PROPOSAMENAK

Harriz harri, herria

Tradizioak erroturik dituen herria da Leitza, eta horiek harrotasunez erakusten ditu. Ibilbide zirkular anitz eskaintzen ditu plazatik abiatuta

Leitzako Euskal Herria plaza, herriko bilgune nagusia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Harria eta Leitza (Nafarroa). Leitza eta harria. Loturik dira biak. Iñaki Perurena harri jasotzailearen herria, harriz altxatutako karrikez osatua. Tradizioei eutsi die Leitzak, eta horiek erakusgarri ditu bisitan joaten direnentzat. Harrizko karriketan barrena ibilaldi gozagarria egin liteke, baita mendietako xendetan ibilita ere, Euskal Herria plazatik abiatzen diren ibilbide zirkular askotarikoak markatzen dituzten seinaleei jarraikiz.

Plaza hori da Leitzako bilgune nagusia. Herritarrak bestetan elkartzen diren tokia, ingurutxoaren doinuei jarraikiz dantzan hasten diren lekua, baserriko produktuak saltzeko edota kirol erronkak bertatik bertara ikusteko gunea. Frontoiaren paretak ixten du plaza, eta alborik albo ditu harrizko harmaila txikiak eta ezkerreko paretaren lekuan dagoen udaletxea. Frontoia atzean utzita, kalean gora ageri da Done Mikel eliza, XVll. mendearen hondarrean eraikia. Kanpandorrea eta arkupea XIX. mendean gehitu zizkioten. Atari hartatik herriaren ikuspegi ederra dago.

Alde Zaharrean nabarmena da bertako harria: gris urdinxka. Txoko batzuk ezagunak dira, zenbait film han grabatu baitira: Helena Tabernaren La buena nueva, Telmo Esnalen Dantza eta Emilio Martinez-Lazaroren Ocho apellidos vascos. Kaleetan barna, Aieneko garbilekua, Iturrizarrea edo Plaza Zaharra bisita daitezke, besteak beste. Herriko planoa edo beste informaziorik behar dituenak Lekunberriko (Nafarroa) informazio gunera joan beharko du, Leitzakoa itxita baitago.

Harriarekin batera, berdea da Leitzak eskaintzeko duen beste erakargarrietako bat. Presarik gabe ibili nahi duenak ordu eta erdian egiteko bi ibilbide ditu. Sorogain parajera igoera 3,6 kilometro eta 200 metroko desnibela duen ibilbide zirkularra da, esaterako. Ibilbide biziagoa nahi duenak PR-NA 121 Kornietako ibilaldia egin dezake. Informazio gunean ibilbide horien informazioa jasotzen duen liburuxka eskura daiteke. Luzeenak 14 kilometroko distantzia du, eta 4 ordu eta erdi edo 5 ordu artean egin daiteke. Horietaz gainera, Plazaolako bide berdea Leitzatik pasatzen da.

Tradizioen erakusgarri

Baina dena ez da ibilaldi Leitzan. Herriko tradizioen berri izan nahi duenak ere badu aukera. Harriari buruz jakiteko, Iñaki Perurenaren Peruarri eskultura parkea da egokiena, eta bisita egiteko beharrezkoa da aldez aurretik ordua eskatzea. Gorritz eta Arroa baserrietan ere egiten zituzten bisitak, baserriko lanak erakusteko, baina pandemia hasi zenetik ez da horretarako aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.