PROPOSAMENAK

Saien begiradapean

Irunberrikoa eta Arbaiungoa dira Nafarroako arroila ikusgarrienetakoak. Naturaz gozatzeko eta hegaztiak ikusteko aukera ematen dute

Arbaiungo arroila da Nafarroako handiena eta ikusgarriena. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Sai arreak dabiltza zeruan bueltaka, ingurua zaintzen. Horien azpian, Irati ibaiaren ur gardenek zizelkatutako pasabide meharra, haitz zorrotzen artean. Irunberriko arroila da. Nafarroako natur erreserba ederrenetako bat.

Irati errekak kareharrian hondeatutako haitzartea da Irunberriko arroila, Leire mendiaren mendebaldeko muturrean, Nafarroako Pirinioen oinetan. Herrialdeko mendi zintzurrik ikusgarrienetakoa da, Irati ibaiak milioika urtean landutako paisaia. Gaur egun ere, errekak hordihardu egunez egun bere arrastoa uzten. Natur erreserba da 1987. urtetik.

Orografia malkartsuari esker, Irunberriko arroila bakartuta egon da hainbat mendez, eta horrek eragin zuzena izan du inguruko floran eta faunan: bere horretan iraun dute, adibidez, arroilako horma gorrixketatik zintzilik dauden landare eta zuhaixka espezieek; bestalde, hegazti harrapari handiek ere haitzen gainaldean egin dute habia. Azerien, basurdeen, azkonarren eta sai zurien babesleku da arroila. Landareei dagokienez, berriz, era askotako zuhaixkak hazten dira kareharrizko hormetako arrailetan: ezkaia, izpilikua eta elorri triska, besteak beste. Arroilaren sarreran eta irteeran, berriz, badira makalak, sahatsak eta lizarrak.

Pasieran ibiltzeko aukera ere eskaintzen du inguruak. Beste mendi zintzur batzuk ez bezala, Irunberrikoa aise egin daiteke oinez, harkaitzen oinean doan bide zabal batetik. Guztira 2,6 kilometro dira. Bidea seinaleztatua dago, erreka ondotik doa, eta argi artifizialik gabeko bi tunelen bitartez zeharkatzen du harkaitza: batak 167 metro ditu, eta besteak, berriz, 206. Azken tartean, bideak arroka inguratu eta Deabruaren Zubiaren arrastoetaraino iristen da. XVI. mendean eraikitako zubi horrek kondaira bati zor dio izena. Haren arabera, zubigileak laguntza eskatu zion deabruari zubi hura egiteko.

Arbaiungo arroila, handiena

Irunberritik gertu dago Arbaiungo arroila ere. Zaraitzu ibaiak Leire mendiarekin topo egitean zulatu duen zintzurra du. Nafarroako arroilarik ikusgarriena da, bai luzeena delako —ia sei kilometro luze, bai 300 metroko altuera duten horma ikaragarriak dituelako.

Isoko behatokia da mendi zintzurra ikusteko tokirik egokiena. Arroilaren amilburuan dago, Zaraitzu ibaiaren ur gainean, Irunberritik Ezkarozera doan NA-178 errepidearen ondoan. Azken urteotan, sai arreak izugarri ugaldu dira Arbaiunen ere, eta ohikoa izaten da inguru horretan hegan ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.