Jose Larraza. TBSko eduki arduraduna

«Saio erakargarriak egin daitezke, etengabe zarata ateratzen aritu gabe»

Movistar+ ordainpeko plataformak Vamos kirol katea sortu du, eta gaur hasiko ditu emankizunak. Katearentzako edukiak Telefonica Broadcast Services ekoizpen etxeak egingo ditu, eta horretan ariko da Larraza.

BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Madrilera lanera joan aurretik, Herri Irratian aritu zen Jose Larraza (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). Gaztetan ez zuen buruan kirol kazetaritzan ariko zenik, baina hogei urte egin ditu kirolarekin lotutako dokumentalak egiten.

Gaur jaioko da Vamos telebista katea. Nolako katea izango da?

Movistarren apustu handia izango da, kirol eduki onenen erakusleihoa. Batetik kirol albistegiak egingo dira, zorrotzak eta informazio aberatsarekin. Zuzeneko kirol emankizunak ere egongo dira. Gainera, El día después, Informe Robinson eta barne ekoizpeneko saio gehiago egongo dira. Ezkutatuago zeuden kirol batzuek, gainera, toki ona izango dute kate berrian.

Umorerako ere tarterik izango al da?

Bai. Canal+eko artxibo historikoan murgilduko gara, eta uztarketa berezi bat egingo dugu kirolaren munduak gaur egun uzten dizkigun irudi ikusgarri eta bitxienekin. Raul Perez umoregilearen lokuzioek eta imitazioek jantziko dute saioa, era berean. Denetarik izango dugu. Formatu bakoitzean produktu on bat egin daiteke, interesgarria eta erakargarria, etengabe zarata ateratzen aritu beharrean.

Movistar+ek kirol emanaldi ugari egiten ditu. Zuzeneko emankizunetan urteekin zer-nolako bilakaera egon da?

Bilakaera teknologikoa agerikoa da. Bestalde, emankizunetan eztabaidak egoten dira sare sozialetan, eta komentaristak epaituak izaten dira gupidarik gabe. Edonola ere, esango nuke sare sozialak pentsatzen dugun baino askoz unibertso txikiagoak direla. Emankizunetan, bestalde, futbolak bereganatzen du oraindikarretarik handiena, eta askogatik. Kirol minoritario askok zailtasunak dituzte arreta bereganatzeko, eta, horretan, garapen eskasa izan dugu.

Informe Robinson saioan hamar urtez aritu zara lanean. Zer erronka berri izango ditu programa horrek?

Informe Robinson formatu ezberdin gisa egonkortu da, bai kirol arloan bai dokumentaletan. Istorioen arabera berrasmatzen da saioa. Eduki batzuk mainstream izan dira; futbolari eta tenislari ospetsuen ingurukoak erraz saltzen dira. Eta badaude beste batzuk ustez saltzeko zailagoak izan daitezkeenak baina niri gehien gustatu zaizkidanak. Hain ezagunak ez diren istorioetan sakondu dezake orain saioak, berriro bere burua asmatzeko eta erregistro berriak bilatzeko.

Euskal Herrian ere grabatu izan dituzte dokumental batzuk Informe Robinson-erako. Bereziak izango ziren zuretzat, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Kirola kultura eta tradizioa ere bada; herri baten identitatearen parte da. Euskal Herrian agerikoa da. Pilotaz, arraunaz, herri kirolez, txirrindularitzaz edo mendizaletasunaz ari zarenean, kirol praktikatik harago zoaz. Sustrai batzuk daude, eta esanguratsua da gizartean nola bizi diren kirol horiek. Bizirik dagoen gizarte baten ispilu dira kirolak Euskal Herrian. Informe Robinson-en hori jaso izan dugu, kirola aitzakia bat baita istorioak kontatzeko.

Vamos katean halako istorioetan sakonduko duzue?

Bai, iruditzen zait baietz. Halako dokumentalak egin izan ditugu istorio oso onak daudelako. Vamos katean dokumental ezberdinak ere egingo ditugu, Informe Robinson-en formatutik apartekoak.

Orain arte egon ez zaren zein kirol emanalditara gustatuko litzaizuke joatea?

Europako eta munduko txapelketa askotan egon naiz, NBAko partidetan, munduko markak hausten ikusi ditut, baina ez naiz inoiz Olinpiar Joko batzuetan egon. Asko gustatuko litzaidake Olinpiar Joko batzuetara joatea, baina arazoa da lan egiten dudan kateak ez dituela ematen.

Eta zein izan da inoiz grabatu duzun lehiaketarik bitxiena?

Ingalaterrara joan nintzen behin, ginkana gogor eta basati bat grabatzera, zero azpiko hamar gradutan. Tolosako neska bat topatu nuen han, haren mutil-laguna lehian ari baitzen. Bitxia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.