Ondarea

PUZZLEKO PIEZA GUZTIEN BILA

Iragana ezagutzeko bide dira aurkikuntza arkeologikoak. Ezustean egin izan dira zenbait; ikerketa programa baten barruan beste batzuk; eta azterketa lan sakona ekarri ohi dute guztiek. Handi ala txiki, denek dute balioa iragan garaiak hobeto ulertzen laguntzeko, pieza txikiena ere beharrezkoa baita puzzlea guztiz osatzeko.

BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Irudi batekin esplikatu du arkeologia lana Jesus Tapiak: puzzle bat osatzearekin. Eraikin bat ageri da lehen planoan, eta zati horretako piezek xehetasun ugari biltzen dituzte. Zerua eta hodeiak ere badira gainean, ez hain ikusgarriak itxuraz. «Baina pieza horiek gabe ezin duzu puzzlea guztiz osatu», ohartarazi du Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurreko Saileko zuzendariak. Handiak zein txikiak, ikusgarriagoak nahiz apalagoak, puzzlearen pieza guztiak bilatzea da nolabait arkeologoen lana, baita haiek babestea, horien testuingurua aztertzea, eta aurrera egiteko galdera berriak proposatzea ere, iraganaren argazki osoa lortze aldera. «Aztarnategi txiki bat ez da Ekain edo Ponpeia izango, baina denak behar dira puzzlea osatzeko». Arkeologoen jarduna azaldu diote BERRIAri Tapiak, Mertxe Urteagak eta Diego Garatek; nork bere arlotik, aurkikuntzen nondik norakoen inguruko hainbat gako eman dituzte.

Ikusi gehiagoLurpeko mundua ikertzen adituak direnen ekarpena

Lurra brotxa batekin miatzen eta lurpetik zerbait ateratzen irudikatzen du jende gehienak arkeologoa, Tapiaren ustez. Baina irudi hori ez da guztiz erreala. «Arkeologian aurrerapenak ez dira mendian egiten. Badirudi aurkikuntza bat egitea dela zerbait induskatzea, lurpetik ateratzea, baina hori ez da arkeologia, hori pauso bat baino ez da. Aurkikuntza batzuk hala egiten dira, baina etekin handiena normalean gero ateratzen zaio, laborategiko lana egitean, azterketa hastean». Urteagak ere indusketez haragoko lana nabarmendu du. «Posible da geruzak altxatzen oso trebea izatea, baina arkeologoen lana batez ere hasten da folio zuriaren edota ordenagailuaren pantailaren aurrean. Hor dago lana». Indusketaren aurreko eta osteko lanean jarri du arreta. «Metodologikoki oso inportantea da indusketa arkeologikoak ondo egitea, baina askoz ere inportanteagoa da jasotakoaren dokumentazioa egitea, ez dagoelako atzera bueltarik».

Hain zuzen, Tapiaren hitzetan, «indusketa bat da nolabaiteko suntsiketa kontrolatu bat, non gaurko metodoekin eta gaurko galderei begira administrazioaren baimen bat lortzen duzun aztarnategi baten zati bat hondatzeko, baldintza kontrolatuetan. Beraz, nahiz eta erabiliko ez duzun informazioa izan, ahalik eta gehien jaso behar duzu, atzetik etorriko direnentzat zer edo zer erabilgarria uzteko». Arkeologoak bere jarduna arrazoitu egin behar duela azaldu du, eta administrazioak, ondarea kudeatu. «Administrazioaren aurrean arrazoitu behar da zergatik orain, zergatik hor, eta zergatik zuk». Urteagak ere horretan egin du azpimarra: «Lehen helburua ezagutza da, ez indusketa bera egitea». Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare zerbitzuan egiten du lan gaur egun, eta legeak zehaztutako baldintzak betetzeaz arduratzen dira haren sailean.

Ezusteko aurkikuntzak

Administrazioak kudeatzen ditu ondareari lotutako aurkikuntzak eta gainerako alorrak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Euskal Kultura Ondarearen Legea (2019) dago indarrean —gero aldundiek beren araudiak ere badituzte—; Nafarroan 2005eko Foru Legea, Nafarroako kultur ondareari buruzkoa; eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, Sorkuntza askatasunaren, Arkitekturaren eta Ondarearen Frantziako Legea, 2016koa. Legeen artean badira desberdintasunak; esanguratsuenen artean, lurrazpiko lurraldea publikoa dela Hego Euskal Herrian, eta pribatua Ipar Euskal Herrian.

