PROPOSAMENAK

Eraikinek dutenari so

Elizak, jauregiak eta museo etnografikoa ezagutzeko aukera du Oionen bisitariak. Udalerri bat da, eta barne ditu Labraza eta Gorrebusto ere

Oion (Araba) herria, eta Jasokundeko Andre Mariaren eliza. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru herrik osatzen dute Oiongo (Araba) udalerria. Izen berekoa da nagusia, eta Labraza eta Gorrebusto dira beste biak. Errioxa (Espainia) du mugakideetako bat, eta horra inguruneko paisaia ere: mahastiak. Bisitariak bertako ondareaz gozatzeko aukera izango du, udalerria osatzen duten eremuetako elizak, jauregiak eta harresiak bisitatuta.

Bi eliza dira lehenengo geldiunea. Jasokundeko Andre Mariaren eliza da lehena, eta mende batzuk atzera jo behar da haren historia ezagutzeko. 1744an hasi ziren eraikitzen, eta lau urte geroago amaitu zuten, 1748an, aurretik zegoen baten oinarriak aprobetxatuta. Hortik, Mahastietako Ama Birjinaren ermitara ere joan daiteke; Santa Maria parkean dago, lorategi baten alboan. Horrez gainera, badira beste bi parke ere, bertako jostagarriez gozatu ahal izateko.

Herriaren historian gehiago murgiltzeko gogoz dagoenak, baina, museo etnografikoa bisitatzeko aukera izango du. Herritarrek eta Oiongo Udalak bultzatu zuten proiektua, antzinako zenbait objektu eta datu berreskuratzeko eta kultur ondareari bultzada bat emateko asmoz, eta Arabako Foru Aldundia izan zuten bidelagun. Batez ere laborantzarekin lotutako objektuak ikus daitezke, inguruko jardunaren isla, eta, guztira, 297 pieza daude. Bisita doakoa da, baina aldez aurretik adostu behar da udalarekin, hango telefono zenbakira deituta.

Herrigunetik atera gabe, badaude beste zenbait txoko ikusgarri ere. Portuko Markesaren jauregia da horietako bat. Herriaren erdigunean dago, elizaren alboan, eta armarria ere badu. Hala ere, jabetza pribatua da, eta soilik kanpotik ikus daiteke, Buretako Kondeen jauregia bezalaxe.

Labraza eta Gorrebusto

Tontor baten gainean dago Labraza, eta Euskal Herriko hiribildu gotorlekurik txikiena da. XII. mendean harresia eraikitzen hasi ziren, eta egun bisitariak ere ikus dezake. Badira beste eraikin batzuk ere, hala nola San Migel eliza, eta Erdi Arokoa den eta aurpegi bat zizelkaturik duen Mairuaren iturria. Herrigunetik kanpoaldera, berriz, elur zuloak ere egoera onean daude.

Gorrebusto da azken geltokia. Ibar txiki batean dago, eta 1977tik da Oiongo udalerriaren barne, Labrazarekin batera. San Millan eliza eta Santa Maria Magdalena baseliza dira bisitatu daitezkeen eraikinetako bi, baina, kanpoaldean, teileria batekin egin dezake topo bisitariak. Egun, hutsik dago, baina labea ikus daiteke. Han egiten zituzten teilak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.