Susana Perez Soler. Blanquerna Unibertsitateko irakaslea

«Hobe da gauza gutxi eta ondo egitea, asko eta gaizki baino»

Perez Solerrek uste du egunkari bakoitzak barrura begiratu, bere komunitateari eskain diezaiokeen balio erantsia detektatu eta horretan indartsu bilakatu behar lukeela.
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 13
El Punt egunkarian eta Nova Ciutat Vella aldizkarian hasi zen Susana Perez Soler (Bartzelona, 1986) kazetari lanetan. Komunikazio digitaleko doktorea da Ramon Llull Unibertsitatean, eta Blanquernako DigiLab ikerketa taldeko kidea. Hainbat aldizkaritan eta TVEn kolaborazioak egiten ditu.

Udazkenean hamar elkarrizketa egin zenituen kazetaritza digitalaren inguruan. Zein ondorio nagusi atera zenituen?

Elkarrizketekin ikuspegi orokor bat ematen saiatu nintzen. Ekoizpen sistema osoan du eragina arlo digitalak: aldaketak daude edukietan, lengoaia digitalaren bidez. Profesionalen roletan ere aldaketak izan dira. Adituek gero eta gehiago multi-tasking-az hitz egiten dute; soilik kronika bat ondo idazteaz arduratzen zen kazetaria desagertu egin da. Kazetariek idazten jakin behar dute, irudiak hartzen, grabatzen, edukiak eremu digitaletan jartzen eta zabaltzen... Enpresetan ere aldaketak daude, erredakzioetan arlo digitala sartu behar dutelako. Finantzaketari dagokionez, formula magiko bat falta da digitaletik sarrerak lortzeko. Audientzietan ere aldaketak gertatu dira: erabiltzaileek sakelakoaren bidez gehiago kontsumitzen dituzte albisteak ordenagailuan baino.

Sare sozialetan zer garapen izaten ari dira hedabideak eta kazetariak?

Bi fasetan iritsi dira sare sozialak: hasieran, 2004an Facebook eta 2006an Twitter azaldu zirenean, kazetariek sare sozialei bizkarra ematen zieten. Hori gainditu zen; 2010-2011 inguruan, hedabideek ikusi zuten sare sozialak behar-beharrezkoak direla negoziorako, eta webeko eduki guztiak sare sozialetan zabaltzeari ekin zioten. Gaur egun, munduko erreportaje onena idatz daiteke, baina, ez bazaio zabalpen egokia ematen, alferrikakoa izango da. Hala ere, oraindik sare sozialei etekin handiagoa atera dakieke hartzaileekin konektatzeko. Komunitate digitalen analisia falta da hedabideetan; AEBetan gehiago ari dira horretan.

Doktore tesian, Belgikako eta Kataluniako erredakzioetan Twitter nola erabiltzen duten ikertu zenuen. Zein dira aldeak?

Ikerketa 2014aren amaieran eta 2015aren hasieran egin nuen. Pentsatzen nuen Belgikan aitzindariagoak izango zirela, baina ikusi nuen kazetaria pulpitu batean egotea lehenesten zutela. Sare sozialetan, spam tankerakoak zabaltzen zituzten: automatikoki hainbat artikulu segundo batean. Esaten zidaten kazetarien lanen artean ez dagoela audientziarekin hitz egiten aritzea. Katalunian bestelakoa zen ikuspuntua, eta eremu digitala konkistatzeko helburua aipatzen zuten. Carles Capdevila zena elkarrizketatzeko aukera izan nuen, Ara-ko zuzendari ohia. Haren ustez, komunitate askoren batuketa zen Ara. Hala esaten zuen: zenbat eta nitxo gehiago egon marka indartsu baten ondoan, orduan eta hobeto.

Asko aipatzen da digitalean edukiak gero eta gehiago ikus-entzunezkoak izango direla. Nola egin behar diote aurre horri egunkariek?

Internet multimedia da: testuak, argazkiak, audioak eta bideoak. Hedabide guztiek ikus-entzunezko edukiak sortu behar dituzte, baina baliabideak behar dira horretarako. Urteetan zabaldu izan da eduki digitalek ez dituztela baliabide gehiago behar. Hori esaten dutenek ez dute ezer ulertu. Internetek bere hizkuntza propioa du. Egunkariek lantalde multidiziplinarioak behar dituzte, ikus-entzunezko edukiak bizkor kontsumitzeko abilezia duten profesionalekin. Edonola ere, ikus-entzunezkoak ez dira hainbeste goia jotzen ari, esaten den moduan. Gainera, egunkariek ez dute sare sozial guztietan egon beharrik, eta ez diete joera guztiei jarraitu beharrik; ezin gara erotu eta ezin gara saiatu toki guztietan egoten. The New York Times bazara, lantaldeak izan ditzakezu sare sozial bakoitzerako eta ikus-entzunezkoetarako. Ez da iparra galdu behar.

Non lehenetsi beharko lukete?

Erreportaje onak idatziko dituzten kazetariak behar dituzte egunkariek, eta ongi ordainduak. Marka bakoitzaren balioa zein den ikusi behar da, eta komunitatea zer ordaintzeko prest dagoen antzeman. Hobe da gauza gutxi egitea eta ondo, asko eta gaizki baino. Enpresa bakoitzak bere barrura begiratu behar du, komunitateari eskain diezaiokeen balio erantsia detektatu, eta horretan indartsu bilakatu. Critic hedabide katalanak, adibidez, ikerketa kazetaritza pausatuaren alde egin du apustu. Agentzietako oharrak bere horretan kopiatuta, irakurleek ez dute ordaindu nahiko, ez dira ergelak.

Zer iritzi duzu albiste faltsuen fenomenoari buruz?

Fake news-en inguruan hitz egiteari lagatzeko aldarria egin nahiko nuke. Oximoron bat da hori: albistea bada, ez da faltsua. Gure buruari harriak jaurtitzen ari gara fenomenoarekin. Propagandaz eta manipulazioaz hitz egin beharko genuke, eta hori betidanik izan dugu. Maldito bulo proiektua interesgarria da: gezurrak modu argian ikusarazten ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna