Eskarmentuari esker, beteranoak finalerdietara

Olaizolak eta Urrutikoetxeak lana gogotik eginda irabazi diete Artola eta Imazi: 22-17. Goizuetarraren lana goraipatzekoa izan da

Iñaki Artola eta Aimar Olaizola aurrelariak, atzo, Iruñeko Labrit frontoian. IÑIGO URIZ / FOKU.
jon eskudero
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ordu eta erdiz lanean jardun eta zortziehun pilotakada jo eta gero, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak lortu zuten binakako txapelketako finalerdietako ligaxkarako sailkapena, atzo, Iruñeko Labriten. Azkenaldiko gorakada berretsita, partida handia jokatu zuten, eta ondo merezita garaitu zituzten Iñaki Artola eta Ander Imaz: 22 eta 17. Tentsio handiko hasieraren ondoren, gogortasuna izan zen nagusi neurketa guztian, eta gehiago eta hobeto sufritzen asmatu zuten irabazleek, eskarmentua lagun. Olaizola II.aren lana gakoa izan zen, lana gogotik egiteaz gain, aurrean ere abil ibili baitzen. «Akaso, hauxe izan dut txapelketako partidarik onena. Pilota bizi ateratzen zitzaidan eskutik, eta pilatuta daukadan esperientziak ere lagundu dit tanto garrantzitsuak kudeatzen. Oso pozik gaude», aitortu zuen amaieran. Hala, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea lau onenen artean izango dira.

Ez zuen hasiera ona izan partidak. Elkarri errespetu handia agertu zioten bi bikoteek, eta huts gehiegi egin zituzten. Ordea, azkar berotu ziren kontuak. Bi atzelariek erraz kentzen zieten pilota aurrelariei, eta luze joan ziren tantoak. Oreka izan zen nagusi bosnakora arte. Hortik aurrera Olaizola II.ak hartu zuen aginte makila. Normala zenez, Urrutikoetxea eta Imaz nekatzen hasi ziren, eta pilota gehiago aurrean uzten. Aukerak hobeto baliatu zituen goizuetarrak. Ezker airearekin direnak eta ez direnak egin zituen. Artolak, berriz, ez zuen batere asmatu aurreko koadroetan. Luze ibili zuen pilota, baina hori ez zuen aski partida irabazteko. Lehen errematea 11-7koan egin zuen, txokoan pilota utzita. Garai horretarako bostehun pilotakada bazituzten joak.

Partidaren gidoia nahi bezala zihoakien beteranoei, eta asmatu zuten aldeari eusten: 13-9, 16-12 eta 18-14 joan ziren. Tanto bat baino gehiagotan Urrutikoetxea erori beharrean ibili zen, nekearen erruz, baina sufritzen jakin izan zuen bizkaitarrak. Eskuetatik ere sufritzen ari zela sumatu zitzaion sarritan, baina ez zuen etsi. Berean jarraitu zuen. Artolak eta Imazek izan zuten aukerarik aurkariengana gehiago hurbiltzeko, baina huts gehiegi egin zuten. Tanto dotore bat edo beste egin arren, jarraipenik ez zion eman bere lanari Alegiako aurrelariak. 20-17 ere hurbildu ziren gazteak, baina azken txanpan berriz agertu zen Olaizola II.aren lana. Defentsan eta erasoan aritu zen bikain, eta oraindik ere zer erakutsia badaukala begien bistan geratu zen. Urrutikoetxea eskuetatik sano iristen bada ligaxkara, kontuan hartzeko bikotea izango da bi beteranoek osatzen dutena.

Gaur, Eibarren

Ligaxka horretan laugarren bikotea nor izango den gaur erabakiko da, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Olaizola eta Urrutikoetxeaz gain, Jaka-Zabaleta eta Ezkurdia-Martija lehenagotik sailkatuta daude, ligaxkan; bada, Altuna III.a-Galartzak edo Laso-Albisuk hartuko dute laugarren tokia.

Hasiera batean, partida orekatua eta gogorra espero da, ez baitago faborito argirik. Altunak eta Galartzak gorabehera handiko txapelketa izan dute, eta badirudi Baikoko bikotea hobeto iritsi dela gaurko partidara. Laso osatu da lesio txiki batetik, eta Albisu saiatuko da azkenaldiko sasoiari eusten. Partida bikainak jokatu ditu ataundarrak, eta konpromisoko lehia batean neurria eman nahi du. Hori bai, Altuna kantxan egonda, edozer gauza gerta daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.