Literatura

Han ez dago jadanik han

'There There' bere lehenengo nobelarekin Pulitzer sarietako finalista izan da Tommy Orange. Amerikar natibo hiritarrek gaur egungo AEBetan beren lekua bilatu eta aurkitzeko duten zailtasunez idatzi du.

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
George R. Stewarten Names on the Land: A Historical Account of Place-Naming in the United States (1945, Lurraren gaineko izenak: Amerikako Estatu Batuetako leku-izenen historiaren gaineko argibideak) liburu ezagunean Oakland (Kalifornia) hiriari buruzko aipamen bakarra dago: «San Frantziskoko badiaren bestaldean Kalifornia motako haritz ederrek beteriko lur-eremu lau bat zegoen. Mexikar garaietan Encinal del Temescal deitu ohi zioten, hots, izerdi-etxeko hariztegia. Ziur aski, eremu horretan herri bat eraiki zuten amerikarrek ez zuten gaztelerarik jakingo, baina zuhaitzak ikusi, ikus zitzaketen. Deskribapen soil bati jarraituz, Oakland deitu zioten herri horri».

Mexikoren parte izan aurretik, espainiarrek gaur egun Amerika bezala ezagutzen den lurraldea konkistatu baino askozaz lehenago, Ohlone jendea bizi zen eremu horretan. Haien historia, ordea, inoiz ez da aipatzen urrezko estatuko hiri kosmopolitenetako bat kontsideratzen den Oaklanden gaineko testuetan. Are gehiago, gaur egun hainbat amerikar natibo han bizi direla esateak harridura piztuko luke. Ez ziren, bada, desagertu? Eta desagertu ez ziren horiek, ez dira erreserbetan bizi?

Tommy Orangeren (Oakland, Kalifornia, 1982) There There (2018, Hantxe bertan) nobelako hamabi pertsonaiak amerikar natiboak dira, eta Oaklanden bizi dira. Hots, amerikar natibo hiritarrak dira, horrek zer esan nahi duen zehazki ez dakiten arren. Western generoko filmek, kirol taldeen maskotek zein Thanksgiving edo esker-emate egunaren inguruko istorio azukretuek amerikar natiboen gainean zabalduriko usteek baldintzatuta dago amerikar natiboen kontzeptua, eta hirikoak diren aldetik There There nobelako pertsonaiak erabat tokiz kanpo daude edo, hobeto esanda, ez dira existitzen.

Orangeren nobelaren izenburuak Gertrude Steinek bere haurtzaroko hiriari buruz esandakoan («ez dago hantxe bertan») oinarriturik dago. Pertsonaietako bat ohartzen da Oaklandi buruz ari zela idazlea, «nola urteekin hainbeste aldatu zen, nola hazkuntza handia gertatu zen han, nola bere haurtzaroko han hori, hantxe bertan hori, desagertua zen; hantxe bertan hori ez zen jadanik existitzen... Horixe gertatu zaie amerikar natiboei».

Absentziak markaturiko presentzia da haiena, etendako tradizio zein sinesmenena, izan zen baina jadanik ez den —edo egon behar zuen tokian ez dagoen— lurraldearena. Zentzu horretan, tokikoa izatea kontzeptu hutsa da amerikar natiboentzat oro har, eta hirikoentzat, are gehiago. «Batzuetan gaizki sentitzen naiz natiboa naizela esanda. Gehienbat Oaklandekoa naizela uste dut», dio nobelako pertsonaietako batek. Eta, hala ere, hiriak ez ditu aintzat hartzen, ez erabat behintzat. Droga bat edo bestearekiko menpekotasuna eta muturreko pobretasuna arras arruntak dira gentrifikazioak jotako Oaklanden bizi diren amerikar natiboen artean.

Baina erreserbako bizimodua ez da samurragoa. Hegaldi luze baten ostean hotel batean izena ematen duenean, etxe hitzaren esanahiaren gainean hausnartzen hasten da Jacquie Red Feather. Amak behin esandakoa datorkio burura, «etxera, Oklahomara, itzultzeari buruz hitz egin zuen. Baina Jacquie eta bere ahizpentzat aparkaleku huts batean geldi zegoen furgoneta bat zen etxea. Autobusez egin beharreko bidaia luzea zen etxea. Haiei hirurei gauerako babesa eskaintzen zien edozein toki zen etxea».

Sutan den burmuina

Liburuari idatzitako hitzaurrean, amerikar natiboen eta hiriaren arteko harremanaren gainean hausnartzen du Orangek. «Gutako asko geure erabakiz etorri ginen hona, hutsetik hasteko, edo dirua irabazteko, edo esperientzia berri baten bila. Gutako batzuk erreserbari ihes egiteko etorri ginen hona... Erreserbako isiltasunak, errepide ondoko herrietako, landa-eremuko komunitateetako isiltasun horrek berorrek, sutan den zure burmuinaren hotsa askozaz nabarmenagoa egiten du». Sutan den burmuina hiriko amerikar natiboak bizi duen disonantzia egoeraren isla da: bi munduren artean harrapatuta bizi da, indigena bata eta zuriek eraikitakoa bestea, eta bietan arrotz sentitzen da.

Nortasun indigena berreskuratu eta lantzen saiatzen dira nobelako pertsonaiak, hala ere. Hain zuzen, haiek denak Oaklanden gertatzekoa den powwow edo dantza eta musika uztartzen dituen zeremonia batera joatekoak dira liburua abiatzen denerako. Baina transmititu ez zaien eta, aldi berean, kultura popular estatubatuarrak estereotipo bihurtu duen tradizio bat izanda, tokiz kanpo ikusten dute beren burua. Orangek indiartu hitza erabiltzen du egoera hori deskribatzeko: indiarrarena egiten saiatzen den natiboa, natiboa dela erakusteko. Powwow-an dantzari aritzekoa den Orvilek itxurakerialari hitza topatzen du sarean, gauza bera adierazten duen kontzeptua. Arropa tradizionalak soinean, ispilu aurrean jartzen da «benetakoa den zerbait, bere benetako nia, bere begi aurrean agertzearen zain... Garrantzitsua da indiarren antzera jantzi dadila eta dantza egin dezala, itxura besterik ez bada ere, denbora osoan iruzurti baten antzera sentitzen bada ere, mundu honetan indiarra izateko modu bakarra indiar baten antzera jokatzea baita».

Egiaren eta egiantzekotasunaren arteko tentsioa azalarazten dute Orvilen gogoetok; iraganarekin konektatu egin nahi du, bere kulturarekin bat egin, bere kultura biziarazi. Baina, aldi berean, ezin dio iruzurti bat sentitzeari eutsi, ez zaiolako iruditzen bere nortasuna indigena moduan aurkezten den horren barruan sartzen denik. Aitzitik, gainditu egiten du.

There There-k ez du hiriko amerikar natiboen nortasunari begira konponbiderik eskaintzen. Aitzitik, haren konplexutasuna eta hauskortasuna azaltzen digu, eta ariketa horretan Oaklanden historia berridazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.