Itzuli da Altitoy

Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen proba nagusietakoa da Altitoy. Iazko etenaren ostean, asteburuan jokatuko dute berriro ere. 600 eskiatzaile ariko dira, nor baino nor gehiago, lasterketak dituen bi ibilbideetan. Iazko garaileetako bat, Kilian Jornet, ez da irteeran izango.

Eskiatzaileak, Altitoy lasterketako artxiboko irudi batean. EDURNE MARTIN.
Unai Ugartemendia.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iazko etenaren ondoren, datorren asteburuan jokatuko dute, beste behin, mendi eskiko Altitoy-Ternua lasterketa. Ohi bezala, Luz-Saint-Sauverreko (Okzitania) inguruetan jokatuko dute aurten ere, eta Midi Bigorre (2.877 metro) izango du ardatz nagusi. Orain bi urte bezala, La Grande Course Kopan izango da Altitoy, Tour Rotourrekin (Alpeak, Italia) eta Patrouille des Glaciersekin (Alpeak, Suitza) batera.

2018ko proba bukatu eta gutxira, antolatzaileek azaldu zuten lasterketak urtebeteko etenaldia izango zuela 2019an. Indarberritzeko nahia ezinbestekoa bihurtu zitzaien. Hitza bete dute, eta berriro ere hemen dira. Eskiatzaileek, gainera, ez diote bizkarrik eman. Izen ematea zabaldu orduko agortu ziren dortsalak; eta, bi egunean, munduko eskiatzailerik onenak bertan izango dira nor baino nor gehiago lehiatzen. Aurten ere, bi ibilbide izango ditu lasterketak: elite mailakoa eta ibilbide herrikoia. Lehenengoan, 150 bikote arituko dira lehian; bigarrengoan, berriz, 125. Denera, ia 600 eskiatzailetik gora.

2018an garaile izan ziren Kilian Jornet kataluniarra eta Jacob Herman austriarra. Baina, aurten, Jornet ez da ariko. Willian Boffelli italiarra izango du alboan Hermanek. Altitoy-Ternua jokatu eta hiru egunera hasiko da Pierra Menta (Alpeak, Frantzia), eta han Jornet izango du alboan Hermanek berriro ere. Jornetek mendian jokatuko duen lasterketa bakarra izango da Pierra Menta.

Hain zuzen ere, Herman-Boffelli bikotea da Altitoy irabazteko faboritoetako bat, baina ez dute lan erraza izango, lehian izango baitira, besteak beste, Marc Pinsach-Oriol Cardona, Roberto Antonioli-Davide Magnini, Henri Aymonod-Nadir Maguet, Filippo Beccari-Martin Stofner eta Franck Asserquet-Wilfrid Jumere bikoteak. Horiez gain, Grand Courseko lasterketa guztietan gertatzen den moduan, kontuan hartu beharko dira Europa guztitik joango diren selekzioak.

Parte hartuko ez duten eskiatzaileen artean, bada aipatu beharreko bat: Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra. Munduko Kopan izugarri ondo dabil, eta lehiakideen zerrendan zegoen. Baina azken orduko arazo batzuk direla medio, haren bikotekidea, Xavi Areny, ezin izango da bertan egon; beraz, Martinez de Albornoz ere ez da irteeran izango.

Quincoces, faborito

Emakumeen artean ere, munduko mendi eskiatzailerik onenek hartuko dute parte. Lehia estua eta gogorra espero da. Aurtengo faboritoen artean, euskal herritar bat dago: Nahia Quincoces. Mendexarrak Ana Alonso espainiarra izango du lagun. Munduko Kopan bikain ari dira lehiatzen, eta otsaileko azken asteburuan Andorran jokatutako Skimo 10 lasterketa irabazi ondoren datoz, gainera. Askoren ustez, biak izan daitezke azken garaipenerako faboritoak.

Halere, izena emandakoen zerrendan daude Julia Casanovas eta Marta Riba bikote kataluniarra, Marta Garcia kataluniarra eta Elena Nicolini italiarra, eta Noemie Jacquelin-Lucie Lacordaire frantziarrak. Lasterketan izango da Igone Campos zumarragarrak, eta Fatima De Diego espainiarra izango du bidelagun.

