Iñaki Viñasprek irabazi du saioa, eta osatuta dago finaleko seikotea

Martxoaren 30ean jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizen
Iñaki Viñaspre irabazlea, atzoko saioko bertsoaldi batean.
Iñaki Viñaspre irabazlea, atzoko saioko bertsoaldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko martxoak 17
Arabako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa jokatu zen atzo, Dulantzin, eta bertsozaleek ez zuten kale egin. Beñat Garaiok, Paula Amilburuk, Oihane Pereak, Rikardo Gonzalez de Duranak, Iñaki Viñasprek eta Aroa Arrizubietak abestu zuten, buruz buru, finalera heldu aurreko geltokian. Areto txikia aukeratu zuten saiorako —150 pertsona inguru kabitzen ziren—, baina emaitza paregabea izan zen. Gertutasuna sortu zuen aretoak berak, eta saioan ikusleek ere parte hartu zuten kantuan, ahal izan zuten aldiro.

Iñaki Viñasprek lortu zuen lehenengo postua eta, ondorioz, finalerako zuzeneko azken txartela. Xabi Igoak eskuratu zuen aurreko saioko lehen postua, Legution. Gainontzekoak puntuazioaren arabera sailkatu dira. Martxoaren 30ean jokatuko da finala, Gasteizko Printzipal antzokian. Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta izango dira, aurreko finalari begiratuta, sorpresak.

Atzoko saioan, umore puntuak utzi zituzten bertsolariek agurretan. Gaztetan Dulantzin jasotako kalabazak gogoratu zituen Rikardo Gonzalez de Duranak, esaterako. Barreak sortzetik haratago, giro bikaina sortu zuten bertsolariek aretoan. Agurrekin hasi ahalaz bat garbi utzi zuten ikusleek ez zirela entzutera bakarrik etorri. Hasieratik errepikatu zituzten puntuak bertsolariekin batera.

Lan puntuagarria

Lan puntuagarriarekin hasita, hiru ofizio osatu zituzten saioaren hasieran: hamarreko handia, zortziko txikia eta hamarreko txikia. Gai serioekin ekin zioten bertso bidaiari. Agurrek berotuta utzi zuten giroa, baina ofizio guztietan jakin zuten bertsolariek saio on bat osatzen eta giroa lasaitzen, gai serioak zirela medio. Oihane Perea eta Aroa Arrizubietak lan bikaina osatu zuten. Perea adin txikikoen harrera etxe batean zegoen, eta ihes egitea erabaki zuen. Arrizubieta tutorea zain zeukan harrapatu eta etxera itzuli zutenean. «Harrera etxe deitzen diote/ kartzela bat da, ordea», bota zuen ihes egindako gazteak. «Uler dezaket lau paretako/ etxea dela kartzela./ Uler dezaket pasa duzula/ iragan latza, krudela./ Baina halere Oihane maite/ ez zaitez jarri horrela,/ eta ihesa al da zuretzat/ aukera ona, itzela?/ Ez al zaitut tratatu bada/ nahiko zenukeen bezela?», erantzun tutoreak.

Zortxiko txikiaren txanda izan zen hurrena. Orduan bai hartu zuen umoreak oholtza. Punturik onenak Iñaki Viñasprek eta Oihane Pereak bota zituzten. Bikote erretiratu bat osatzen zuten biek; autoaren karneta galdu zuelako, autoa saldu nahi zuen Viñasprek, gidabaimenik behar ez duen bat erosteko. Perea ez zegoen ados, eta bota zion: «Baina guk arzenetik/ pena emango dugu». Erraz erantzun zion Viñasprek: «Ni erditik joango naiz/ harroa bezela,/ ta arzenetik besteak/ pasa daitezela».

Azken ofizioa hamarreko txikian izan zen. Gai serioak jarri zituen izatez gai jartzaileak: bikotearen semeari haurrak nondik datozen nola azaldu, esaterako; edo lan segurtasun eske zebiltzan bi langileena. Bertsolariek, ordea, kasu horietan ere topatu zuten umoreari tokia egiteko modua. Beñat Garaiok eta Aroa Arrizubietak bete zuten lana umoretsuen. Erretiratuak ziren biak, eta, euren protestak komunikabideetan indarra galtzen ari zirenez, ideia berrien bila zebiltzan. Bertso bakoitzean ideia berriak gehitu zizkioten hariari, hala Arabako Bertso Txapelketako finalean sariak banatzea, nola saskibaloiko Lauko Finaleko partida betean biluzik salto egitea kantxara. Garaiok garbi utzi zuen garai berriak aplikatu behar direla: «Gizartean bizi dugu/ lipdup-en krisia».

Kartzelako bakarkako lana

Behin ofizioak bukatutakoan, kartzelaren txanda iritsi zen. Hiru punturi erantzun eta bakarka bi bertso osatu behar zituzten bertsolariek. Paula Amilburuk ederki josi zituen bertso erantzunak, batez ere lehenengoa. «Memorian daukagu/ hainbat gertakari», jarri zioten. «Begira diezaiogun/ orain Martxoari./ Berdin digu hirua/ edo zortziari./ Seinale da egiten/ gabiltzala ongi», erantzun zuen.

Bakarkako gaia «beldurra gainditu duzunetik, zure umoreak hobera egin du» jarri zuen gai jartzaileak. Gaiari hamaika modutara heldu zioten bertsolariek. Umetan jazarpena jasan duenaren roletik abestu zuen Garaiok, eta beldurrak galtzen dabilen bertsolarienetik Arrizubietak. Azken hori ikusleekin gogoratu zen lehen bertsoaren bukaeran: «Txapelketako final erdian/ nik ezin dezaket ahantzi./ Zu pasatuta ezberdina naiz,/ eskerrik asko, Dulantzi». Bakarkako lanean, Oihane Pereak bertso bikainak abestu zituen. Iktusa jasan duen emakume baten ikuspuntutik hartu zuen gaia: «Duela bi urte izan zen/ gauzak argi esateko./ Lan handia egin nuen nik/ ibiltzeko, mintzatzeko./ Oraindik totelka nabil ni/ zailtasun hauek tarteko,/ baina txapela be badaukat/ horretaz gogoratzeko/ ta opari bat oso handia/ alabari emateko:/ Beldurrik ez dugula behar/ zoriontsu izateko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna