Utikan kasualitateak

Realak eta Athleticek urratsak egiten segitu nahi dute, Vila-real eta Getafe azpiratuta. Txuri-urdinek aurkari zuzena dute Unai Emerik gidatutako taldea; hirugarren da ligan. Eibarrek Betis du kontrario

Mikel Oiartzabal, Cadizeko bi jokalari atzean utzi nahian. ROMAN RIOS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Norbere helburuak betetzeko bidean partida garrantzitsuak jokatuko dituzte gaur Realak eta Athleticek. Hasiera bikainari segida eman eta orain arte egindakoa benetakoa dela berretsi dezakeenneurketa jokatuko dute txuri-urdinek. Vila-real hirugarren sailkatua hartuko dute Anoetan (21:00, Movistar La Liga), eta garaipen batek ezerezean utziko luke hasiera ona kasualitatea delako ustea. Herrialde Katalanetako taldea goiko postuetan ibiltzeko prestatuta dago, eta haien aurka hiru puntuak eskuratzeak Realaren historian beste mugarri bat jartzea ekarriko luke.

Ez da hori, ordea, Imanol Alguacil prestatzailea kezkatzen duena. Egunean egunekoa egitearen zale da teknikaria, eta atzera begira jarri baino nahiago du datorrenari heldu. Vila-real aurkari «zaila» dela iritzi dio, baina prest dago bere taldeari ahalik eta zukurik gehien ateratzeko: «Gurea egiten badugu, gertu izango gara partida irabazteko. Bertsio ona eskaini behar dugu, eta gure nortasuna erakutsi behar dugu».

Ondo ari da Reala, eta badaki hori Imanolek, baina prestatzaileak argi du Vila-real mendean hartzea zaila izango dela: «Aitzakiarik gabe, hamaikakorik onena jarri behar dut. Aurkaria baino hobea izan behar dugu, eta aukera gehiago egin behar ditugu irabazteko. Jakinda, betiere, sekulako zezena dugula aurrean».

Hain justu, «munduko onenen artean» sailkatu zuen Unai Emery Vila-realeko prestatzaile hondarribiarra. Imanol eta biak taldekide izan ziren Realean orain 25 urte, eta bien arraunzaletasuna aipatu zuen txuri-urdinen entrenatzaileak: «Espero dut oraingoan geuk irabaztea. Badakit hark ere arrauna asko segitzen duela. [Gizonezkoen] Kontxa haiek irabazi zuten, eta ea bihar guk irabazten dugun. Unai izugarrizko bidea egiten ari da; jada 800 partida egin ditu entrenatzaile modura, eta zoriondu egin nahi nuke».

Garaipena begi artean duela ekingo dio Realak; baina, horretarako, hobetu egin beharko du Vila-realen aurka orain artean izan duen bolada eskasa. Izan ere, donostiarrek hamazazpi aldiz jokatu dute Castelloko taldearen aurka ligan, eta hirutan baizik ez dute irabazi. Berdindu egin dute bost alditan, etaVila-real nagusitu da bederatzitan. Estatistika hori hobetzea izango dute xede gaur. Imanolek gaur emango du deialdia.

Suspertzeari segika

Athletic izango da kasualitateen usaina urrundu nahiko duen beste taldea. Gaizka Garitanoren taldeak pizgarri izan zuen joan zen astelehenean Betisen aurka eskuratutako garaipena (4-0), eta bide horretatik segitu nahi du gaur Getaferi aurrea hartuta (16:15, Movistar La Liga). Hori luke azken asteetan nahasi dituen urak baretzeko modurik onena.

Bilbotarrek urrats garrantzitsua egin zuten astelehenean espainiarrak menderatuta. Batez ere, inguruko mamuak aldi baterako uxatzeko balio izan zion Betisi emandako jipoiak. Dena den, ordukoa utzi eta partida bakoitzak duen garrantziaz mintzatu zen atzo Garitano, zuri-gorrien prestatzailea: «Ez dugu gora edo behera begiratzen. Egunerokoari erreparatzen diogu. Horixe lantzen dugu Lezaman; beti ahalik eta partida gehien irabaztea, partidaz partida arituta. Horixe dugu gogoan, eta sailkapenari ez diogu jaramon handirik egiten».

Halere, hiru puntuen jabe egiteak arnasa emango lioke Garitanori, eta taldeak jauzia egingo luke sailkapenean. Hori badaki entrenatzaileak, atzoko agerraldian esan zuenez: «Bihar [gaur] irabazteak hobea egingo luke joan den asteleheneko garaipena. Taldea sinetsita dago bigarren garaipena jarraian lor dezakeela». Garitanok 23 jokalariko zerrenda osatu du espainiarrei aurre egiteko. Bertan da Ibai Gomez, sasoi honetan lehen aldiz.

Eibar izango da euskal taldeen artean zelairatuko den azkena. Jose Luis Mendilibarren taldeak Betisen zelaian jokatuko du bihar (21:00, Gol), eta etxekoen zauria handitu nahiko du, garaipen bat eskuratuz. Hain justu, Bilbon jipoi handia hartu zuen Manuel Pellegriniren taldeak, eta Txileko entrenatzailea kolokan jar dezake eibartarren loriak.

Ligari neurria hartu nahian dira eibartarrak; azken hiru partidetan irabazi ezinik geratu dira, baina aurrez distira handiko hiru puntu batu zituzten Sevillaren zelaian. Bizilagunei halako hozkada ematen badiete, seinale ona izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.