PROPOSAMENAK

Kostaren panoramika

Mundakatik abiatu, eta Katillotxu tontorrera doa txangoa. Urdaibaiko biosfera erreserba ezagutzeko aukera ematen du ibilbideak

Mundakako Andra Mari eliza. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Busturialdeko kostaldean dago Mundaka (Bizkaia), Urdaibaiko biosfera erreserban. Herri txikia da, 2.000 biztanle ingurukoa. Ez da zaila Mundakara garraio publikoa erabiliz heltzea, baditu-eta tren geltokia eta autobusaren pare bat geraleku. Herrian badago zer ikusi, baina bertatik atera eta osteratxo bat egiten duenak ingurune naturala ere ezagutu ahal izango du, bidean zehar sarri baitaude ikuspegi panoramikoa eskaintzen duten begiratokiak.

Ibilbide biribila da herritik Katillotxura doana, toki berean baititu hasiera eta bukaera. 8,4 kilometroko paseo laburra da, eta erraza, 315 metrokoa da-eta aldaparik luzeena. Hiru orduan egiteko moduko osteratxoa da. Gainera, PR ibilbideei dagokien seinalizazioaz markatuta dago bidea; beraz, ez dago galtzerik.

Txangoa Andra Mari elizan hasten da. Errenazimentuko eliza gotiko bat da, XVI. mendean berreraiki zutena, bandoen gerran suntsitu baitzuten. Bertatik Goitiz auzorantz jo beharra dago. Antzinako baserri ederrak dira nagusi inguru horretan. Aurrera eginez, Bermeotik datorren mendi pistarekin egingo du topo ibiltariak, eta beste bide hori hartu beharko du Katillotxu tontorrerantz abiatzeko.

Hemendik aurrera, seinaleei oso adi ibili beharra dago. PR ibilbideari dagozkion marka horiei jarraitu behar zaie, ez GR ibilbideari dagozkion gorriak. Bide horretan aurrera egin ahala, nahi izanez gero, ur botila betetzeko aukera izango du ibiltariak, ur andelaren ondoan dagoen iturrian.

Horren ondoren, aldapa bat igo beharra dago; maldaren bukaeran dago Katillotxu tontorra. Laidako hondartza, OgoƱoko haitza eta Atxarreko tontorra ikusten dira bertatik, besteak beste. Gailur lerroari jarraitu behar zaio gero, Pakolene trikuharriraino. Sukarrieta herrirantz egiten du ibilbideak ondoren, kostaldera iritsi arte.

Erromatarren aztarnak

Portuondo auzorantz doan bidezidorrari jarraituz, senadira heltzen da bidea. Erromatarren garaian merkantziak lehorreratzeko erabiltzen zen portu txiki baten hondarrak daude senadian.

Mundakako kanpinarekin egingo du topo ibiltariak ondoren. Kanpinetik gertu dago Portuondoko begiratokia. Bertatik, Mundakako itsasadarra ikusten da.

Aurrerantzean, bideari jarraitu besterik ez dago, kostaldetik. Eta, ibilbidea biribila denez, txangoaren abiapuntu izan den Andra Mari elizara helduko da berriz ibiltaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.