Musika

Denborak ondutako abestiak

Hainbat urtez abesti propiorik sortu eta argitaratu gabe egon ondoren, Will Oldham musikari estatubatuarrak lan berria kaleratu du: 'I Made a Place'. Hamahiru kantuk osatzen dute diskoa.

Will Oldham musikariak Bonnie Prince Billy ezizenarekin sinatu ditu bere azken diskoak. Askotariko izen artistikoak izan ditu, hala ere. BERRIA.
aitor biain
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Itzulera bat da, baina ez da itzulera bat oinarrian. Tira, itzulera bat da, bai, baina Willd Oldhamen estilokoa (Louisville, Kentucky, AEBak, 1970), bizi den unibertso propioan berak jartzen baititu arauak. Hala egin izan du musikari estatubatuarrak hastapenetatik, eta modu bertsuan jarraitzen du oraindik ere. 2011. urtean argitaratu zuen kantu propioz osatutako azkeneko diskoa: Wolfroy Goes to Town. Ordutik ez dio utzi musika egiteari , are gutxiago lanak argitaratzeari; askotariko abesti eta bertsio bildumak kaleratu ditu. Zazpi urteren ostean, ordea, sorkuntza propiora itzuli da, eta soilik bereak diren kantuen bilduma bat aurkeztu du orain: I Made a Place.

[youtube]https://youtu.be/q-rLvg1k-Uk[/youtube]

Bonnie Prince Billy ezizenarekin sinatu du lan berria, azken urteetan egin moduan. 1990eko urteen hasieran musikaren bideari ekin zionetik gaur arte, izen artistiko ugarirekin aurkeztu izan du bere burua. Batzuetan, bere benetako izena erabili du; beste batzuetan, Palace Brothers edo Palaace ere erabili izan du, bere anabasa propio hori gehiago nahastuz.

Oldhamen lan berriak AEBetako herri musika du oinarri, ohi legez. Folk, country eta pop musikaren arteko uztarketa berezi bat entzun daiteke haren estudioko 26. diskoa osatzen duten hamahiru kantuetan. Delikatua bezain nahasgarria da lana; orain malenkoniatsua eta sakona, orain alaitsua eta askea. Maitasunaz mintzo da, eta etorkizunaz.

Elsa Hansen bikotekidearekin batera orain bi urte Hawaiin egindako egonaldi baten ondorio da diskoa. Beka bati esker, musikariak hilabete eman zuen Ozeano Barearen erdian dagoen uharte multzoan, ezerezaren eta osotasunaren artean. Han sortu eta idatzi zituen orain eman dituen abestiak, bilduma berri baten ideia oraindik buruan ez zuen arren. «Aske sentitu nintzen, eta idatzi egin nuen. Gerora, abestietan lanean segitu nuen, sakontzen, baina asmo jakinik gabe. Inoiz ez nuen pentsatu grabatuko nituenik». Azkenean, ordea, grabatu egin zituen, «baina argitaratzeko asmorik gabe». Denborak eman dio kantuak behar bezala ondu eta pauso erabakigarri hori emateko adorea. «Egin dudan urrats bakoitza autonomoa izan da».

Unean uneko beharren arabera antolatu izan du lana Oldhamek. Ez du talde finkorik, eta lan berrirako Louisville jaioterri eta bizilekuko musikari zenbaiten laguntza izan du: besteak beste, Nathan Salsburg, Mike Hyman, Joan Shelley eta Jacob Duncan izan ditu taldekide. Elkarren arteko uztarketak emaitza solidoa bezain delikatua eman du, soinuari dagokionez. Louisvillen bertan grabatu zuten diskoa, Oldhamen «etxetik bost kilomerora». Domino Records etxearekin kaleratu du.

Musikaren geroaz kezka

Asko aldatu da mundua Oldhamen azken diskotik, eta are gehiago musikari dagokionez. Baina musikaria bera ere aldatu da azken urteetan. Elsa Hansen bikotekidearekin ezkondu da, esaterako, eta bi urteko alaba bat du orain. Bada, aitortu duenez, ingurune berri horrek nabarmen eragin dio arlo pertsonalean nahiz profesionalean, deseroso ere sentitzeraino. Hori horrela, adierazi du disko berria osatzen duten kantuak «oso garrantzitsuak» direla beretzat, bereziak direla «onerako nahiz txarrerako», eta zalantza izan duela argitaratu ala ez.

Zalantza horretan, baina, kontu pertsonalek baino zeresan handiagoa izan dute Internet bidezko musika plataformen «monopolio» berriek. «Grabatutako musikaren unibertsoa atomizatu egin dute. Arnasari eusten saiatu naiz, ekaitza pasatu arte itxaroten, baina ekaitza hemen geratuko da, eta haren suntsiketa da gure paisaia berria». Streaming-aren aroan arnasa hartzeko parada eman gura dio entzuleari musikariak, nabarmendu duenez.

Batzuek zein besteek aro digitalaren aurrean amore eman ala ez eztabaidatzen duten bitartean, musikari estatubatuarrak bere arauak ditu, eta bide propio bati jarraitu dio oraingoan ere, kezka iturri dituen aldaketak gertatu izan ez balira bezala. Ildo horri lotuta uler daiteke, esaterako, diskoko kantuen izenak argitalpen egunera arte isilean eustearen «estrategia». Oldhamek argi izan du beti zer egiten duen eta zertarako, eta ez dirudi norabidea aldatuko duenik orain. «Hau da nik egiten dakidana, eta esan dezaket aurrerantzean ere hau egiten segituko dudala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.