'Baserria' 'reality show'-aren bigarren denboraldiak eztabaida saioa izango du

24 lehiakidek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta. Lau proba baserritik kanpo egin dituzte

Klaudio Landa saioko aurkezlea eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria saioaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Iazko arrakastari jarraikiz, gaur hasiko da landa eremua eta hiria elkartzen dituen Baserria reality show-aren bigarren denboraldia, ETB1en (22:00). Hainbat aldaketa eta nobedade izango ditu, gainera. Nabarmenena, igandetako saioaren ondotik astearteetan izango den eztabaida saioa. Iazko denboraldiko azken saioan egin bezala, aurten ere saio bakoitza aztertzeko eztabaida programa berezi bat egingo dute, eta hainbat kolaboratzaile ez ezik, lehiakideen senitartekoak eta iazko parte hartzaileak ere agertuko dira hartan.

Reality-aren bigarren aldian, 24 lehiakide izango dira: hamabi kaletar eta hamabi baserritar; iaz bezala, bi taldetan banatuko dituzte: Goienetxeatarrak eta Barrenetxeatarrak. Baserriko bizimoduari buruzko aditu lanetan Amalur Arbelaitz iazko publikoaren faboritoa eta Jon Areitio izango dituzte. Hamabi programaren ondoren erabakiko dute zein bikotek irabaziko duen. Irabazleek 6.000 euroko saria jasoko dute.

Jon Abasolo programako zuzendariak nabarmendu du lehenengo denboraldiarekin alderatuta bigarren hau osoagoa izango dela: «Programa osoagoa da, bai proben aldetik, gogorragoak izango direlako, bai eta azpiegituren aldetik ere». Elementu berri bat ere sartu dute jokoan: joarea. Proben ondorengo negutegianjoare soinua entzutean lehiakideentzat garrantzitsua den zerbait gertatuko dela iragarri du Abasolok. Iazko edizioan nabarmendutako baserriaz eta txabolaz gain, hirugarren gune bat ere sartu dute aurten, eta gaurko programan erakutsiko dute.

Abasoloren hitzetan, saioak iaz izandako arrakastaren ondoren errazagoa izan da aurten lehiakideak aurkitzea. Hautaketa prozesuan, ordea, batez ere emakume baserritarrak aurkitzeko zailtasunak izan dituztela nabarmendu du: «Emakume baserritarrak aurkitzea kostatu zaigu. Badirudi gizonak utz dezakeela baserria, baina, emakumeak uztean, hutsunea gehiago nabaritzen dela».

Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) Baratze baserrian egin dituzte grabaketak udan, eta, nobedade moduan, baserritik kanpo grabatu dituzte lau proba. Gautegiz-Arteagan bertan bat, eta Urdaibain (Bizkaia), Bilbon eta Gesaltza Añanan (Araba) gainontzekoak.

Twitchen ere bai

Estreinaldiaren aitzinetik, Twitch plataforman Baserria-ren inguruko saioa egingo dute. Jon Fernandez Gazteako esatariak aurkeztuko du, eta Alex Padilla sare sozialetan adituak eta Amaia Barandiaran iazko lehiakideak parte hartuko dute. Gainera, TikTok sare sozialean ere presentzia izango du saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.