Antsoaingo bestak. Sokorro Etxaleku. San Kristobal haur eskolako zuzendaria

«Antsoaingo herriari maitasun berezia diot»

Etxalekuk ortzegunean bota zuen suziria, eta horrekin hasi ziren Antsoaingo bestak. 40 urtez haur eskolan egindako lana eskertu nahi izan diote herritarrek suziria botatzeko aukera emanda.

Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Hirugarren urtez jarraian, Antsoaingo (Nafarroa) herritarrek erabaki dute jaiak hasteko suziria nork piztuko duen. Aurten, Sokorro Etxaleku (Orkoien,Nafarroa, 1955) San Kristobal haur eskolako zuzendaria izan da aukeratua. 40 urtez haur eskolan lan egin ondotik, aurten hartuko du erretiroa Etxalekuk. Pozik azaldu da herriak eskainitako aukerarekin.

Antsoaingo festetako suziria botatzeko aukeratu zaituzte; nola hartu duzu berria?

Sorpresarekin eta ilusioarekin hartu dut txupinera izateko berria.

Zergatik uste duzu aukeratu zaituztela?

Uste dut haur eskolan egin ditudan 40 urteengatik aukeratu nautela txupinera. Ireki zen urtean hasi nintzen lanean: 1979an.Aurten erretiratuko naiz, eta, horrekin, haur eskolari errekonozimendua egiten ari direla uste dut.

Herri ekimenez aukeratu zaituzte.

Antsoaingo bi elkartek proposatu zuten ni txupinera izatea, eta, gero, herritarrek erabaki dute bozka bidez horrela izatea.

40 urtez aritu zara lanean Antsoainen. Hainbertze urteren ondotik, maitasun berezia izango diozu herriari?

Antsoaingo herriari maitasun berezia diot, bai. Antsoaingo gaiak ateratzen direnean, jaramon handia egiten diet beti. Hainbertze urteren ondoren eta herriko hainbertze jende ezagutu ondoren, normala da maitasun berezia izatea. Asko pozten nau Antsoaingo jendeak ezagutzen nauela ikusteak .

Hezkuntzan hainbertze urte lan eginda, nola hartu dituzu aldaketak?

Egunean egoten eta formatzen saiatu naiz. Gainera, saiatu naiz eskola fisikoki berritzen ere joan dadin. Lan egiteko moduak aldatzen joan gara urte hauetan. Antsoaingoa beti aurrera begira egon den eskola dela iruditzen zait.

Urte zailak ere izango zenituen.

Noski. Eskaera jaitsi zen urteetan eta lankide gutxiago ginela, memento zailak izan ditugu. Krisiak eragin digu, bertzelako hezkuntzan eragin duen maila berean.

40 urtez lan egin ondotik, haurren falta sumatuko duzu?

Bai, eta lankideena ere bai. Antsoainen harremana izan dudan jende anitzen falta sumatuko dut. Egoera berriaizango da; hasieran, hutsa nabarituko dut, baina ohituko naiz. Gainera, denborarekin, konturatzen zara behar duzula. Orain, ikasturtea hasi berritan, energia asko duzu, baina ekaina hurbildu ahala, nekea nabaria da, eta, orduan, oroitzen zara erretiroa gero eta hurbilago dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.