Euskal herritarren artean Quincocesena da izen aipagarriena. Baina ez da bakarra izango. Gizonezkoetan, aintzat hartu beharko da Senpereko (Lapurdi) Pantxo Saint Martinena. Hura izan zen orain bi urte lehen euskal herritarra. Hamargarren postuan amaitu zuen, Antoine Rodriguez frantziarrarekin bikotea osatuz. Elkarrekin ariko dira aurten ere.

Azken urteetan bezala, aurten ere badira Euskal Herritik bertaratuko diren bikote indartsuak. Denen gainetik, bi bikote aipatu behar dira: Axier Alonsok eta Aitor Ajuriak, eta Gartzen Elejabarrietak eta Mikel Navarrok osatutakoak. Euskal selekzioko kide dira. Beteranoak ere ez dira faltako: esaterako, Lander Alvarez eta Aitor Otxoa, Lur Basterretxea eta Leire Velez del Burgo; edo, Uxue Fraile eta Arkaitz Irureta, eta Izaskun Zubizarreta eta Fermin Illarregi, bikote mistoen artean. Bizikleta orain bi urte utzi zuen Haimar Zubeldia txirrindularia ere bertan izango da, Joseba anaiarekin bikotea osatuz. Denek zeresana eman nahiko dute Luz-Saint-Sauverren.

1. Zein ibilbidetan hartuko duzu parte?
2. Zenbatgarren aldia duzu Altitoyn?
3. Zein lasterketa egin dituzu aurretik?
4. Zein helbururekin zoaz Altitoyra?
5. Zer du berezia Altitoyk?
6. Zenbat denbora daramazu Altitoy prestatzen?
7. Beste probaren bat egingo duzu gero?

IZASKUN ZUBIZARRETAOiartzun,Gipuzkoa, 1970
1. A ibilbidean hartuko dut parte. Beti gustatu izan zaizkit ibilbide luzeak.
2. Ez dakit zenbatgarrena izango den aurtengoa. Uste dut, lesioengatik bi ekitalditan izan ezik, egin diren aldi guztietan parte hartu dudala.
3. Skimo10 egin nuen, Andorran, otsailaren 22an eta 23an.
4. Helburua argia da: lasterketa txukun bat egitea, ondo bukatzea eta gozatzea.
5. Altitoy betidanik izan da euskal herritarren lasterketa; Andoni Areizagak sortutako lasterketa da guretzat.
6. Azaroan hasi ginen eskiatzen, baina helburua ez zen Altitoy prestatzea, mendi eskia egitea baizik. Horrek ematen dit aukera lasterketa ezberdinak egiteko.
7. Bandres-Karolo eta Tour de Rutor [Alpeak, Italia] egin nahi ditut.

MADDI ARRAZOLADonostia, 1979
1. A ibilbidean.
2. Zazpigarren aldia. Beti A ibilbidean hartu dut parte, nahiz eta ez bukatu.Lehenengo aldian izan ezik, beti emakumezko batekin irten izan naiz.
3. Orain dela hamar egun Panticosan [Aragoi, Espainia], larunbatean, kronoigoera egin nuen, eta, igandean, Euskal HerrikoTxapelketan lehiatu nintzen.
4. Saiatuko naiz bukatzen. Sei aldiz hartu dut parte, baina bitan bakarrik lortu dut bukatzea. Materialak, norberaren egoerak edo bikotekidearenak asko baldintzatzen dute lasterketa. Nire kasuan, duela bi urte bi umeren ama izan nintzen. Lau urte daramatzat oso gutxi eskiatzen, eta lehiatu gabe. Esango nuke itzultzen ari naizela, eta konformatzen naizela parte hartu eta bukatzen saiatzearekin.
5. Mendiko eskian Pirinioetan dagoen lasterketarik gogorrena da. Eskia eta alpinismoa uztartzen ditu, korridoreak igo eta gailur-ertzak zeharkatzen baitira. Bukatzen saiatzea erronka polita da niretzat.
6. Altitoy bukatu ahal izateko, entrenamendu jakin bat egiten ari naiz urtarriletik. Pistetan, bost egunez eskiatuko nuen, eta, mendian, lehenengoz Panticosako lasterketan eskiatu nuen. Umeen zaintzarekin oso zaila egiten zait mendira eskiatzera joatea. Hala ere, mendian, eskirik jarri gabe, entrenatu naiz.
7. Elur faltarengatik martxoaren 14 eta 15era pasatu dute Bandres-Karolo, eta bertan izena emanda nago.

LUR BASTERRETXEAElorrio, Bizkaia, 1979
1. A ibilbidean.
2. Hirugarren aldia izango da aurtengoa.
3. Aurten elur gutxi dagoela kontuan hartuta, bi bakarrik egin ditut; Causiat Extrem eta Euskal Herriko Txapelketa.
4. Ez daukat inongo helburu zehatzik. Garrantzitsuena ondo pasatzea eta helmugara fisikoki ondo iristea izango da. Gerora begira mendi lasterketetarako entrenamendu gisa erabiliko dut.
5. Gaur egun, Grande Courseko lasterketen barruan sartuta dago, baina, hala ere, betiko euskal giro polita izango du oraindik ere, eta horrek berezi egiten du.
6. Ez dut bereziki Altitoy prestatu, baina, Candanchun etxea dudanez, elurra dagoenetik ia asteburuero ibili naiz handik.
7. Elurraren egoeraren arabera ikusiko dut. Alde batetik, Bandres-Karolo lasterketan izena eman dut; eta, bestetik, martxoaren amaieran Candanchun binakako Espainiako Txapelketa egiteko asmoa daukat.

JANIRE AGIRRE ARANBURUAtaun, Gipuzkoa, 1996
1. A ibilbidean.
2. Lehenengo aldia.
3. Aurten ez dut inongo lasterketetan parte hartzeko aukerarik izan. Bandres-Karolo eta Alta Ruta Pyrenen izena emanda nengoen, baina bat atzeratu egin zuten, eta bestea bertan behera utzi.
4. Gozatzeko eta denbora-muga gogorrak pasatzeko helburuarekin.
5. Orain arte kanpotik bizi izan dut, eta hori berezia izan bada, barrutik are gehiago izango dela pentsatzen dut! Pirinioetako probarik alpinoena izateaz gain, euskal herritarrak antolakuntzan direlako berezia da.
6. Ia asteburuero mendiko eskian ibiltzera joaten gara Pirinioetara, baina ez dut zehazki prestatu.
7. Hasiera batean ez.

FERMIN ASTIZBarañain, Nafarroa, 1968
1. A ibilbidean.
2. Denak osatu ditut, duela sei urtekoa kenduta.
3. Elur gutxi egin duenez, Causiak Extreme bakarrik.
4. Gozatzea izango da helburu nagusia.
5. Andoni Areizagaren lasterketa delako. Pirinioetako lasterketa onena da, eta, gainera, giro oso euskalduna izaten du.
6. Negu osoan metro batzuk eginak baditut jada.
7. Andres Regil [Europako mendiak, Asturias], Candanchukoa, Panticosakoa eta, agian, Adamello ere bai [Alpeak, Italia].

PANTXO SAINT-MARTINSenpere, Lapurdi, 1992)
1. A ibilbidean hartuko dut parte.
2. Laugarrena izango da.
3. Aurten ez dut batere jokatu, oso elur gutxi egin baitu.
4. Gozatzeko asmoarekin noa, eta lasterketa handi bateko partaide izateko asmoz.
5. Etxetik hurbil egiten den maila handiko lasterketa da. Euskal herritar askok parte hartzen dute, gainera, eta, hori dela eta, oso polita da.
6. Duela hilabete bat, bereziki horretarako aritu naiz entrenatzen.
7. Ez, mendiko lasterketetan hasiko naiz ondoren. Aurten, Euskal Trail ultra distantziako batekin hasiko naiz Baigorrin [Nafarroa Beherea].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.