Utziko dio izkiriatzeari

Junes Casenave-Harigile idazlea zendu da, 94 urterekin. Hogei bat pastoral idatzi zituen, bi hiztegi apailatu zituen, eta sineste zaharrak ere bildu zituen liburuetan
Junes Casenave-Harigile, 2012an, <em>Xiberoko antzertia edo pastorala</em> aurkezterakoan.
Junes Casenave-Harigile, 2012an, Xiberoko antzertia edo pastorala aurkezterakoan. JOANES ETXEBARRIA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko irailak 25
«Erraiteko idazten dudala, so egizu… [orrialde sorta erakutsi digu, denak izkiriatze]. Ikusten duzu? Idazten dizut Ebanjelioaz eta zernahitaz: naturaz, barne sentimenduaz, historiaz... Badut ahala, eta idazten dut», Miel Anjel Elustondok egin elkarrizketatik (Argia, 2010) atera parte hori Junes Casenave-Haragileren (1924, Santa Grazi - 2018, Betharram, Biarno) biziaren adierazle izan daiteke. Atzo amaitu zaion bizia. Bihar izango da hileta elizkizuna, 15:30ean, Betharramgo lagundian (Biarno). Han iragan ditu bere azken urteak, luzaz Altzain (Zuberoa) erretore izan ondotik. Letretan irakasle ere izan zen, baita zuzendari ere Donapaleuko Etxekopar kolegioan.

Euskararen aldeko egin lana utziko du ondare. Hasteko, hark idatzi dozena bat pastoral badira emanik, eta beste bederatzi ditu eman gabeak. Horien artean, lehena sorterriaz, Santa Graziz, 1976an. Bi hiztegi ere uzten ditu. Bata Français-eüskara, eüskara-français, bestea Latinetik euskarara. Baditu olerki anitz ere publikatuak. Maiatzekin andana bat, baita Hatsa poesiarekin ere. Oskorrik ere musikatua du bere Amoros gaixoa poema.

Idatzi ditu Basabürüko ipuinak (Izpegi) eta Aroa (Astobelarra). Herri sendakuntza eta sendagingoa Zuberoan liburua ere egin zuen Txomin Peillenekin. Peillenek honela gogoratu du adiskidea: «Mundu honetan ezagutu dudan gizonik kuriosena zen. Apaiza zen. Bazekien batzuek absolutoki sinesteko beharra dutela. Baina bazekien apaizgotik kanpo bizitzen eta pentsatzen. Ez zituen batere mespretxatzen lehengoek pentsatzen zutena».

Azkenean, dena lotua ikusten zuen Casenavek berak: «Aitzinekoak edo oraingoak urrats berean ari gara. Egia da giristino garela, eta giristino bezala Jesusen dugula gure sinestea. Hori dugu berme bezala, baina beste gauzak sartzen ahal dira horrela. Zergatik ez?» (BERRIA, 2010). Aroa liburuaz egin elkarrizketan zituen eman esplikazio horiek. Basajaunak aipatzen ditu liburuan. Baita ezagutu balitu bezala ere aipatzen. Egiazki ikusi ote zituen galdera egiteko gogoa sortzeraino. Eta hor ere bere zeharkako erantzunean ematen zuen zer ulertua: «Ez zait agertu bide horietan. Eta erraten zutenei ez dakit agertu zitzaien, baina kontatzen zuten. Zeren eta, badakizu, aitzinetik ez zen eskolarik, baina eskolatzen zituzten haurrak beste manera batera. Jakitateak haurrak formatzeko eginak ziren».

Bazuen krema bat ezaguna, larruko eritasunak kentzeko balio zuena, 11 sendabelarrekin egina. Bere ama santagraztarrak eta bere aita oihanzainaren jakitatetik ikasia. Hark berak transmititzen segitzen zuena. Urrundik heldu zitzaizkion krema eta errezetaren bila. Sendabelarretan ari den Jokin Zaldunbidek bildua dio errezeta. Eta krema egiten segitzen du. Ontsa gogoan du nola erraten zuen Casenavek. Azkenean sendabelarrak hortxe direla, etxe ondoan, atea irekitzea aski dela.

Eskuekin ere praktikatzen zuela gogoratu du Peillenek: «Bazekien eskuekin sendatzen. Oroit naiz emazteak eskuan min zuela, ez zuen ontsa erabiltzen, ez zabaltzen eta... Casenavek erran zion zerbait eginen zuela, eskua iragan zuen emaztearen eskuaren gainean, eta erran zidan halako berotasun bat sentitu zuela». Grabatuak ere izan ditu diskoak Casenavek, gorputza lasaitzeko aholkuak emanez. Hark berak gimnastika eginez hasten zuen eguna egunero goizeko bostetan. Atzo arte.

Boz handi bat isildu zaigu

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna