Durangoko 55. Azoka

Kontzertu aurreko afarietako egia

Emakumezkoek musikagintzaren esparruan dituzten zailtasunak izan dituzte mintzagai Olatz Salvador musikariak, Iratxe Reparaz arte zuzendariak eta Saioa Torre kultur teknikariak Landako gunean.

Landako guneko solasaldiko une bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Kontzertuen inguruan ezagutu ditudan emakumezkoak, gehienak izan dira kontzertua hasi aurreko afaria prestatu digutenak». Detaile bakar bat, eta gordin bezain garden azaleratu zuen atzo Olatz Salvador musikariak Euskal Herriko musika eszenaren genero bereizketaren erretratua Durangoko Azokan. Mahai ingurua antolatu zuen Musika Bulegoa elkarteak Emakumearen presentzia musikaren industrian, COVID-19aren garaian titulupean, eta Salvadorrekin batera, bertan izan ziren gaiari buruz hizketan Saioa Torre kultur teknikaria eta Iratxe Reparaz DeepSodako arte zuzendaria, hirurak Leire Palacios kultur kazetariaren gidaritzapean. Guztiek ezagutu dute bertatik bertara Salvadorrek deskribatutako giro hori, eta guztiak etorri ziren bat horri aurre egiteko emakumezkoen lanaren presentzia sustatzeko beharrarekin. Baina ez zuten horrek sortzen dien barne borroka ortzi.

«Orduan, kupoen alde edo aurka?». Mahai ingurua hasi eta gutxira mahaigaineratu zuen galdera Palaciosek. Baietz hirurek, beharrezko direla, baina deserosoak ere izan daitezkeela. Salvador: «Programatzaileen aldetik jaso izan dudana da berdin duela musikari ni izan edo Izaro izan edo beste edozein». Esplizituki ere adierazi izan diote inoiz emakume izateagatik gonbidatu dutela emanaldira, eta mingarri egin zaio hori. «Zeure burua are gehiago kuestionatzera zaramatza; ez dakizulako deitu zaituzten zure musikaren kalitateagatik, edo emakumea zarelako».

Trantsizio une bat

Egungo emakumezko sortzaileei trantsizio egoera bat bizi izatea suertatu zaiela uste du Torrek. «Eta ez da momenturik ederrena». Baina eszena eraldatzeko beharrezkotzat jo ditu kuotak eta kupoak. Erreferenteak sortzen laguntzen dutelako, batez ere.

Donostia 2016 proiektuan aritu zen lanean Torre, Oreka TX proiektuaren parte izandakoa ere bada, eta egun Getxoko Udalean dabil kultur teknikari, eta bertan harrapatu du pandemiak. Atzo azaldu zuenez, berdintasunari ere kalte egin dio koronabirusak, erabaki asko «ziztu batean» hartzera behartuta egon baitira programatzaileak, eta horrek neurri zuzentzaileak ahaztera eraman baititu maiz.

Erakundeei kultura laguntzeko eskari orokorraz gain, berdintasuna sustatzeko ere eskatu zieten.

Reparazek ere ezagun du gizonezkoz betetako eszenaren erretratua. DeepSoda proiektuan dabil bera, arte zuzendari lanetan. Urteak daramatza musika munduan murgilduta, eta maiz suertatu zaio 20 mutileko taldean emakumezko bakarra izatea. «Kamerinora sartzen naizenean igartzen dut urduri jartzen direla nire presentziarekin, eta ni ere urduritu egiten naiz. Deseroso jartzen dira. Ohituta daude mutilen artean egotera, eta emakume bat agertzean uste dute jarrera aldatu behar dutela». Reparazen hitzetan, ordea, lasaitu egiten da berriz giroa kolpez. «Neskak gustatzen zaizkidala jakiten dutenean, orduan aldatzen da dena».

Baikor begiratu zioten etorkizunari, eta aurtengo urtea laburbiltzeko irudi grafiko bat utzi zuen Reparazek. «Nik ikusten dut urte bat laua, eta ni korrika hor, motel-motel, eta uneren batean hasiko dela hobetzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.