Jendeak dantza egin nahi du

Reggaeton erritmo biziek eta melodia leunek arrakastara eraman dute J Balvinen 'Vibras' diskoa. Mundu osoko gorputzak astindu ditu, eta generoa beste maila batera eraman.

J Balvin abeslaria, irailean Los Angelesen eman zuen kontzertuan. DAVID AMADOR-RIVERA / EFE.
Andoni Imaz.
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Urrian, AEBetako Alderdi Demokratak Las Vegasen egin zuen ekitaldi batean, zera esan zuen Barack Obama presidente ohiak: «Nork ez ditu maite J Balvin eta reggaetona?». 2018an inor gailendu bada, Jose Alvaro Osorio Balvin gailendu da (Medellin, Kolonbia, 1985). J Balvin izen artistikoa Google bilatzailean jarriz gero, 65 milioi emaitza baino gehiago topa daitezke 0,49 segundoan. Reggaeton musika beste maila batera eraman du nazioartean, Puerto Ricokoa ez izanagatik ere —han sortu baitzen genero hori—. Haren abestiek 10.000 milioi ikustaldi baino gehiago dituzte Youtuben; Mi gente single izarrak Recording Industry Association of Americaren diamantezko 68 disko jaso ditu; Vibra diskoak, platinozko zazpi.

Urteak dira reggaeton musika mundu osora zabaldu zela. Aise lortu du eguneroko soinu bandaren zati bat bereganatzea: irratian, tabernetan eta sarean. Halere, ez da ohikoena reggaeton diskoak ikustea urte amaierako onenen zerrendetan —bai, ordea, gehien entzundakoenetan—. Kolonbiako J Balvinen Vibras lanak, ordea, zirrara berezia eragin du mundu osoan, kaleratu zen une beretik. Maiatzaren 25ean atera zuen diskoa, eta, ekainean, mundu osoan gehien entzun zen abeslaria izan zen Spotifyn.

Hamalau kanta biltzen ditu Vibras lanak (Universal Latin). Ohiko kolaboratzaile Alejandro Ramirez Sky aritu da ekoizle lanetan. Hiruzpalau minutuko reggaeton pilulak dira, gehiegikeriarik gabe eginak: beat ozenak, sintetizadoreak eta koruak baizik ez dira sumatzen J Balvinen autotune ahotsaren atzean. Erritmo latino dantzagarriek ardazten dute diskoa, AEBetako poparekin etengabeko elkarrizketan. Hurbiltzen da trapera eta dancehallera, baina, oroz gain eta etiketez harago, pop disko bizi bat da Vibras. Horixe baita melodia kantagarriek eta erritmo dantzagarriek lortzen dutena: vibra-rekin, giroarekin bat egitea, beste guztiari garrantzi handirik eman gabe.

Bosgarren diskoa du J Balvinek. Aurretik atera dituen hainbat singlek (Ay vamos, Ginza, Tranquila)mundu osoa zeharkatu duten arren, disko oso batek ere ez du lortu Vibras-en pareko arrakastarik. Sintetizadore soinu leuna eta ahots gozoa besterik behar ez duten abestiak tartekatu ditu intentsitate handiko reggaeton kanta biziekin. Letra erromantikoak idatzi ohi ditu abeslariak, eta gai horren inguruan aritu da azken diskoan ere. Reggaeton musikari egotzi ohi zaion tradizio esplizitu eta misoginotik urrun, hala ere. Sexualitaterik eta sedukziorik ez da falta, baina dantzaren inguruan eraiki du hori guztia.

Diskoa baino ia urtebete lehenago kaleratu zuen J Balvinek lehenengo singlea: Mi gente, Frantziako Willy William ekoizlearekin batera sortua. Izugarrizko arrakasta lortu zuen Latinoamerikan, eta, handik hilabete gutxira, mundu osoko hainbat musikarirekin egindako beste sei remix argitaratu zituzten. Dena dela, J Balvinen arrakastari begiratzean, berebiziko garrantzia hartzen dute AEBek. Reggaeton musikak oro har, eta Vibras diskoak bereziki, sekulako harrera izan dute han. Komunitate latinoetatik harago, jatorri eta estilo horretako musikak lortu du mundu osoko merkatua —eta gorputzak— hankaz gora jartzea.

«Gu entzun nahi gaituzte»

Mainstream delakoak berehala onartu zuen reggaetona, eta, pixkanaka, destainaz begiratzen ziotenek ere musika latinoaren erritmoan dantzan amaitu dutela dirudi. Jendeari gustatu egiten zaio, eta hori nabarmendu zuen J Balvinek berak Rockdelux aldizkarian egindako elkarrizketa batean: «Benetako arrakasta kalean dago. Mundu osoko entzuleekin bat egitea lortu dugu. Orain, jendeak inoiz baino askatasun handiagoa dauka zer entzun nahi duen aukeratzeko. Eta gu entzun nahi gaituzte».

Pop latinoko joera berritzailearen ordezkarietako bat da, baita Latinoamerikaren enbaxadorea ere. Musikaz baino gehiago, kultura oso batez jardun ohi da abeslaria. Lortu du reggaeton musika diskoteketatik atera eta lan luze batean gorpuztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.