Kalamityren amets zapaldua

Iruñeko Kaktus antzerki taldeak 'Nora zoaz, Kalamity?' lana taularatuko du gaur Burlatan. Emakumeei beren kabuz aritzeko jartzen zaizkien trabak islatzen ditu, umorez

Kaktus atzerki taldeko hiru kide, Nora zoaz, Kalamity? lana antzezten. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Calamity Jane benetan existitu zen emakume bat izan zen: Martha Jane Canary-Burke izena zuen, estatubatuarra zen, eta ospetsu egin zen esploratzaile gisa aritu eta Amerikako jatorrizko biztanleen aurka borrokatu zelako. Kaktus antzerki taldeko kideak pertsonaia horretan oinarritu dira beren lehen laneko protagonista sortzeko, Kalamity Jane, eta istorio berri bat asmatu dute, zenbait gairen inguruan mintzatzeko.

Keinu antzerkia eta clowna uztartuz, eta umorea baliatuz, kritika egin diote Mendebalde Urrunak ordezkatzen dituen zenbait balio eta jokabideri, hemengo gizartearen alderdi batzuk zalantzan jartzeko. Emaitza 50 minutuko antzezlan bat da, Nora zoaz, Kalamity?, eta gaur Burlatan (Nafarroa) eskainiko dute.

Itsaso Agirre Garzia, Ilunber Aiestaran Telletxea, Teresa Sarriguren German eta Garazi San Martin Boj antzerkigileek osatzen dute Kaktus antzerki taldea. Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi zuten guztiek, eta urte batzuk beranduago elkartu dira berriz. San Martinek idatzi du obra, eta guztiak arituko dira aktore lanetan.

Agirrek gorpuztuko du protagonista, eta une oro oholtzan egongo da. «Kalamity Jane Mendebalde Urruneko herri txiki batean bizi da, baina herritik atera nahi du, han lotuta sentitzen delako, betiko moldean: ezkondu egin behar du, seme-alabak izan, eta listo», azaldu du Agirrek. «Horregatik, bat-batean, kartel bat ikusiko du, eta bidaia bati ekiteko desira piztuko dio. Eta esango du: aurrera». Baina bere aita herriko sheriffa da, eta amets hori oztopatzen saiatuko da.

Kalamityk alde egin izanak haserrea piztuko du herrian: «Zurrumurruak hasiko dira, eta gezur handi bat sortuko da: Kalamity gaizto-gaiztoa dela, bere mutila abandonatu duela, bakarrik utzi duela bere aita... Eta denak bere bila hasiko dira».

Istorio horrekin islatu nahi dute, besteak beste, bere kabuz, «bakarrik», zerbait, «erokeria bat», egin nahi duen emakumearen jokabidea zalantzan jarri ohi dela, eta horrek eragiten duela harengan ere zalantzak eta beldurrak piztea. «Amets bat dugunean, kostatzen zaigu geure burua legitimatzea hori egiteko, eta askotan emakume gisa are gehiago kostatzen zaigu, badakigulako ez digutela erraz jarriko».

Joera hori gizontasun eredu jakin baten hegemoniarekin lotuta dago, eta gizontasun hori modu agerikoan ordezkatzen duen ingurune batean kokatu dute obra, cowboy artean. «Bakeroena oso mundu maskulinoa da: tiroketak daude, indarra gailentzen da, gizonen artean borrokatzen dira...», adierazi du San Martinek. Giro horretan erraza da halako jarrerak identifikatzea eta kokatzea, baina, nabarmendu dutenez, irakurketa horiek bertako gizartean ere aplika daitezke.

Umorea erabili dutenez eta pertsonaiei «marrazki bizidunen estiloa» eman dietenez, antzezlana umeentzako egokia da; baina, aldi berean, kritika egiten dute, eta erreferentzia batzuk helduek soilik uler ditzakete. Hortaz, edozein adinetako hartzaileentzat izan daiteke egokia, eta irakurketa bat baino gehiago eduki ditzake. «Umeek ikus dezakete, baina ez da infantilizatzailea», zehaztu du Aiestaranek.

Oholtza gainean lau aktoreak ageri dira. Agirrek pertsonaia bat baino ez du gorpuzten, baina gainerakoek rol asko betetzen dituzte. Aldaketak oholtzan bertan egiten dituzte, eta eserlekuetatik ikusten dira. «Dena» erakusten dutela esan du lanaren idazleak: «Antzerkia dela esaten dugu: aktore gisa hor gaude, eta pertsonaia gisa ere bai». Aiestaranek gaineratu du pertsonaien aldaketa ugariek «arintasuna» ematen diotela obrari.

Antzerkia izan arren, trantsizioek zinemaren plano aldaketen antza izan dezatela bilatu dute, «zinemaren dinamismoa». Ez dute egin western filmekin lotura izateko, baina uste dute konturatu gabe ere erabakiaren atzean horren eragina egon daitekeela.

Musikak eta argiek garrantzi handia dute. Musika Proyecto Lupa izenarekin aritzen den Mariano Morales soinu artistak egin du, eta antzerkigileak bereziki pozik agertu dira emaitzarekin.

Osasun krisiaren trabak

Pandemia betean sortu dute antzezlana, eta aitortu dute hastapenetan den talde batentzat horrek dena zailtzen duela: hartzaileekiko harremanaren kalitatea galtzen delako, batetik, eta talde berriek emanaldiak eskaini ahal izateko berez dituzten konplexutasunei testuinguruarenak batzen zaizkielako, bestetik. Hala ere, sorkuntza prozesuarekin pozik gelditu dira, eta lanean segitzeko «gogotsu» daudela ziurtatu dute.

Gaur Burlatako kultur etxean erakutsiko dute Nora zoaz, Kalamity? antzezlana, arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak aldez aurretik eros daitezke, telefonoz edo Internet bidez, edota tokian bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.