Steve Carson. BBC Scotlandeko eduki arduraduna

«Lankidetza estua dut gaelikoz aritzen den lantaldearekin»

BBCk Eskoziako telebista kate berria jarri zuen abian otsailean, ingelesez: Carsonek dio «oso pozik» daudela emaitzekin, eta gazteen aldetik jasotako «erantzun sendoa» nabarmendu du.

BBC SCOTLAND.
Miren Manias.
Edinburgo
2019ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Irlandako RTE telebistako zuzendaria izan zen Steve Carson (Belfast, 1968). Mint Productions ekoizpen etxea sortu zuen, eta BBCrentzat hainbat saio ekoitzi eta zuzendu ditu.

Zein da BBC Scotland telebista kate berriaren asmo nagusia?

Eskoziako gizarte modernoaren katea da; ikusleen egunerokoa gehiago islatuko duten edukien etxea, hain zuzen ere. Ikus-entzuleen istorioak kontatu nahi ditugu, pantaila txikian zein Interneten haien interesak aztertu. Lan horretan, BBC iPlayer zerbitzua berebiziko tresna da. Genero guztietan osatu ditugu Eskozia garaikidea erakutsiko duten anbizio handiko saioak. Eta barnera ez ezik, gure edukiek kanpora ere begiratuko dute eskoziar ikuspuntua munduan kokatzeko. Eskoziako ikus-entzule modernoen aniztasuna islatu nahi dugu.

Oinarrian, kate berria sortu da ahots eta ikuspegi berriei lekua emateko; beste modu batean entzunak izateko aukerarik izango ez luketen pertsonei, alegia. Aukera eman nahi diegu zerbait berria sortzeko. Telebista kate berriarekin, 46,28 milioi euro gehituko dira BBCk Eskozian egindako inbertsioan.

Nola jakingo duzue ea helburuak betetzen dituzuen?

Emaitzen neurketari dagokionez, gure plataforma guztietan egiten den kontsumoa aztertuko dugu:zuzeneko telebistan, iPlayer zerbitzuan eta sare sozialetan.

Zein izan da orain arte herritarren erantzuna?

Lehen lau asteetan BBC Scotland kate berriak %3,5eko share-a eskuratu zuen emisio ordu nagusietan —arratsaldeko zazpiak eta gauerdia bitartean—. Horrez gain, Eskoziako publiko osoaren laurden batera iristeko gaitasuna frogatu du:%28. Zerbitzu berriak portaera arrakastatsuena izan du. Oso pozik gaude kate berriaren hasierako emaitzekin. Zirraragarria eta desafio handia da telebista zerbitzu publiko berria merkatu lehiakorrean zabaltzea.

Bereziki poztu gaitu, gainera, ikusle gazteengandik jasotako erantzun sendoak. Sare sozialen analisia egin dugu, eta iritzietan kate berriaren gaineko sentimendu on ugari dago. BBC iPlayer estrategia digitalaren giltzarria da; izan ere, eduki batzuek sarean erakarri dute ikusle gehien. Epe luzeko helburua da ikusleentzat eduki garrantzitsuak eta erakargarriak eskaintzen dituen kate bat izatea.

Nola ziurta dezake kate berriak Eskoziako benetako ikuspegia, baldin eta BBCren egoitza nagusia Londresen badago?

Genero guztietako telebista ordezkariek Eskozian dute egoitza, eta dagoeneko tokiko 70 hornitzaile baino gehiago kontratatu ditugu gure ikusleentzat edukiak ekoitz ditzaten.

Gaelikoz emititzen duen BBC Albari dagokionez, berriz, zer esango zenuke?

BBC eta MG Alba erakundeen arteko lankidetza da BBC Alba. Lankidetza estua dut gaelikoz emititzen duen telebistako lantaldearekin. Eskoziako publiko osoarentzat BBCk egiten duen inbertsioa oso esanguratsua da. Eskoziak, gaur egun, bi telebista zerbitzu dauzka, eta biek toki nabarmena dute BBC iPlayer plataforman.

BBC Scotland kate berrian egindako inbertsioa guztiz berria da. Hau da, ez dator BBCko beste zerbitzuetan egindako murrizketetatik. Eragile guztiek sormen sektorean guk egindako inbertsio handiagoa baliatu beharko lukete. Bestalde, BBC Alban kirol gehiago ematen laguntzeko konpromisoa hartu genuen iazko abenduan.

Gaelikoz hitz egiten duen komunitatean kezka dago kate berriarekin, BBC Albak ikusleak galditzakeelako. Bi kateen arteko lankidetza edo koprodukzio aukerak aztertu dituzue?

BBC Albak audientzia leiala eraiki du azken hamar urteetan, eta horri eusten dio. Ziur nago gaelikozko katearen eskaintza bereizgarriak orain arteko ikusle kopurua egonkor eta indartsu mantenduko duela. BBC Albaren martxoko eta apirileko emaitzek hori erakutsi dute, bederen. Gure sormen taldea gogor lan egiten ari da bi kateen arteko lankidetza sustatzeko, baita genero esanguratsuak bultzatzeko ere. Besteak beste, musikari eta kirolari lotuak.

Kate berriaren iragarpenarekin, BBCk konpromisoa hartu zuen gaelikoz eduki berriak ekoizteko. Zehazki, 100 orduko programazio osagarria. Ba al duzue horretarako lan orririk?

BBCk Eskozian egindako inbertsio berriak, BBC Albarekin batera, 100 orduko eduki osagarriak sortzeko aukera ahalbidetuko du. Aurten, elkarlanean aritu gara musika jaialdietan. Horrez gain, elkarrekin lan egiten dugu gizarte proiektuetan eta kirol ekitaldietan. BBC Albak ez du lan egiten soilik BBC Scotlandekin, baitaBBCren beste arlo batzuekin ere. 2018an, BBC Alban egindako Cbeebies eta CBBC haurren marken merkaturatzea horren adibide bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.