Musika

Iraultzaren krabelinak kantu bihurtu zituen

Salazarren diktaduraren aurkako protesta kantagintzaren oinarrietako bat zendu da: Jose Mario Branco. 'Mundam-se os tempos, mundam-se as vontades', 'FMI' eta beste zenbait abestik egin zuten, batik bat, ezagun.

Ane Eslava.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez dago ereserkirik gabeko iraultzarik. Ordena ezarria aldatzeko prest daudenek doinu bat izaten dute beti, eta Portugalgo Krabelinen Iraultza ez zen salbuespena izan. Jose Afonso eta haren Grandola Vila Morena bihurtu ziren Apirileko Iraultzaren sinbolo nagusi, baina izan ziren beste izen batzuk ere, herrialdearen historiara igaro direnak. Horietako bat Jose Mario Branco izan zen, diktaduraren aurkako ahots konprometitu eta Portugalgo protesta kantagintzaren oinarrietako bat. Asteartean zendu zen, 77 urterekin, iktus batek jota.

Jose Mario Monteiro Guedes Branco izenarekin jaio zen, Porton, 1942an. Maisu-maistren semea zen; Historia ikasten hasi zen, baina ez zuen amaitu, kantugintzan eta diktaduraren aurkako borrokan sartu baitzen buru-belarri. Gaztetatik poesia izan zuen afizio: 12 urterekin hasi zen Portoko kafetegietako poeten tertuliak entzutera joaten. Han ezagutu zituen Antonio Rebordao Navarro, Egito Gonçalves, Eugenio de Andrade eta beste batzuk. Gazte-gaztetan katoliko praktikatzailea zen, baina beste bide bat hartu zuen azkar, eta 16 urte ingururekin Portugalgo Alderdi Komunistan sartu zen. 1960ko hamarkadan erbestera, jo behar izan zuen, Frantziara, 20 urte pasatxo baino ez zituenean.

Etxetik urrun egonda ere ez zion sortzeari utzi, eta 1971n haren lanik esanguratsuenetako bat ondu zuen: Mudam-se os tempos, mudam-se as vontades , Natalia Correia, Alexandre O'Neill, Sergio Godinho eta Luis de Camoes poeten testuetan oinarritua. Azken horrenak dira diskoari izena ematen dion kantuaren hitzak, eta aldaketak eta iheskortasuna dituzte mintzagai. Lan hori mugarria izan zen, ez soilik artistaren ibilbidean, baita Portugalgo musikaren historian ere. Egun, ezinbesteko lan bat da oraindik ere, 1972an argitaratu zuen Margem de certa maneira-rekin batera. Haren sormen artistikoaren funtsa «askatasuna» zela esaten zuen Brancok, eta diktadurarekiko oposizioak, zentsurak, zapalkuntzak eta errepresioak zeharkatu zuten haren lana.

Erbestean, Parisen, asko markatu zuen esperientzia batek: 1968ko Maiatza. «Sinestezina» izan zela esaten zuen Brancok; «katarsi libertario eder bat, gero erori egin zena». Iraultza ondoren itzuli zen sorterrira, 1974an, eta Açao Cultural-Vozes na Luta taldea sortu zuen, musikari engaiatuak biltzen zituen kolektiboa. Etxera bueltatzerako ezaguna zen, eta Jose Afonsoren gisako izen handiekin lan egin zuen.

1982an, beste disko gogoangarri bat eman zuen: FMI. Lanari izena ematen dion abestia da nabarmentzekoa; 1979ko otsaileko gau batean, «kolpe batez» sortutako hogei minutuko kantua; erritmo biziko hitz uholdea, non ironiaz aurpegiratu zien politikariei herritarren interesen defentsan porrot egin izana. Harreman berezia zuen abestiarekin, eta irratian jartzea debekatu zuen.

Abestiak zabaldu beharra

2004an ondu zuen azken diskoa: Resistir e vencer, Ekialdeko Timor herriaren omenez, Krabelinen Iraultzaren ondoren Indonesiak inbaditu baitzuen, eta urte luzez jasan baitzuen okupazio militarra, 2002an independentzia lortu arte. Iaz, mende erdiko ibilbidea atzean zuela, Ineditos (1967-1999) bilduma kaleratu zuen, biniloan eta zintan besterik ez zeuden 26 kanturekin. Brancok esan zuen horiek konpartitzeko «beharra» zuela, ez zituelako bere sentitzen: jendeari eman nahi zizkion, kantuek «bizia» har zezaten. Produkzio lanean ere nabarmendu zen: besteak beste, Camane fado kantariaren diskoak ekoitzi zituen.

Azkenaldian etsipenez begiratzen zion gizarteari: iaz, esan zuen mundua «itsusi» zegoela, «deskulturalizazio» prozesuan: «Ez dago kontakturik liburuekin, ez historiarekin, ez mugimendu sozialekin». Haren heriotzak erreakzio ugari eragin ditu Portugalen; esaterako, Marcelo Rebelo de Sousa presidenteak esan du «ahotsaren bitartez gizartea aldatu nahi zuen belaunaldi baten erreferentzia» izan zela. Haren ondarea geratu zaie portugaldarrei: hamabi disko, kolaborazio ugari eta protestarako grina bizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.