Marije Zumeta. Irakasle eta aktibista

«Utzi niri erabakitzen nola bizi nahi dudan nire zahartzaroa»

«Bizitza aktiboa eta aktibista» aldarrikatzen ditu Marije Zumeta zarauztarrak. Feminismoa eta euskara izan dira betidanik bere bizitzaren bi ardatz nagusiak. Makina bat ekimenetan dabil herrian, hori bai, beti lana taldean eginez.

JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Zarautz
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Marije Zumeta (Zarautz, Gipuzkoa, 1953) ez da geldi egoten den horietakoa. Betidanik izan du gauzak aldatzeko grina, eta sinesten duenaren alde borroka egiteko gaitasuna du. Gauzak aldatzeko, ordea, ez dago bakarrik lan egiterik: «Bakarrik lan eginda, ezin da ezer lortu: taldean egitea da gakoa», azpimarratu du Zumetak. Herriko makina bat saltsatan ibilitakoa da, eta oraindik ere badabil; besteak beste, Zarautz euskaldunago eta feministago baten alde.

Zarauztarra zara jaiotzez. Nolakoa zen zu haurra zinean euskararekiko zegoen jarrera?

Ahizpa eta biok mojen eskolara joan ginen. Etxean bederatzi anai-arreba ginen: bi neska eta zazpi mutil. Erdara hutsean ikasten genuen, eta ez hori bakarrik, mojek esaten ziguten irain egiteko euskaraz hitz egiten zutenei. Momentu bat iritsi zen non, zehazki ez dakit zergatik, baina euskararen alde hasi ginen. Gogoratzen naiz nola eskolan batera ibiltzen ginen neskok esan genuela: «Hemendik aurrera euskaraz egingo dugu». Eta ordutik euskaraz egiten dugu.

Irakasle izan zara hainbat urtez. Betidanik izan zenuen argi irakasle izan nahi zenuela?

Udan Manolo Urbietarekin eta 40 bat umerekin udalekuetara joaten ginen. Gurasoek konfiantza guztia jartzen zuten gugan. Hor ikasi nuen nola tratatu behar ziren haurrak. Ohartu nintzen ere haurrekin egotea gustatzen zitzaidala. Gerora, haurtzaindegi bat ireki nuen beste lau pertsonarekin batera.

Garai hartan haurtzaindegiak ez ziren oso ohikoak izango.

Emakumeek lan egiteko aukera zutela aldarrikatzen genuen herrian, baina lan egiten zuten emakume horiek ez zuten haur txikiak non utzi. Horregatik ireki genuen haurtzaindegia, eta oso ondo funtzionatu zuen. Handik urte batzuetara, Bergaran [Gipuzkoa] irakasletza ikasketak egiteko aukera sortu zen, eta bertan ikasi nuen. Ikasketak egin ondoren, eskola publikoan hasi nintzen euskara klaseak ematen. Hasi bezain laster irakasle batek honako hau esan zidan: «Zu ikasleengandik distantzia jakin batera jarri, eta ez dezatela distantzia hori gainditu, bestela harrotu egiten baitira». Ez nengoen batere gustura; hori ez zen nire tokia. Herriko irakasle bat Aian [Gipuzkoa] zebilen lanean, eta hara joateko esan zidan. Kasu egin nion, eta bete-betean asmatu nuen.

Zergatik?

Eskola txiki bat zen; giro euskalduna zuen goitik behera; umeak guztiz naturalak ziren: zoragarriak. Ez dakit nola azaldu zer-nolako naturaltasuna zuten ume haiek harremanetarako. Segituan esan nuen: «Hau da nire etxea». 20 urtetik gora egon nintzen bertan, eta poz-pozik joaten nintzen eskolara. Eskola txikia izateak asko lagundu zuen. Azken finean, sistema honek dena egiten du handi, eta, nire ustez, txikia dena askoz ere erabilgarriagoa eta erabiltzeko errazagoa dela.

Geroztik, zer-nolako bilakaera antzeman diozu hezkuntzari? Nolakoa da egungo hezkuntza?

Duela urte batzuetatik hona, hezkuntza sistema modu jakin batean dago antolatuta: pertsonak hezteko eta langileak sortzeko, alegia. Oraindik ere oso modu antzekoan egiten da hori. Bestalde, moden arabera aldatzen da hezkuntza, muinean asko aldatzen ez den arren. Hiruzpalau urtetik behin korronte berri bat ateratzen da, eta buru-belarri jartzen da jendea korronte edo sistema hori hemen martxan jartzen, gure errealitatean erabilgarria izan daitekeen jakin gabe. Finlandiaren kasuan, adibidez. Han ez daude hemengo ohitura eta kultura berak! Bestalde, hezkuntza planetan helburu batzuk daude, eta helburu horiek bete behar dira, ikasle bakoitzaren egoera kontuan hartu gabe. Hori ez da aldatzen, eta horrek irauten duen bitartean, nola izango du horrek eragin positiboa norbanakoan?

Erretiratua zauden arren, Ikaslagunak egitasmoan ere irakasle lanetan ibiltzen zara. Zer da Ikaslaguna zehazki?

Komentatu zidaten ea Zarautzen laguntza behar zuten haurrei laguntzeko prest nengoen, klase partikularrak emateko, euren gurasoek ordaindu ezin zituztelako. Antolatzen hasi, eta erretiroa hartutako irakasle batzuk hasi ginen parte hartzen, eta oraindik ere jarraitzen dugu. Herriko ikastetxe guztietara joaten gara. Baldintza bakarra da gurasoek klase partikularrak ordaindu ezin izatea; ez diegu akademiei lana kendu nahi eta, haur guztiei aukera berdinak eman baizik. Egunero joaten gara ikastetxeetara, irakasleen artean txandakatuz joaten gara. 35 bat ume ditugu, eta hamar bat boluntario gaude.

Irakaskuntza, beraz, ez duzu guztiz uztea lortu.

Ez. Oso gustura egoten naiz haurrekin. Ez dakit azaltzen; oso lasai egoten naiz haiekin, betidanik, eta ez dakit zergatik. Haur bati zerbait azaltzean, eta ulertu duela ikustean, pentsatzen dut: «Begira, zerbait ondo egin dudala dirudi, ulertu bainau».

Besteak beste, euskararen aldeko lanean ibiltzen zara Zarautzen. Esan daiteke zure borrokaren ardatzetako bat izan dela. Nolakoa da herrian euskararen erabilera?

Bai, euskara eta feminismoa dira nire lanaren ardatzak. Zarautz aldatu egin zen: gaztelaniaz bizi zen, eta euskaraz askoz gehiago bizi da orain, ikastolak sortzearekin batera. Haurrek eta gurasoek euskaraz hitz egiten zuten. Baina gaur egun arazo bat dago: nire belaunaldiko jendea gaztelaniaz bizitzera ohitu da. Eta kezkatzen nauen beste gauzetako bat da ikastetxeetan geroz eta gehiago hitz egiten dela gaztelaniaz.

Erabileran dago, beraz, arazoa gaur egun.

Bai, dudarik gabe. Euskara ikastetxeetan sartu zenean esaten genuen: «Listo, hemendik aurrera pertsona guztiak ikastetxe euskaldunetara joango dira, eta denek jakingo dute euskaraz». Bai zera! Hegemonikoa denak beti jarraitzen du, nahi gabe bada ere. Euskara ez da hizkuntza jasotzat jotzen, eta hain barneratua dugu hori, non nahi gabe gaztelania nagusitzen den.

Eta, zure ustez, zer gehiago egin beharko litzateke euskararekiko jarrera bultzatzeko?

Euskarari etekinik ateratzen ez bazaio, ez dugu aurrera egingo. Sistema kapitalista honetan dena da etekina ateratzea. Hemendik urte batzuetara euskara ikasteak etekina emango duela jakinez gero, ziur jendeak ikasiko du euskara.

Talde feministetan ere bazaude. Duela urte batzuk herrian eskubide batzuk aldarrikatzen hasi zinetenean, bazenekiten feminismoa egiten ari zinetela?

Emakume taldeak zeuden, eta emakumeen eskubideak aldarrikatzen genituen. Feminismo hitza ez genuen ezagutzen, beranduago arte. Guk argi genuen eskubidea genuela gizonek egiten zituzten gauzak egiteko: lana egiteko, libre izateko, tabernetan sartzeko, erretzeko... Horrela hasi ginen. Gu beti gure eskubideak lortzeko eta aldarrikatzeko prest geunden, baina orain dela urte batzuk konturatu nintzen gizonezkoekin ere lanketa bat egin beharra zegoela, eta ez genuela egin.

Zein motatako lanketak?

Gizonek egiten zituzten gauzak guk ere egin nahi genituela, horrela ulertu izan dugu guk berdintasuna hainbat urtez. Gizonei ezarritako roletako hainbat gauza lortuz joan gara. Baina alderantzizkoa ez dugu egin. Gizonezkoak ez dira gure roletan sartu. Gaur egun mutil gazte asko ez dira euren pribilegioaz jabetzen. Eta hori zergatik? Gizarteak ezarritako rol bat denez, ez dutelako rol hori aztertzeko aukera izan. Ikasi duten bezala euren pribilegioa zein den, des-ikasi egin behar dute.

Zer iritzi duzu gaur egungo neska eta emakume gazteen borrokaz eta prestakuntzaz?

Ilusioz ikusten dut. Pozik ikusten ditut herriko neska gazte talde bat, antolatzeko gogoz. Beti pentsatzen dut: «Badator atzetik jendea». Gu erretiratu egingo gara laster horrelako mugimenduetatik. Datorrena jende gazteak eraman behar du. Ni laguntzeko prest nago, baina jende gazteak hartu behar du ardura.

Talde askotan belaunaldi aldaketa hori ez da gertatzen ari, edo kostata ari dira. Zure ustez, zergatik daude zailtasunak?

Adibidez, hemen Zarautzen Emakumeen Etxea ireki genuen, lan handia egin ondoren, baina ireki genuen. Eta orain jende gutxik erabiltzen du. Bada neska gazte talde bat bilerak egiteko erabiltzen duena, eta behintzat horrek pozten nau. Ez dut sinistu nahi gazteak pasota batzuk direnik. Eurek «ez dago ezer egiterik» edo «ez dugu ezer lortuko» pentsatzea, hori da okerrena. Gazteak ez dira taldeetan sartzen, ez nahi ez dutelako, baizik eta ez dakitelako zer egin dezaketen.

Zergatik? Gazteek orain arte bizitakoa beste batzuek lortu dutenari esker izan delako?

Behin Joseba Azkarragak hitzaldi bat eman zuen hemen, eta honako hau esan zuen: «Zuek miseria zer den ezagutu duzue, eta ezer gabe bizitzea zer den badakizue. Oraingo gazteek zailago dute», eta egia da. Arrazoia zuen, guk gure seme-alabei dena eman diegu.

Eta orain artekoa gutxi balitz bezala, Alproja antzerki taldean ere bazabiltza. Betidanik gustatu izan zaizu antzerkia?

Alprojak urtero euskal jaietan emanaldia eskaintzen du, eta ni urtero joaten nintzen ikustera. Behin, ikuskizuna amaitu ondoren, antolatzaileetako batengana gerturatu nintzen zein ondo egin zuten esatera, eta berak esan zidan: «Hurrengo urtean etorri!». Justu urte hartan hartu nuen erretiroa. Ikuskizun berrirako entseguekin hasi zirenean nitaz gogoratu zen Alprojako kide hori: «Aurreko urtean etorriko zinela esan zenuen», aipatu zidan, eta izena eman nuen azkenean. Geroztik urtero parte hartu dut.

Zer ematen dizu antzerkiak?

Jende pila batekin egoteko aukera ematen dit hasteko, adin desberdinetako jendearekin, alegia. Giro oso ona daukagu, eta entseguetan oso ondo pasatzen dugu. Duela bi urte bilobak ere eman zuen izena, Garazik, eta elkarrekin aritzen gara. Aurreko urtean, gainera, elkarrekin antzeztea egokitu zitzaigun, galtzagorrien papera egin genuen.

Adin guztietako jendearekin harremana izatea ere positiboa izango da zuretzat.

Bai, nik beti esan izan dut gaizki iruditzen zaidala gazteak alde batetik eta erretiratuak beste alde batetik joatea. Ni ere gazteekin egon naiteke; adina ez da oztopo bat horretarako. Nik zerbait emango diet gazteei, eta alderantziz. Erretiratu nintzen, horrek esan nahi du lan ordaindua ez dudala egiten; ni ez naiz bizitzatik erretiratu. Ni hemen nago, betiko herrian, betiko gauzak egiten. Norbaitek erabaki du 65 urtetik aurrera ikusezinak garela, eta nire gorputzak esango dit noraino irits naitekeen, ez zuek; utzi niri erabakitzen nola bizi nahi dudan nire zahartzaroa. Bizitza aktiboa eta aktibista izan behar dugu.

Hainbeste mugimendu eta taldetan ibiltzeko, taldeak zuretzat garrantzia izango du.

Bai, izugarria. Ez dut uste pertsona batek zerbait egin dezakeenik berak bakarrik, gizartearentzako edo jendearentzako. Emakumeok garbi daukagu taldean jokatu behar dugula, gure rolean finkatuta dago, eta, gainera, ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.