Bazen beste New York bat

Bizi zen garairako ikusmolde aurreratua izan zuen Dorothy Parkerrek, eta ironia eta sarkasmoa baliatu zituen inguratzen zuen munduaz hitz egiteko. Orain dela 50 urte hil zen luma zorrotzeko idazlea.

Dorothy Parker idazlea, bere estudioan. BERRIA.
Naiara Elola.
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Emakumeen modernotasunaren eta independentziaren ikurretako bat da Dorothy Parker idazlea (1893-1967). 1920ko hamarkadako urte zoriontsuetan emakumeak etxetik kanpo lanean hasi eta menpekotasunaren tranpez ohartzen hasi zirenean ekin zion idazteari New Yorkeko luma zorrotzak. Sarkasmoa, umore zuzena eta ironia izan zituen bere idazkeraren ikur nagusi. Poesia, literatura kritikak, gidoiak eta nobelak idatziz, autore arrakastatsu bilakatu zen. Autosuntsitzeko nahia berezkoa zuen, eta heriotzaren gaiari jiraka eta bueltaka ibiltzea atsegin zuen. «Bai, bizirik nago, baina ez da hori nik nahi dudana», zioen. Birritan bere buruaz beste egiten saiatu ondoren, hotel batean hil zen bihotzekoak jota, duela 50 urte. Egun existitzen ez den New York hartako lekukoa izan zen.

Bizitzea tokatu zitzaion garairako, munduaren ikusmolde aurreratua zuen. Engaiamendu politiko handiko emakumea izan zen. Horregatik, hil ondoren, bere ondarea Martin Luther Kingen fundazioaren esku utzi zuen.Amildegiaren ertzean orekari eusten igaro zuen bizitza osoa. Bestondoaren izpiritua beti ondoan izaten zuela esaten zuten hura ezagutu zutenek. 1918an, Vanity Fair aldizkari ezagunean hasi zen idazle moduan lanean. Poesia idazten zuen batez ere; hark zerabilen tonu iluna nabarmentzen zuten garai hartako kritikariek.

Aldizkarian ezagutu zuen Parkerrek lagun min izan zuena, Robert Benchley, baita Robert E. Sherwood ere. Hirurak, New Yorkeko Algonguin hotelean bazkaltzen hasi ziren egunero-egunero. Hala sortu zen Mahai Borobila deituriko kluba. Garai hartako artista, idazle eta aktore ezagunenak elkartzen ziren bazkaltzeko, tartean, Franklin Pierce Adams eta Alexander Woollcott zutabegileak, eta Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleak. Bazkari horien karietara hasi zen hedatzen Parkerren fama, pertsona burutsu eta umoretsua zelakoa.

1920tik aurrera Vanity Fair aldizkariak argitaratutako zenbait artikulu kritiko zirela tarteko, kaleratu egin zuten. Harold Rossek 1925ean The New Yorker sortu zuenean, argitalpen kontseiluko kide izendatu zuen. Hor hasi zenidazlearen arorik oparoena. 1926an, Enough Rope (Nahikoa soka) lehenengo poema liburua kaleratu zuen. 47.000 kopia baino gehiago saldu zituen. Lan horretan hasi zen idazlearen eta heriotzaren arteko «maitasun istorioa». Izan ere, hil egin nahi zuela adierazi zuen jendaurrean. Bi aldiz saiatu zen. Marion Meadek idazleaz egindako biografian honako hau jaso zuen: «Suizida batek dituen baliabide eskasen eraginez, hobe da bizitzen jarraitzea». Hala, ez zion utzi goizero jaikitzeari. Baina hortzak garbitzen zituen bitartean, bizar xaflari begira egoten zen. Garai emankor horretan idatzi zituen Sunset Gun (Egunsentiko arma), Death and Taxes, (Heriotza eta zergak), Laments of Living (Bizitzaren lantuak), edota Rope, Gun, and Death (Soka, arma eta heriotza) lanak. Lan bakarra ekarri da euskarara: Hona hemen gu biok kontakizun liburua, Mirentxu Larrañaga Sueskunek itzulia. Garai horren ondotik iritsi zen idazlearen arorik ilunena.

New York eta mundua oso azkar hasi ziren aldatzen, eta, beraz, Parkerren modernotasuna anakroniko samar gelditzen hasi zen. Hala, idaztean baino gehiago, engaiamendu politikoan jarri zuen fokua 1930eko hamarkadatik aurrera. Aintzat hartu behar da, garai gatazkatsuan bizitzea egokitu zitzaiola: Lehen eta Bigarren Mundu Gerrak, Lege Lehorra eta Depresio Handia. Garai hartako editoreen irudiko, berezkoa zuen distira galdu zuen Parkerren prosak, eta giza eskubideen defendatzaile sutsu bilakatu zen.

Emakumeen askatasun egarriz betetako idazlea alkoholak itota hil zen duela 50 urte. Baina huraxe da egun jada galdua den New York ilun bezain urratzaile haren ikurretako bat. Iragan mendean idatzitakoek indarrean diraute: ez delako posible hark horrenbeste desio zuen «askatasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.