Musika

Trauma baten aringarri

Pandemia bete-betean eta hark eraginda sortu ditu Sharon van Etten kantari estatubatuarrak 'We've Been Going About This All Wrong' bere seigarren diskoko hamar kantuak.

Los Angeleseko bere etxean grabatu du disko berria Sharon van Ettenek. TORBEN CHRISTENSEN / EFE.
mikel lizarralde
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Orain dela ia hiru urte pasa, New York utzi eta Los Angelesera lekualdatu zen Sharon van Etten (New Jersey, AEB, 1981), bikotekidearekin eta bi urteko semearekin, bere musika ibilbidea «dibertsifikatzeko» asmoarekin eta baita «etengabeko bira batean» ez egotea zer den deskubritzeko ere. Ordurako arrakasta handia lortua zuen bere aitorpen kantuekin, ikus-entzunezkoetarako jauzia ere egina zuen, eta «geldiune» bat behar zuen. Berak nahi bezala ez izan arren, 2020ko martxoan, beste artista askori bezala, geldiune hori iritsi zitzaion pandemia formarekin.

«Nire disko guztiak denbora tarte jakin batean idatziak daude, eta hau da trauma kolektibo bat bizitzen ari garen unerik espezifikoenean egindakoa». We've Been Going About This All Wrong-ez (2022) ari da Van Etten, Because I Was In Love-rekin (2009) hasi zen ibilbidean seigarrena egiten duen lanaz. Trauma kolektibo horrek ezinbestean eragin du Van Ettenen musikan, nahiz eta norbanakoaren ikuspuntutik segitzen duen kantatzen, bere esperientzia eta sentimendu pertsonalak lehen planoan jarriz.

Van Ettenen musikak beti funtzionatu izan du nolabaiteko egunkari pertsonal baten moduan, eta We've Been Going About This All Wrong-en are eta nabarmenagoa da hori. Garai zail batean idatzia, «mundua erortzen ari zen bitartean», abesti ugaritan kantariak bere buruari galdetzen dio munduan duen lekuaz, semearekin izango duen harremanaz eta baita munduak berak izango duen etorkizunaz ere.

Kaliforniako etxean eraikitako estudioan grabatu du diskoa Van Ettenek, eta, neurri handi batean, Remind Me Tomorrow (2019) bere aurreko diskoaren sonoritatetik aldendu da. Lan hartan elektronika ilunarekin, erritmo gordinekin eta sintetizadoreekin lan egin ondoren, We've Been Going About This All Wrong pausatuagoa da, beroagoa, crescendo-z josia eta epikarako joera bat ere baduena.

Horren adibide garbia da Darkness Fades diskoko lehenengo kantua. Modu geldoan hasten da, gitarra akustiko batekin, eta, poliki-poliki, musika tresnak gehitzearekin batera, gora eginez doa, modu ia katartikoan bukatzeraino. Kantu horretan haur batekin bizitzera ohitzen ari den bikote baten ikuspuntutik abesten badu, Home to Me dramatikoan zuzenean abesten dio semeari, eta baita Far Away etereoan ere —Cocteau Twins taldeko Elizabeth Fraserren kantatzeko modu batzuk bere eginda—. «Kantuetan nire semearentzako mezu ezkutuak sartzen ditut, urte batzuk barru uler ditzan», azaldu du abeslariak.

Singlerik gabeko diskoa

Van Ettenen iritziz, We've Been Going About This All Wrong disko konpaktua da, hasi eta buka entzun beharrekoa. Horregatik, azken hilabeteetan kaleratuz joan den kantu solteak —Porta, Used to It eta Like I Used To, azken hori Angel Olsenekin grabatua—, diskotik kanpo gelditu dira. «Disko bat atera aurretik hiruzpalau kantu argitaratzen badituzu, jendeak konexio zuzen bat izaten du horiekin, eta eramaten du pentsatzera era batekoa izango dela diskoa».

Singlerik gabeko diskoa izan arren, We've Been Going About This All Wrong-ek baditu funtzio hori bete zezaketen kantuak. Agerikoena, Mistakes, aurreko diskoko Seventeen euforikoarekin lotu daitekeen pilula dantzagarria, baina baita I'll Try eta Headspace ere, biak ala biak Remind Me Tomorrow-n garatu zituen soinuetara gerturatzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.