Ainhoa Larrañaga. Aktorea

«Tramen aldetik, 'Go!azen' bere unerik onenean dago orain»

Hiru denboraldi daramatza Larrañagak Eliren pertsonaia jokatzen 'Go!azen' telesailean. Bakarkako lehen diskoa ari da grabatzen Iker Laurobaren laguntzarekin, kanta propioekin.
MAIALEN ANDRES / @FOKU

Urtzi Urkizu -

2019ko urtarrilak 20
2016ko udan hasi zen Go!azen telesailean lanean Ainhoa Larrañaga (Hernani, Gipuzkoa, 2000), Eliren pertsonaia jokatzen. Asteburuetan herriz herri ibiltzen da, izen bereko antzezlanarekin.

Haurra zinenean, zer izan nahi zenuen handitan?

Beti esaten nuen: egunez tabernako zerbitzaria, eta gauez kantaria. Erantzunarekin, heldu askorengan barrea eragiten nuen.

Nola bizitzen ari zara egunerokoa ikasturte honetan?

Batxilerra egin ostean, amari esan nion gogoko nuela aktore lana. Badakit ez dela erraza izango. Baina orain disko bat ari naiz grabatzen, Iker Laurobaren laguntzarekin. Jazza, soula eta swinga egin nahi ditut bakarkako lehen disko horretan. Tartean, antzerkian nabil asteburuetan. Arte munduan egonkortu nahiko nuke, eta Go!azen-eko Elitik Ainhoa Larrañagara pasatu.

Go!azen antzezlanean pozik sentitzen al zara oholtza gainean?

Lehen sarreran, urduri samar jartzen naiz. Lehen uneetan, pertsonaia mutur luzearekin agertzen da, eta toki batzuetan defendatzea zaila egiten zait. Bitxikeriak gertatu izan zaizkit: duela gutxi, Eibarren, galtzak apurtu egin zitzaizkidan, eta mundu guztiak ipurdia ikusi zidan. Publikotik oso gertu geunden, gainera.

Nola sentitzen zara haur askoren aktore miretsia izanik?

Jasotzen duzun maitasuna ez da lagunena eta senideena bezalakoa, baina oso betegarria da. Argazkiak ateratzen zabiltzala, haur bat korrika etorri, eta besarkada bat ematen dizu. Zerorrek esaten duzu: «Ez dakit zer naizen zuretzat, baina ematen ari zarena sekulakoa da, askok ez didate ematen». Photocall ugari egin ditugu, bere gauza onekin eta txarrekin. Hamarnaka etorri behar izaten dute haurrek, eta guraso batzuen jarrera nahiko itsusia izaten da, beren haurrek beste batzuekin atera behar dutelako argazkian.

Telesailean hasi zinenean, 16 urte zenituen. Nolako eboluzioa ikusi duzu produktuan?

Eboluzio oso handia ikusi dut. Hirugarren denboraldia da, eta tramen aldetik orain dago bere unerik onenean. Lehen denboraldiko tramak ez zitzaizkidan gustatzen; zuriegia zen dena. Bigarren denboraldian, pertsonaia bakoitzak bere pisua hartu zuen. Hirugarren denboraldian, pertsonaia bakoitzak jorratzen duen trama oso serioa da; modu zurian kontatzen da, haurrei zuzenduta dagoelako, baina gai garrantzitsuak daude: nire pertsonaiak harreman zail bat du aitaren bikotekide berriarekin eta ahizpaordearekin. Garrantzia du, seme-alabak dituzten gurasoen dibortzio asko daudelako. Aurten homosexualitatea lantzen ari da, baita bullying-aren ondorioak ere.

Ostiralean argazki sexualen gaia ere azaldu zen.

Bai, Miren Arrietak jokatzen duen pertsonaiaren argazki bat zabalduko da bolo-bolo, topless-ean dagoen argazki bat.

Uda honetan atal berriak grabatuko dira, ezta?

Telesaila goitik behera aldatuko da. Izan ere, Azpeitiko [Gipuzkoa] eskola botatzekotan daude, etxeak eraikitzeko. Basakabi ez baldin badago, agian ez da udaleku erlijioso bat izango. Edonola ere, Go!azen-ek jarraipena izango du.

Ramon Agirre aktoreaz zer ikasi duzu?

Gauza asko: lehenik eta behin, lanean zaudenean lanean ari zarela. Ramonekin bakarka hitz egin izan dut; jakin nahi nuen aktore izan nahi zuela erabaki zuenean nola bizi izan zuen. Gizon ona eta irekia da.

Ez al da pena Go!azen izatea euskarazko telesail bakarra?

Niri amorrua pizten dit. Go!azen gogoko dut, baina hor nagoelako. Gazteentzako eta helduentzako beste telesail batzuk egin beharko lituzke ETBk. Indar handia emango lioke horrek ETBri.

Go!azen bukatuz gero, zer egin nahiko zenuke?

Interpretazioan jarraitu nahiko nuke. Netflixeko telesail batean gustura egingo nuke lan, baina Allí abajo-ra ez nintzateke joango. HBOren Patria-ren hautaproba batera joan naiz Madrilera, baina ez naiz gustura aritu. Pablo Aguero zuzendariaren Akelarre filmerako hautaproba batean ere izan nintzen. Ikusiko dugu...

Zeintzuk dira zure telesail gogokoenak?

Black Mirror eta Sense8.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna