Musika

Zer nahi, hura eman

Liam Gallagher abeslariak bere bakarkako bigarren diskoa kaleratu du: 'Why me? Why not'. Pop-rock doinuak nagusi diren bilduma bat osatu du, jarraitzaileen eskariari erantzunez.

Liam Gallagher abeslaria Bilbon izan zen iragan ekainean. Irudian, BBK Live jaialdiko kontzertuan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
aitor biain
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Agertokiaren gainean nagoen bitartean, abesten, ez dit axola nik idatzitako kantua den edo beste edozeinena. Diskoa ona baldin bada. Ez naiz konpositorea, ezta taldeko kide garrantzitsuena ere». Agertokiaren aurrean paratu eta abestu, hori izan da Liam Gallagherren egitekoa beti. Baina nahikoa izan du hori pop-rockaren ikono garrantzitsuetako bat bilakatzeko. Hala erakutsi zuen arrakastaren tontorrera eraman zuen Oasis taldean, esaterako; haren anaia Noel baitzen kantuak idazten zituena. Eta hala erakutsi zuen, halaber, duela bi urte hasitako bakarkako ibilbidean ere. Formula bera erabili du abeslariak oraingoan ere. Bigarren bilduma argitaratu berri du: Why me? Why not.

Arrakastaren sokan orekari eutsi nahian aritu da Liam Gallagher 2009an Oasis taldea banandu zenetik. Ikur izaten jarraitzeko modurik egokienaren bila aritu da ordutik, jakinik ezinezkoa zuela proiektu berri bat hutsetik hastea. «46 urte ditut, fakturak eta dibortzioak ordaintzeke. Ezin naiz beste talde batekin hasi, beste izen batekin. Ez daukat denborarik horretarako; lan gehiegi da».Beady Eyeren porrotak argi erakutsi zuen hori, hain justu.

Duela bi urte berrekin zion musika ibilbideari: bakarka hasi zuen bidea orduan, ustekabean. Bakarka, baina ez bakarrik. Izan ere, As You Were lana kaleratu zuen Greg Kurstin eta Andrew Wyatt kantugile eta ekoizleen laguntzari esker, besteak beste. Haiei esker berreskuratu zuen nostalgiak berak eta zaleek hainbeste eskatzen zioten Oasisen soinua. Eta garrantzitsuena: Noel anaiaren eta haren sorkuntza gaitasunaren beharrik izan gabe lortu zuen.

Horren bila aritu da urteetan abeslaria; hain zuzen: «Idatzi dezala beste batek; nik abestu baino ez dut egingo». Eta baita lortu ere. Gallagherrek ez baitu beste ezeren beharrik. Karisma eta taula gaineko aldartea sobran ditu abeslariak. Soinua da olatu aparretan segitzeko behar duen bakarra, eta soinua arrakastara eraman zueneko berbera den heinean, gutxienekoa da bakarrik aritzea.

Lennon eta beste

Bigarren diskoa ere aurrekoaren bide beretik osatu du abeslariak. Oasisek utzitako arrastoa baliatu baitu 1990eko hamarkadako Erresuma Batuko pop-rockaren edo britpop-aren soinuari hertsiki lotutako bilduma bat osatzeko. Hamalau kantuko disko bat ondu du Gallagherrek, eta, lehenengo diskoan ez bezala, sorkuntza lana ekoizleen esku utzi du, batez ere. «Ezagutzen ditut nire indarguneak eta ahulguneak. Konpositore zuzena naiz, baina abeslari eta lider hobea».

Keinuz betetako diskoa da Why me? Why not izenekoa. Hasteko, diskoaren izenak berak John Lennonek 1978an egindako margolan bati egiten dio erreferentzia, abeslariak berak aitortu duenez. Nabaria da haren eragina Once abestian ere, besteak beste. Izan ere, ezaguna da Lennonek haren musika ibilbidean izan duen eragina. Liverpoolgo (Erresuma Batua) laukotea maiz izan zen inspirazio iturri Oasisen garaian ere.

Baina keinuak, batez ere, nostalgiari egiten dizkio Gallagherrek disko berrian, eta Noel anaiari, nola ez. One of us kantua da horren erakusgarri. Honelako mezuak irakur daitezke, esaterako: «You said we'd live forever; Who do you think you're kiddin'?; You were only one of us» (Betiko biziko ginela esan zenuen; nor engainatu nahi zenuen? Gutako bat izan zinen soilik).Abestiaren bideoklipean ere etengabeak dira anaiei egindako erreferentziak.

Diskoa, hala ere, Shockwave abestiak zabaltzen du, rock klasikoaren dosi energetiko batek. Ildo berekoak dira The River eta Invisible Sun abestiak ere. Melodia apalagoa dute, ordea, Alright Now, Meadows, Misunderstood, Gone eta bildumari izena ematen dion Why me? Why not kantuek. Be Still eta Halo erritmo eta doinu itsaskorrek borobiltzen dute diskoa.

The Who, The Rolling Stones, The Beatles, George Harrison, Ian Brown, The Kinks, Faces... askotarikoak dira diskoan aurki daitezkeen erreferentziak. Rock-and -roll klasikotik hasi eta rock alternatiboaren eta pop kutsua duten taldeak ditu oinarri Gallagherrek bere bakarkako bigarren diskoan.

Abeslariak badaki bere jarraitzaileek zer nahi duten, eta hori bera eman die, ez gehiago eta ez gutxiago: «Hemen nago jendeari nahi duena emateko, eta hori aspergarria bada, horrela izan dadila», adierazi du berriki elkarrizketa batean.

Dena da berri, baina dena da berdin Liam Gallagherren diskoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.