Garaiz garai egokitu den azoka

Nekazariak eta abeltzainak bilduko dira gaur Laudioko Dolumin Barikuko azokan, tradizionalki abereen azoka izan den arren. Egun osorako egitaraua antolatu dute

Dolumin Barikuko azokako abereen erakustazoka, iaz. AIARALDEA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Laudio
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Laudion (Araba) ikur bilakatu da Dolumin Barikuko azoka. Urtero bezala, gaur egingo dute abereak eta nekazaritzako produktuak oinarri dituen feria. Bertaratzen diren bisitariek abereak, inguruko baserrietako produktuak eta nekazaritzarako makineria topatuko dituzte herrian, goizeko zortzietatik arratsaldeko bostak arte. Artisauek ere salgai izango dituzte eskulanak. Abereen Elkarteak du azoka antolatzeko ardura, herriko udalak emandako diru laguntzarekin. Duela 129 urte egin zuten lehenbizikoz, eta orduz geroztik egun seinalatua da herritarren egutegian.

Justo Urkijo Abereen Elkarteko kidea da, eta azokaren antolatzaileetako bat. Hark esan du azokak jakin duela garai ezberdinetara egokitzen: «Hasieran, azokaren helburua trukea zen; geroago, berriz, salerosketarako antolatzen zen. Egun, abereen erakustazoka bat da, eta horretaz elkarteko kideok arduratzen gara». Behiak, zaldiak, ahuntzak eta ardiak izango dira eguneko protagonista nagusiak. Antolatzaileak gaineratu du aurten 65 behi eta 65 zaldi ikusteko aukera egongo dela. Ahuntzei eta ardiei dagokienean, berriz, gehiago izango dira.

Prestaketa lanekin aldez aurretik hasten dira antolatzaileak. Lehendabizi, abeltzainek izena eman behar dute udalean; ostean, Urkijok azaldu duenez, izena ematen duten abeltzainekin jartzen dira harremanetan. Haien etxaldeetara joaten dira antolatzaileak, abeltzainek duten ganadua ikustera, eta bertan erabakitzen dute azokara zein abere eraman. «Abeltzainen eta haien abereen aukeraketa orekatua egiten saiatzen gara; izan ere, ezin daitezke dauden guztiak erakutsi, azoka antolatzen den lekua mugatua baita», nabarmendu du antolatzaileak. Laudioko Lanbide Heziketako ikastetxeko aparkalekuan egongo dira ikusgai abereak.

Hala eta guztiz ere, tradizionalki abeltzaintzari lotutako azoka izan bada ere, nekazariek eta artisauek ere egin dute lekua azken urteetan Dolumin Barikuko azokan. Laudioko Udalak du horien gaineko ardura; hain zuzen ere, egun horretan jarduteko baimenak hark ematen ditu. Besteak beste, baserriko produktuak dastatzeko aukera egongo da, baita erostekoa ere; eta berdin eskulangileekin. Egindako lanak erakusteaz gain, saldu ere egingo dituzte. Herriko plazan egongo dira postu horiek.

Nekazaritzarako makineriaren erakustazoka ere bilakatu da gaurko eguna. Aldai plazan egongo dira ikusgai. Urkijok esan du azken finean azoka landa eremuarekin zerikusia duen gauza ororena dela egun: «Gaur egun, tradizionalki hala ez bazen ere, guztia dago uztartuta: traktoreak, animaliak eta baserrietako produktuak».

Gorriz markatutako eguna

Gorriz. Horrela dute markatuta zenbait laudioarrek azoka eguna. Hala, Urkijok nabarmendu du «goranzko joera» izan duela azokaren egunak. Haren esanetan, zenbait herritar daude lanean jai hartu eta egunaz gozatzea helburu dutenak.

Goizeko zortzietan hasiko da festa. Ikusgai egongo dira baserrietatik herrira jaitsitako abereak, arratsaldeko bostak arte. Halere, horrez gain, egunean izango da zertaz gozatu ere. Esate baterako, musika ekitaldiak egongo dira. Arloteak abesbatzako kideak kantari arituko dira kalean, 12:30etik aurrera. Iluntzean, berriz, Santa Lutzia abesbatzaren kontzertua egongo da, 20:15ean. Idi probak ere egongo dira, gaurtik hasi eta astelehenera arte.

Hala, azokaz gain, egongo da zer egin gaurko egunean. Urkijok gaineratu du lagunekin elkartu eta eguna elkarrekin pasatzeko aitzakia ere izaten dela askorentzat: «Kalean pasatzen dugu egun guztia; kuadrillakoak batzen gara, eta, ardo batzuk edan ostean, elkartean bazkaldu ohi du jendeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.