Literatura

Olaf Stapledon, geroaren idazle

Gaur egunean inor gutxi akordatzen da idazle britainiarraz, baina Stapledonen literaturak idazle handi ugariren estimazioa jaso izan du. Besteak beste, imajinazio neurrigabea eta idazlanen sakontasuna goretsi izan dizkiote.

Olaf Stampledon idazleak 1930. urtean plazaratu zuen Last and First Men (Lehen eta Azken Gizakiak) liburua. BERRIA.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Last and First Men (Lehen eta Azken Gizakiak) liburua plazaratu zuenean, 1930. urtean, zientzia fikzioa zer zen ere ez zuen jakingo Olaf Stapledonek, hitz horiekin ez behintzat, baina haren lanen arnasa luzeak nekez izango du konparaziorik literatura espekulatiboaren esparruan, XX. mende beranduagoan zientzia fikzioak emandako idazle izarrak ere aintzat hartuta. Haren obra gogoeta-pizgarri da, eta eguneroko sineskera mundutarren durduzagarri, zientzia fikzio ona ohi den antzera; leitu, eta irudipena ematen du ezen Stapledonek esku artean erabiltzen duela giza kondizioa bera, eta, esku batekin zorrotz aztertzen duen bezalaxe, beste eskuarekin auzitan jartzen saiatzen dela, arrakala bila.

«Liburu honek bi egile ditu, irakurleen garaikidea bata, eta haiek etorkizun urruntzat joko luketen aro batean bizi dena bestea. Esaldiok sortzen eta idazten ari den burmuina Einsteinen garaian bizi da. Baina ni, liburu hau egiaz inspiratu eta buru honetan erne duena, izaki primitibo honen ernalkuntzan eragin duena, beste aro batean bizi naiz, zeina Einsteinentzat etorkizun urrun-urrunean baitatza». Lehen eta Azken Gizakiak liburuaren hasiera gogoangarrian Azken Gizakietako bat mintzatzen da, hau da, hemezortzigarren giza espezieko kide bat, gaurko mundutik bi mila milioi urtera bizi dena; gizateriaren behin betiko akabantza ate joka duela ikusirik, etorkizuneko narratzaile horrek Lehen Gizakiarengana jo du, gaurko eguneko gizakiengana, alegia, espeziearen bi mila milioi urteko historiaren berri ematera, hasi aurrenekotik eta hemezortzigarreneraino. Historia oso hori du kontagai Lehen eta Azken Gizakiak obrak, zabalaren zabalez ia harrapatu ezinezkoa den historia bat, etorkizun den ororena, non denbora milioika urtetan neurtzen den, eta zibilizazioak bata bestearen atzetik jaiotzen diren, garatzen, gailentzen eta amiltzen, gero berriak sortzen eta horiek ostera ere gain behera etortzen, giza espezieak ere sortuz eta galduz doazen bezalaxe; historia bat non bolada luzetan gizakien arrastorik ere ez den geratzen bizigai izandako lurrean, baina espezieak etengabe ekiten dion eboluzioari eta zibilizazioari, noiz huts-hutsetik, noiz aurreko gizakien altzoan, baina beti aurrera ezinbestez. Hain da oro-hartzailea eta urrutirainokoa Stapledonen begirada, ezen, zenbat eta geroan urrunagoak izan gizakiak, orduan eta gaitzagoa baita haiek irudikatzea ere, eboluzioan horren aurreratuak daudenez gaurko gizakien aldean. Testuak ere ederki asmatzen du arroztasun sentipen horretan sakontzen; etengabe azpimarratzen du etorkizun urrutiaren estrainioa eta ulergaitza, eta halarik ere gardentasun txundigarriz komunikatzen. Stapledonek irudikaezina ulertarazten du, edo uste horretara iruzurtzen du irakurlea, gauza bera baita literaturan. Gai da gaur egungo irakurleei sinetsarazteko ezen konprenitu dutela kontatu zaien hura, haien entendimentu murritzari eskapo egiten dion arren.

Nahiz eta etorkizuneko narratzailearen hitzek nolabaiteko marko batean ixten duten Stapledonen liburua, kasik nobela bat balitz bezala, ez dago nolanahiko fikzio lantzat jotzerik, saiakeraren esplikazio tonuan baitago idatzia, kontatzen duen gehien-gehiena fikzio hutsa izan arren. Fikziozko saiakera izan liteke, geroaren historia asmatua, nobela espekulatiboa bere goren gradura eramana... Edonola esanda ere, imajinazio neurrigabe baten fruitua da, eta gaitasun literario handiz kontatua gainera. Horren erakusgarri da nola doazen doituz, liburu osoan, narrazioaren erritmoa, denbora eta ikuspuntua: hasieran, Lehen Gizakiari buruz hitz egitean, Stapledonek astia hartzen du XX. eta XXI. mendeetako etorkizun gertua xehetasunez imajinatzeko, geopolitikari erreparatuz, adibidez, eta detaile handi xamarrean deskribatuz Lehen Gizakiaren garapena eta gainbehera. Aurrerago egindakoan, milaka urte igaro eta egungo testuingurutik urrutiratu ahala, denbora abaila biziagoan pasatzen da, eta ikuspuntua ere horren arabera zabaltzen. Akaburako, Stapledon kapaza da milioika urte esaldi bakarrean kitatzeko.

Stapledonen lanean gizakiaren historia zabala eta gorabeheraz josia den arren, igartzen zaio liburu osoan barrentzen den pentsamolde errepikatu bat, zeinaren arabera giza izatearen erdi-erdian baitago unibertsaltasunaren eta bereizkeriaren arteko tirabira, edo gizakiek baterako zein besterako duten joera. Espezie osoa biltzen duen komunitarismo unibertsal batean elkar hartzen dutenean, orduan baino ez dira gizakiak aurrerabidean jartzen, eta, kontrara, azken gaizto egiten dute bereizkeria eta txokokeria nagusitzen zaizkienean. Etorkizun diren denboretan, bi jarrera horiek ziklikoki tartekatuz eta uztartuz doaz, bai behintzat hemezortzigarren gizakiak akabera gertu sumatu eta liburua idazteari ekin arte. Bestalde, humanitatea bere fin behin betikoaren ertzean irudikatzen den guztietan bezala, kinka horretan nabarmen geratzen da zertan datzan giza izaera: Stapledonen lanean ematen du, antitesi zaharrari erreparatuta, gizakia gehiago dela biologia, natura, physis-a, eta ez kultura edo humanismoa, nomos-a. Zibilizazioak, jakintzak eta gizakien gainerako sorkari guztiak efimeroak dira, eta aldian behin erabat galtzen direnak; ordea, espezieak, biologiak, horiek baino ez dute irauten etorkizun diren bi mila milioi urteetan, inoiz gizakia «barbarismora» lerratuta edo ia guztiz galduta bada ere. Stapledonen obran, gaur egungo lehen gizaki ezdeusen nekeak eta kezkak hutsaren hurrengo gertatzen dira unibertsoaren mentura eskergaren parean, eta, neurri batez, gizakiaren ustezko handitasun guztia bere funts biologikorik trinkoenera uzkurtzen da, edo luzatzen, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.