Bidea egiten, mugarik gabe

Taldearen hastapenetako rock bizia atzean utzita, Arctic Monkeys talde ingelesak hari konponketa dotoreek jantzitako zazpigarren diskoa kaleratu du: 'The Car'.

Arctic Monkeysen zazpigarren diskoa da The Car. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun

Arctic Monkeys talde ingelesak 2006ko urtarrilaren 23an argitaratu zuen Whatever People Say I Am, That's What I'm Not bere lehendabiziko diskoa, izenburutik bertatik arreta ematen zuen lana. Ordurako, eta diskorik izan gabe, Erresuma Batuko musika prentsaren talde kuttuna zen —MySpace sare sozial orduan indartsuaren bitartez kantuak zabaldu ostean—, eta aurretik Franz Ferdinand, The Libertines eta Maximo Park-ekin egin bezala, zenbait komunikabidek (New Musical Express buru zela) haizatu egin zuten taldea, mende hasierako talde onenetakoa zela nabarmenduz. Artean diskorik ere ez zutela. Whatever People Say I Am, That's What I'm Not-ek, baina, garage-rockaren eta post-punkaren artean mugituz eta bere kantu azeleratu, bizi eta hipermelodikoekin, ez zuen hutsik egin, eta berehala bihurtu zuen Arctic Monkeys jarraitu beharreko taldea.

 

Whatever People Say I Am, That's What I'm Not argitaratu eta hamasei urtera, Alex Turnerrek (ahotsa, pianoa eta gitarra), Jamie Cookek (gitarra, teklatuak), Nick O'Malleyk (baxua) eta Matt Heldersek (bateria) osatutako taldea The Car diskoarekin dator bueltan, bere ibilbideko zazpigarrena dena eta laukotea bertan goxo gelditzearen kontra dagoela nabarmen erakusten duena. Izan ere, Sheffieldeko bandak pareko gutxi dituen musika bidea egin du hamarkada eta erdian, eta garage-rockera (Humbug, 2009) eta mugarik gabe rock-and-rollera (AM, 2013) salto egin ondoren, azken urteotan, Tranquility Base Hotel & Casino (2018) diskoa kaleratu zuenetik hain zuzen, gitarrak apur bat alboratu eta pianoarekin konposatzen hasi dira kantuak. Horrek dakarren aldaketarekin.

Tranquility Base Hotel & Casino-k irekitako bidean kokatzen da The Car, eta, gainera, sakondu egiten du. Izan ere, There'd Better Be a Mirrorball kantuaren doinu zinematografikoekin hasten den momentutik, The Car-en, hari konponketek orain arte Arctic Monkeysen musikan inoiz izan ez duten protagonismoa hartzen dute. Kantuen bizkarrezur bilakatzeraino — Turnerrentzat ez da berria, The Last Shadow Puppets proiektu paraleloan ere erabili zituelako, Scott Walkerren lehenengo diskoen soinua eguneratu nahian—.

Horrek berak ia bi talde ezberdin bihurtzen ditu Whatever People Say I Am, That's What I'm Not grabatu zuen hura eta 2022ko hau, nahiz eta taldekideek ez duten horrela ikusten. «Lehenengo diskoa eta azken hau lotzen dituen bide bat dago. Agian ez da agerikoa denontzat, baina, gure ustez, badira loturak», adierazi du Helderrek.

Soularen eragina

Hari konponketek gidari lanak hartzen badituzte ere, The Car ez da norabide bakarreko diskoa, eta taldearen jarratzaile zaharrenentzat ezustekoak izan daitezkeenak ere gordetzen ditu. I Ain't Quite Where I Think I Am lehenengo singleak, adibidez, bere funk baxuekin eta wah wah gitarrekin, David Bowie soul-ena ekartzen du gogora, Young Americans (1975) diskokoa. Soulak, eta batez ere soul intimista eta goxoak, leku nabarmena baitute The Car-en, ez modu ageriko eta azalean, baizik eta oinarri sendo gisa (Body Paint, Jet Skis On The Moat).

Baina The Car-en badira gitarra arpegio dotoreak dituzten kantu lasaiak (Mr Schwartz), pieza ilunagoak (Sculptures of Anything Goes), eta baita Turnerri bere crooner kantaera erakusteko bidea ematen dioten abesti apartak ere (Hello You).

Orain galdera hau da: zein izango da taldearen hurrengo urratsa?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.