsipenari ateak irekitzeko modua izan daiteke, ordea. Roma jendearen bizi baldintzak hobetu nahian, gobernuak beren karabanei su ematen die, batetik bestera ibil ez daitezen, eta babes ofizialeko etxe-blokeetan bizitzen jartzen dituzte. Hemendik aurrera estatuak zainduko dituela esaten diete, ondo zaindu ere: errazagoa da geldirik dagoena kontrolatzea, etengabe mugimenduan dagoena baino. Zolik iritziz aldatzen du bere poemak argitaratzearen inguruan, baina ordurako beranduegi da. «Boterearen argudioei saldu diet nire ahotsa», pentsatzen du, eta botereak ondo erabili du hura.

Herri jazarria

Europan jazarpen handiena jasan duen komunitate gutxituetako bat da romena. Haietatik milioi erdi hil zituzten nazien aginte garaian, eta Europa ekialdean nagusitu ziren erregimen komunisten pean asimilatzera behartu zituzten. Hala ere, oztopoak oztopo, zenbait romek beren ohiturei eusten diete, gadzo-ek beraiez zer pentsatzen duten ezaxola. «Monumenturik ez dute, ezta ereserkirik edo liburu sakraturik ere», azaltzen du Isabel Fonsecak Bury Me Standing: The Gypsies and Their Journey (Ehortz nazazu zutunik: ijitoak eta beren ibilbidea, 1995) liburuan. Beren nortasuna iragan historiko loriatsu bati lotu beharrean, komunitateari leial izateko nahiak mantentzen ditu elkartuta.

Leialtasun hori arriskuan jarri izana leporatzen diote, hain zuzen, Zoliri, eta bizi osorako kutsadura-ra kondenatzen dute. Erbestera, alegia. Erruduntasunak eta lotsak bultzatuta, Txekoslovakiatik Austriara eta handik Italiara jotzen du protagonistak. Ez da bidaia erraza, baina bere jendeari eragindako sufrimenduaren ordain moduan bizi du berak.

Nobela amaieran, azken hiru hamarkadak Alpeen inguruko herrixka batean igaro ditu Zolik, eta Pariserako bidean da, han bizi den alaba bisitatzeko asmoz. Liburua, berez, protagonistak azken horri kontatzen dion historia da. Paradoxikoki, alabak Frantzian bizi diren roma eta beste gutxiengo taldeak babesteko gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten du. Zolik ulertzen du alabaren borondate ona, baina estatu neoliberalak asmaturiko multikulturalismoaren kontzeptuak mesfidantza pizten dio. Izan ere, ez dira faxistak eta burokrata komunistak romen askatasunari mehatxu egiten dioten bakarrak; Herbert Marcusek tolerantzia jazarlea deituriko hori ere —bestea ikertu eta idealizatzeko joera— arriskutsua da. Zolik esaten duen bezala, «miresmena soka bat baino hauskorragoa da», baita itogarriagoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.