PROPOSAMENAK

Hiri gotortua

Nafarroako Erresumaren historia ulertzeko, ezinbestekoa da Donibane Garazi bisitatzea. Harresia XIII. mendekoa da, eta Zitadela, XVII.ekoa

Donibane Garaziko harresia XIII. mendean eraiki zuten, hiria sortzean. MAITE SNIEG.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Nire erresumaren giltza» deitu zioten Nafarroako erregeek Donibane Garaziri. Izan ere, kokapen estrategiko handia izan du historia osoan Nafarroa Behereko hiriburuak, baita Nafarroako Erresuman ere. Alde batetik zein beste aldetik, Pirinioetan sartzeko «giltza» izan da Donibane Garazi, baita gaur egun ere.

Mendeak igaro badira ere, Erdi Aroaren aztarnak protagonista dira gaur egun hiri gotortu horretan. Protagonismo horren adierazle nagusiak harresia eta zitadela dira. Biak bisitatu daitezke.

Donibane Garaziko antzinako eremua babesten du harresiak. XIII. mendean eraiki zuten, hiria sortzearekin batera. Erdi Aroko hiri guztiak bezala, harresiak biztanleak eta gaztelua babesten zituen. Hala ere, hainbat gerra, konkista, eta sute pairatu zituzten donibandarrek.

XIX. mendean harresiaren goiko aldea eraberritu egin zuten, eta egun, pasabidea dauka gainean. Oso gomendagarria da pasabide hori zeharkatzea. Izan ere, Nafarroako atetik Donejakue atera bitartean gotorlekua babesten zuten soldaduen bidea egin dezake edozein bisitarik.

Harresia zeharkatu eta gero, Zitadela da Donibane Garaziko historian murgiltzeko funtsezko beste gune bat.

Tontorrean, Zitadela

Donibane Garaziko antzinako partea harresiak babestutako Mendiguren muinoan dago. Gaztelua zegoen tokian, Zitadela eraiki zuten XVII. mendean.

XVI. mendean Nafarroako Erresumaren eremu nagusia konkistatu zuen Gaztelako Erresumak, baina euskaldunen erresuma zaharrak beste mende bat iraun zuen, eta Donibane Garazi izan zen hiri nagusia. Hala ere, 1620. urtean, Frantziako Luis XIII.a erregeak konkistatu zuen Nafarroako Erresuma, Richelieu kardinalaren gobernuak zuzendurik.

Garai oso liskartsua zenez, konkistatzaileek Zitadela eraiki zuten gaztelua zegoen tokian, hegoaldetik jaso zitzaketen erasoez babesteko. Gotorleku horrek argi erakusten du Donibane Garazik historian zehar izan duen garrantzi estrategikoa. Uztailan eta abuztuan bisita gidatuak egiten dituzte; gainerako hilabeteetan eskola bat da.

Donibane Garaziko harresia eta Zitadela bisitatzea ezinbestekoa da Euskal Herriaren historia hobeto ezagutzeko. Harresiak XIII. mendera darama bisitaria: hiria sortu zuten garaira, hain zuzen. Zitadelak, berriz, XVII.era: Nafarroako Erresuma behin betiko desagertu zen garaira. Nahiz eta mendeetako historia izan, oso ondo mantentzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.