Edonola ere, ustekabeko aurkikuntzen kasuan antzekoa da prozedura. Arkeologoek azaldu dute ezustean zerbait aurkitzen duenak administrazioari abisu eman behar diola. Urteaga: «Berria jasotzerakoan, gure lehen erantzuna izaten da hori egiaztatzea, tokira joanez normalean, eta, gero, beharrezkoa ikusten badugu, aditu batengana jotzen dugu». Objektu bat izan liteke aurkitutakoa, eta, halakoetan, Gordailura eramatea da lehen urratsa Gipuzkoan, eta, gero, testuingurua osatzea. «Esku hartze arkeologiko bat gauzatu behar bada, agindu bat eman, eta, hori egiteko, norbaitekin harremanetan jartzen gara». Gauza bera aurkitutakoa egitura bat bada. Obra publiko bat egitean ager daitezke aztarnak, esaterako, edo partikular batek zerbait topa dezake. Tapiak azaldu du Aranzadira maiz joan izan direla zerbait aurkitu uste izan duten herritarrak, eta azaldu izan dietela zein den prozedura halakoetan. Besteak beste, komeni dela ahal denean gauzak bere tokian uztea, testuinguruari buruzko datuak ez galtzeko.

Maiz, arkeologian eskarmentu handia duten baina titulatuak ez diren hainbat talderen eskutik heltzen dira aurkikuntzak. Gipuzkoan, Antxieta eta Munibe taldeak dira aktiboenetako bi, eta, Urteagaren hitzetan, «egiten dituzten aurkikuntzak erabat bideratuta, normalizatuta daude». Badakite nola jardun eta zer informazio bildu. Espeleologia taldeak ere ugariak dira Euskal Herrian, eta haiek ere egin dute aurkikuntza esanguratsurik. Legeak, baina, argi dio une batetik aurrera gai horretan adituak diren profesionalek baino ezin dituztela ikerketak egin. Urteaga: «Labar artean, adibidez, ikerketak nahiko bideratuta daude; miaketak egiten dituztenak ez dira edozein. Hasteko puntu bat badute, badakite zer egin behar duten, eta zerbait topatzean berehala bidaltzen dute informazioa. Jaso bezain pronto, dakitenekin harremanetan jartzen gara, eta berehala bidaltzen dugu espezialista bat, zer den ziurtatzeko». Tapiak ere estimatzen du halako taldeek «denbora oso luzean egindako lan guztia», megalitoen aurkikuntzetan, esaterako, «boluntarismoak pisu handia» izan duela adibidetzat jarrita, eta gehitu du puntu batetik aurrera, legez, aplikatu beharreko teknikak adituen ardura direla. Urteagaren hitzetan, posible da gune batean aurkitutako informazioa ondo jasotzea, hori nola egiten den jakinez gero, baina «beste kontu bat da» informazio hori prozesatzea. «Europan esaten da arkeologia historia dela, edo ez dela ezer, eta, horretarako, jakin egin behar duzu, formakuntza bat eduki behar duzu; datuak prozesatu egin behar dituzu, hori egin gabe uzten baduzu ez dutelako ezertarako balio».

Aurrera, elkarlanaren bidez

«Talde afizionatu batzuek eskarmentu handia dute, eta prospekzio oso finak egiten dituzte», Diego Garateren hitzetan. Labar artean aditua, Kantabriako Unibertsitatean (Espainia) ikertzaile dabil egun, eta harreman estua du espeleologoekin. Azken bi hamarkadetan, labar arteari lotuta aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu bere taldearekin, eta argituz joan da euskal hutsunea deitu izan dena. «Duela hogei urte, labar artea zuten hamar kobazulo baino gutxiago genituen Hego Euskal Herrian; Ekain eta Altxerri Gipuzkoan, Santimamiñe Bizkaian, handi eta ospetsuak, eta beste hiruzpalau». Aldiz, inguruan labar artean aberatsak ziren eremuak zeuden; Kantabrian eta Asturiasen (Espainia) 50etik gora leize zeuden, eta Pirinioetan eta Dordoinan (Frantzia) ere ugari. «Orduan, galdera zen zergatik Hego Euskal Herrian ez zeuden hainbeste, kontuan izanik hiru polo horien erdian dagoela. Eta pentsatu genuen agian ez genuela ondo begiratu». Aspalditik ezagunak ziren kobak berriro aztertzeari ekin zioten, «ondo begiratzen, ondo bilatzen...». Eta labar artea aurkitzen hasi ziren: Askondon (Mañaria, Bizkaia), Lumentxan (Lekeitio, Bizkaia), Aitzbitarten (Errenteria, Gipuzkoa), Atxurran (Berriatua, Bizkaia)...

Berriz miatutako kobazulo horiek guztiak aspalditik ziren ezagunak; Joxe Migel Barandiaranek eta beste hainbat adituk aztertuak zituzten lehenago ere. Zergatik ez zen, bada, labar arterik ordura arte agertu? Tapiaren ustez, aurretik izen handiko adituek gune horiek arakatu izanak izan du pisua han besterik ez zela agertuko pentsatzeko, eta Garateren galderan zein begirada aldaketan ikusten du gakoa. «[Telesforo] Aranzadik esaten zuen begiek soilik ikusten dutela bilatzen dutena, eta bilatzen dutela soilik ezagutzen dutena». Ikerketaren planteamendua da, beraz, gako nagusia harentzat.

