PROPOSAMENAK

Txangoa Urdaibain

Gernikako hirigunean hasi eta amaitzen da ibilbidea. Forua herria ere zeharkatzen du osteratxoak, eta Urdaibaiko bihotzean barneratzen da

Foruako erromatar herrixka. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gernika-Lumo (Bizkaia) herri ezaguna da, eta ez Euskal Herrian soilik, baita mundu osoan ere. Historiak ezagutarazi du Busturialdeko udalerria, baina Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan egoteak ere egiten du erakargarri. Gernika eta haren ingurua ezagutzeko aukeretako bat da Forua herritik igarotzen den joan-etorria.

Txango motza eta erraza da. Biribila: toki berean hasi eta bukatzen da. Horrek eroso egiten du herrira autoz joan nahi duenarentzat, baina baita garraio publikoa nahiago duenarentzat ere. Izan ere, abiapuntutik oso gertu dago autobusaren geralekua. Gainera, ibiltariak PR ibilbideei dagozkien marka hori eta zuriak izango ditu gidari ibilbide osoan. Bide laburra da, hamabi kilometro eta erdikoa, lau ordu baino gutxiagoan egiteko modukoa. Aldapatsua ere ez da; 260 metrokoa da maldarik luzeena.

Ibilbidea Argentina Etxearen parean hasten da, Carlos Gangoiti kalean. Galtzada zaharretik abiatu beharra dago, Lumorantz. Kosnoaga mendira igo behar da gero, Aixerrota izenez ere ezaguna dena. 273 metroko altuera du tontorrak; beraz, erraza da igotzea. Bertan daude udalerriko lehen aztarnak: Burdin Aroko kastro zahar baten arrastoak eta baita 1806an eraikitako haize-errota batenak ere. Baldatikako erreka ingurutik behera jo behar du gero ibiltariak. Errekaren bi aldeetan errota ugari daude: Goikoerrota, esaterako.

Ondoren, Armotxerri auzorantz jarraitzen du bideak. Baserri zaharrak daude auzoan, garai bateko estiloa mantentzen dutenak. Ibilbidean aurrera eginez, Atxetako koba eta Foruako erromatar herrixka aurkituko ditu ibiltariak. Bi interes gune horiek atzean utzita, estuariorantz jo beharra dago.

Estuarioan barrena

Urdaibaiko Biosferako Erreserbaren erakargarri nagusietako bat da estuarioa. Badago aukera bueltatxo bat eman eta tokia sakonago ezagutzeko. Izan ere, bide sare bat dago bertan, estuarioari buruzko informazioa ematen duten panel eta guzti.

Estuariotik pasatutakoan, goiko aldeko bideetan barrena jarraitu behar du ibiltariak. Lezkadi zabalak daude inguru horretan, askotariko hegaztien babesleku direnak. Beraz, litekeena da adi egonez gero hegaztiren bat edo beste ikusi ahal izatea.

Ibilbidean aurrera egiteko, Barrutiabaso eta Barrutia arteko bidezidorrerantz jo beharra dago. Itsasadarraren kanalaren pasealekutik jarraituz, Gernikara helduko da berriz ere ibiltaria, bidearen abiapuntura, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.