Euskarazko sorkuntza baltsan

Ziburuko II. liburu, komiki eta disko azoka zinez arrakastatsua izan da. Euskara ardatz, etengabekoak izan dira egileen eta irakurleen arteko trukeak. «Izari egokia» aipatu dute gehienek.

Ziburuko II. liburu, komiki eta disko azokak arrakasta gaitza lortu du. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Ziburu
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Saltsa guzietan ibiltzen diren horietakoa naiz. Berdin gustura ari naiz BERRIAn, eleberriak idazten eta bertsotan», erantzun dio Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Maia Muruaga kazetari eta moderatzaileari taula gainean. Ene baitan bizi da eleberria aurkeztera etorri baita. Salatu du, halaber, zalu karrikaratuko duela Ez erran inori bigarren eleberria, zeinak Igartza saria jaso baitu eta zeinaren protagonista baita haurtzaroan sexu abusuak pairatu dituen pertsonaia bat, Libe.

11:00ak dira, eta sendi da Ziburuko (Lapurdi) plazak besoak zabal-zabal ireki dizkiola euskarari. Mikrotik jalgi den bozak estali ditu peko guziak: ez da euskara baizik entzuten. Abiatu da Ziburuko II. disko, komiki eta liburu azoka.

Nonbait, beraz, bete daantolatzaileen xedea, Baltsan elkartearena eta Argia aldizkariarena.

Iturri zaharra urez mututua bada ere, hor ere, euskara zerion: «Iturria agortua bada ere, hortik edan dugu denok. Haren funtzioa ez baitzen bakarrik ura ematea, askoz gehiago baitzen: jendearen trukatze gunea zen. Giro etxekoia sortu da, bibrazio ederrak. Une bat eskaini nahi genion Ziburuko haurrei euskaraz gozatzeko eskolatik kanpo ere, presiorik gabe», laburtu du Maddi Zubeldiak. Prestatua zuen ipuina antzeztu du idazle eta kantariak, Bernadette Iratzokik lagundurik. Haurrek, berriz, kantu batzuk hautatu zituzten. Denak uztarturik, iturria kantuz bete dute, Mixel Klaudio mandolina jotzaileak, Txomin Aritzaga gitarristak eta Xano Urtxegi eskusoinu jotzaileak lagundurik.

Haur guziak azokara hurbildu dira ondotik, «ikus dezaten zenbat eskaintza dagoen euskaraz; bestela, diluitua gelditzen da», gehitu du Zubeldiak.

Karpak ez du hutsuneari tokirik atxiki, 23 argitaletxeek tinki-tinki liburuz broi dituzte mahaiak. Eta zalu bete dira egun bakarreko karpa peko karrikak.

Harat-honatek mugimendu bizia sortzen dute, aurkezpenak kanpoan egiten baitira, karpa eta ostatuen artean. Lehenik Sugarren mende komikia aurkeztu du Asisko Urmenetak; ondotik, Joseba Larratxe Josevisky-rekin batera, Basolatik berri onik ez. Komikien txokoak badu arrakastarik. «Pare bat komiki erosiko dugu, hori ziur», erran du Anartzek. Astigarragatik (Gipuzkoa) etorri da, «inprobisatuki». Lehen aldia du, eta aitortu du sorpresa «ona» hartu duela giroarekin.

Hasi dira berriz ere mikrotik uhinak solasean, taula gainetik. Jon Alonso Fourcade idazlea «sinetsia» da Batallon Vasco Español talde parapolizialak zuela desagerrarazi Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra ETAko eta Komando Autonomoetako kide izandakoa, duela 41 urte, Ziburun bertan. Bigarren hipotesia da ETAk berak zuela egin. Ikerketa osoa Naparra, kasu irekia liburuan bildu du: «Bereziki interesgarria egiten zait gazte jendeari begira, materiala ukan dezaten bertsio ofiziala kontrastatzeko». Giroa xingar erreak hartu du, Kaskarotenea ikastolako gurasoak karraskan lotu baitzaizkio talo prestaketari. Kulturak ere jan behar baitu.

Aperitifaren tenorean, Nerea Loiola Pikaza buru-belarri ari da Epizentroa eleberria sinatzen: «Lehen aldia dut azokan; sinatze hau inprobisatua izan da. Iritsi eta hiru erosle nituen jada! Giroarekin txunditua gelditu naiz nostalgia horretatik. Durango txiki baten sentsazioa dut».

Nerabe baten begiek Etxetik Ameriketara liburua eman diote, ez du gehiago eskuetatik utzi nahi. Bezperan aurkeztu berri du eleberria Enara Garmendiak, Hiru gara, baina niri bost! liburuarekin batera.

Aitor Txarterina Iruñetik jin da azokarat. Irunen utzi du autoa, eta bizikletaz bururatu du ibilbidea, izerdi pelatua, umoreak lotua: «Erran didate: tramankulu guziak hartu eta etorri! Heldu naiz, nekaporraturik! Karikaturak egitera etorri naiz; morrontza lanera nator!». Mikel Antzari, bazter batetik gordeka, karikatura egin dio. Terrazak jendez mukuru beteak dira, haurrak denean barrena kurri.

«Euskararen lurreko oasi txikia», bota du agur bertsoa Odei Barrosok. Zirriborroka abiatu da, Maddi Ane Txoperena Iribarrenekin batera, Asisko Urmeneta eta Josevisky desafiatu beharko dituzte, Jon Garmendia Txuria-k agintzen dizkien ariketetan. Baliatu dira Mixel Berhekoirigoin agurtzeko, hitzez eta marrazkiz. Umorez bete da plaza, «lur saldua betiko galdua» gaiaz kantatu eta marraztean, «kolono zikinak» irakur daitekeelarik.

Kepa Altonagak Iridioaren mintzoa saiakeran, bertzeak bertze, Joanes Xabaño misiolaria ekarri du, zeinak Japoniatik gaztainondoak ekarri baitzituen Euskal Herrirat, 1908an. Izan ere, min-horiak desmasia handiak egin baitzizkien bertako gaztainondoei. Azokara bisitan jin den Xabi Xabañorekin eleka ari da, hots, Joanes Xabañoren ondorengoarekin. Eman dio bere ikerketaren berri.

Bazkaltzeko tenorea da, eta oren pare batez hetsi ditu bortak azokak. Euskara saltsa guzietan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.