Bat dator Garate, baina arrazoi gehiago ere aipatu ditu. «Batetik, teknologia asko aldatu da. Argiztatzeko orduan zituzten tresnak oso kaxkarrak ziren, eta egun beste baliabide batzuk ditugu, esaterako, LED argiak, kamera digitalak, filtroak...». Espezializazioan dago, haren ustez, beste gako bat. «Barandiaran ez zen labar artean espezialista, jeneralista zen, eta denetarik egiten zuen. Gaur egun jada ez daude halako ikertzaileak; arkeologia oso espezializatuta dago». Labar artedun leize asko ikusi ditu berak, eta beste bat miatzean, buruan duen irudi artxiboa lanean hasten zaio horregatik.

Hirugarren arrazoia, Garateren iritziz, ikerketa taldeak egun diziplinartekoak izatean datza, eta, bereziki, horietan espeleologoak sartzean. «Kobazulo guztiak berrikusten hasi ginenean, jabetu ginen guk ezin genuela lan hori guztia gure bizkar hartu. Denbora librean egiten nuen hori, Bizkaiko Arkeologia Museoan lan egiten bainuen, eta pentsatu genuen: nortzuk egoten dira kobetan asteburuero? Espeleologoak». Haiekin harremanetan jarri, eta formakuntza saio batzuk egin zituzten. «Haiek ez dira labar artea bilatzera sartzen; beste xede batzuk dituzte. Inportantea zen azaltzea, batetik, kultur ondare hori hor zegoela, eta haiek agente bat izan zitezkeela proiektuetan, miaketetan, eta, bestetik, kontuz ibili beharra zegoela, oso ondare hauskorra delako». Nola jardun azaldu zieten, eta, ondotik, aurkikuntza ugari iritsi ziren. Garate: «Hogei urteotan ia laukoiztu egin da labar artea duten kobazuloen kopurua Hego Euskal Herrian, eta ziur Ipar Euskal Herrian ere gehiago azalduko direla».

Espeleologoei artea identifikatzeko ez ezik, jarduteko irizpideak azaltzea ere beharrezkotzat jo zuten; ezer ez ukitzea, zerbait ikusiz gero argazkiak atera eta leizetik berehala ateratzea, planoan lekua zehaztea, eta administrazioa abisatzea. «Haiek kobazulo gehienak betidanik ezagutzen zituzten, baina ez zuten begirada ezberdin hori; betaurreko berezi batzuk jarri behar dira grabatuak ikusteko, dena ez baita Ekain bezalakoa, edonork ikusteko moduko zaldi ikusgarri horiekin». Espeleologoak ikertaldeetan sartzea eta haiek parte sentitzea ere garrantzitsutzat dauka. «Talde askorekin dugu harremana, eta estuak izaten dira gehienetan; gure taldeetan integratzen ditugu. Haiek dira adituak kobazulo barruan mugitzen, eta hormak begiratzen, gu; haiek dira hankak, eta gu begiak, eta elkarlan hori ez balego, hankak galduko genituzke».

Ondarea zaindu eta zabaldu

Dokumenturik ez dagoenez, Historiaurrea aztertzeko tresna ia bakarra da arkeologia. Ordea, beste aro historiko batzuetara zabaldu du haren itua Urteagak, eta, halakoetan, nabarmendu du aurretiazko ikerketa abiapuntu garrantzitsua dela maiz dokumentala aurkikuntzetarako. Adibidez, hiribilduen ezagutzaren kasuan. «Ikerketak egin ondotik jakin zen Erdi Aroan sortutako eremuak zirela, eta horretarako lehen pausoa izan zen artxiboetan ikertzea, hiribilduen eremua mugatzeko». Dokumentuetan jasotako informazioa bilduz jakin zuten harresiak nondik igarotzen ziren, baita gune urbanoak zein ziren ere. «Dokumentazioa izan zen harresiak topatzeko lehen urratsa. Eta, hurrengoa, hara joan eta ikustea ea arrastoak zeuden». Hala mugatu ahal izan zituzten Gipuzkoako hiribilduak, baita babestu ere.

Beste adibide bat ere jarri du Urteagak, aurretiazko lanen garrantziaren adibide gisara. «Oiasson, Irunen, erromatarren garaiko portua azaldu zen, topografia arkeologiko bat egin ondoren. Topografia arkeologiko bat da informazio dokumental guztia jasotzea. Plano bat osatzen da, eta bertan adierazten da zein diren aztarna arkeologikoak egon litezkeen eremuak». Hala planteatu zen erromatarren hiri hark portua zuela, baita non azal zitekeen ere. Urte batzuetara, obra bat egiteko asmoa zegoela eta, Irungo Udalera jo zuten arkeologoek, zundaketak egiteko eskatzeko. Eta horrela agertu zen Oiassoko portua zena.

Erantzun gabeko galdera ugari daude oraindik iraganeko garaiei buruz. Galderak egiten, ikertzen, eta erantzunak topatu ahala galdera berri eta zehatzagoak proposatzen dituzte arkeologoek, hutsuneak betetzeko. Pieza guztiak behar dituzte horretarako, handi zein txikiak. «Esku artean duzuna ondo interpretatzeko, panorama osoa ezagutu behar duzu», Tapiaren esanetan, eta «puzzle horretan zeruak ere axola du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.