Literatura

Sizilia, botere harremanen gakoa

Leonardo Sciascia, idazle siziliarra uharte horretako gertaeretan oinarritu zen mafiaren erretratua ontzeko, eta mafiak estatuarekin eta Elizarekin zituen harremanak agertzeko. Jaio zela ehun urte bete dira asteon.

Idazle izateaz gain, irakaslea, kazetaria eta politikaria ere izan zen Leonardo Sciascia. Batik bat, jorratutako esparru guztietan erakutsitako konpromiso etikoagatik da gogoratua gaur egun. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Idazle bati eragiten dioten indarren artean, testuingurua ageri da ezinbestean. Garaitik eta bizilekutik aldentzeko saiakerak saiakera, inguruan duen horrek lortuko du, nola edo hala, sortzaile are isolatuenaren hitzetan ere arrastoa uztea. Agian izaera saihetsezin hori dela-eta heldu diote idazle askok errealitate enpirikoa txikitasunetaraino ere agertzeari, hari muzin ezin eginda bere gordinean eta itsusian erakusteko xedearekin. Literatur sistema askok izan dituzte gisa honetako kronikari ezagun eta trebeak, eta Italia, beste hainbat bertute literariotan bezala, horretan ere gailendu izan da. Izen horietako batek, Leonardo Sciasciak, 100 urte beteko zituzkeen herenegun: 1921eko urtarrilaren 8an jaio zen, Racalmuton, eta 1989ko azaroaren 20an hil, Palermon, 68 urte zituela.

Sizilia izan zuen sorleku, baita bere obra gehienen kokaleku ere. Autore oparoa izan zen: ondu zituen 30 bat obretan hainbat literatur moldetan aritu zen, saiakera, eleberria eta antzerkia jorratu baitzituen, eta gaien aldetik ere hainbat jomuga izan zituen, Stendhal edota Cervantesen obrak izan baitzituen hizpide, besteak beste, saio horietako batzuetan. Zendu zenetik hiru hamarkada igaro ondoren, ordea, Sciascia eleberri beltzarekin lotzen da gehienbat, eta hori da, hein handi batean, literaturari egin zizkion ekarpenetatik unibertsalena, nahiz eta, paradoxikoki, tokiko gaietan izan sorburua. Izan ere, mafiaz eta ustelkeria politikoaz mintzatzeko Italiako irlatik apenas urrundu zen arren, haren lanen asmoa bazen tokiko egoeretatik abiatuta boterearen erretratu orokor bat ematea: Sizilian, mafiak, estatuak eta Elizak zuten harremana salatu zuen, baina, era berean, krimenaren globalizazioaz ere ohartarazi zuen, sizilianizazio deitzen zuen fenomeno horretaz, hain justu: «Siziliaren errealitatea ondo ezagutzen duen idazle italiar bat naiz, eta konbentzituta nago uharte honek eskaintzen duen arazo eta kontraesanen sintesia mundu modernoaren metafora izan daitekeela».

Irakurle andanak eta are mafiako kide batzuek ere zorroztasuna aitortu izan diote krimenaren amarauna agerian uzteko saiakera horretan, eta mafia eta haren loturak modu «entziklopediko» batean azaltzen dituela ere goraipatu izan diote kritikoek. «Sortzeko fantasia handirik» ez zuela onartu zuen Sciasciak berak elkarrizketa batean, baina, eta fikzioaz sarritan baliatu arren, obra batzuk osatzeko ez zuen aparteko irudimen lanik behar izan, benetan jazotako baina ia ahaztutako gertaeretara jo zuelako, adibidez, Porte aperte (Ate irekia) eta Il caso Moro (Moro kasua) obrak ontzeko. Era berean, Sciasiak ez zuen asko arakatu beharrik izan indarkeriaren ereduak biltzeko, horiez inguratuta egon baitzen txikitatik, mafiaren erailketak eguneroko kontua baitziren Racalmuton.

Isilpekoak nola helarazi

«Kontzientzia zurrunekoa», «erostezina», «independentea». Idazteko maneragatik ez ezik, haren izaera etikoagatik ere laudatua izan zen Sciascia, eta hura ez zuen soilik literatur lanen bidez adierazi, artearen esparrutik kanpo ere erakusteko abagunea izan baitzuen. Izan ere, ezagunena izanagatik ere, idaztea ez zen izan sortzailearen ogibide bakarra. Racalmutotik Caltanissetta udalerrira lekualdatu zen irakasletza ikasteko, eta, ikasketak bukatu eta berehala, jaioterrira itzuli zen, 1949tik 1957ra irakasle aritzeko. Urte hartan, Caltanissetara mugitu zen berriro, eta han egon zen eskolak ematen 1969ra arte. Urtebete geroago erretiratu behar izan zuen, baina ordurako murgilduta zegoen jada literaturaren munduan, 1956an argitaratu baitzioten lehenbiziko obra, Le parrocchie di Regalpetra (Regalpetrako parrokia), eta, are, mafiaren inguruan ere hitz egiten hasia zen dagoeneko, 1961ean publikatu baitzuen gaiaz idatzi zuen liburuetatik lehena, Hontzaren eguna (Koldo Bigurik itzuli zuen euskarara, 1991n, Literatura Unibertsala bildumarako). Obra hartarako ere errealitatetik hartu zuen lehengaia, nobela Accursio Miraglia sindikalista komunistaren erailketa argitzeko idatzi baitzuen.

Irakaskuntza utzi eta gero, Corriere della Sera egunkarian eginiko kazetari lanarekin uztartu zuen literatur jarduera, eta, 1975ean, politikara egin zuen jauzi, Palermoko zinegotzi izateko hautatu zutenean. Italiako Alderdi Komunistarekin aurkeztu zen bozetara, eta, bere ustez, ezin zitekeen beste modu batera izan: «Sizilian jaiota, ezinezkoa da komunista ez izatea», adierazi zuen. Ez zuen legealdia bukatu, ordea, hura hasi eta bi urtera dimisioa emanbaitzuen. Alabaina, alderdia uzteak ez zion politika utzarazi, eurodiputatu eta Italiako Kongresuko diputatu izan baitzen urte gutxiren buruan; halere, Alderdi Erradikalaren eskutik, orduan. Politikaren esparruan egindako lanaz gain, ordea, bere izaera konprometituaren mitoa hanpatuko zuen azken ekintza egin zuen, hil baino hilabete gutxi lehenago: Antimafiaren profesionalak artikuluan, hainbat politikariri eta epaileri leporatu zien mafiaren kontrako jarduna euren prestigioa handitzeko tresna gisa erabiltzea. Bere garaian kritikak jaso zituen salaketaren harira, baina egun, Sciasciaren etikaren azken erakustalditzat gogoratzen da, minbiziak isildu baino lehen botatako azken oihu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.