Osasuna

Ikusmen ona ez da betiko

Begiak zaintzea garrantzitsua da, oftalmologoen ustez; batez ere, 6 urtetik behera eta 50etik gora: azterketak garaiz eginez gero, zenbait gaixotasun senda daitezke, kroniko bihurtu baino lehen.
Elikadura zaintzea eta ez erretzea dira begiak zaintzeko oftalmologoek ematen dituzten aholkuak.
Elikadura zaintzea eta ez erretzea dira begiak zaintzeko oftalmologoek ematen dituzten aholkuak. PELLO ETXEBESTE

Maialen Unanue Irureta -

2018ko azaroak 24
Egunero jasotzen dugun informazioaren %80 begietatik sartzen zaigu: kalean ikusten duguna, telebistan, egunkaria begiekin irakurtzen dugu...». Donostia ospitaleko oftalmologiako zerbitzuburu Javier Mendikuteren ustez, begiak ez dira nahikoa zaintzen. Ez dago salbuespenik: begietako gaixotasunen bat izan edo ez, denek zaindu beharko lituzkete. «20 urte badituzu, eta ikusmen ona badaukazu, pentsatzen duzu ez duzula inoiz arazorik izango, baina ez da hala».

Pertsona guztiek joan beharko lukete okulistarengana, haren ustez, baina bi arrisku talde nabarmendu ditu, adinaren arabera banatuta: 6 urtetik beherako haurrena, eta 50 urtetik gorako helduena. «Begi alfer bat edukiz gero, senda daiteke 6 urte egin baino lehenago: hortik aurrera, zailagoa izaten da». Helduen kasuan, berriz, garrantzitsua da azterketak egitea bi edo hiru urtetik behin, glaukoma kasuak detektatzeko; 100etik hiruk jasaten dutela ohartarazi du. «Glaukoma, erretinopatia diabetikoa eta halako gaixotasunak senda daitezke, garaiz harrapatzen badira; berandu ibiliz gero, konponbidea ez da oso samurra izaten». Izan ere, Mendikuteren esanetan, glaukomak, hasieran, ez du ageriko sintomarik izaten: «Begietako tentsioa igo egiten da, nerbioa lehortuz joaten da zu konturatu gabe, eta ikusmena galtzen duzu aldi berean: konturatzerako, berandu izaten da, oro har».

Begiak zaintzeko bi aholku eman ditu Mendikutek: dieta on bati jarraitzea eta ez erretzea. «Hosto berdeko barazkiak dira onenak erretinarentzat: zerbak, ziazerbak... Omega 3 eta Omega 6, intxaurrak, azenarioak, arraina —izokina ona izaten da—...». Horiexek astero kontsumituz gero, ez luke aparteko arazorik egon behar. «Sen onari jarraitu besterik ez dago: esaterako, gantzak ez dira onak, ez ikusmenarentzat, ez bestela ere. Denetik jan behar da, baina barazkiak ahaztu gabe: denetarik, eta neurrian».

Erotu gabe: hori dena egin daiteke dieta arrunt bati jarraituz, Mendikuteren esanetan. «Horrelako gauzak, bitaminak eta, dieta arruntean txerta daitezke: arraroa izaten da gehigarri bereziak hartu behar izatea; zailtasunen bat dagoenean, hesteetan adibidez, hartu behar izaten dira, baina dieta arruntarekin dena egin daiteke.

Luzera begirako aholkuak

Gaur egun, adinarekin lotutako makulako endekapena da begietako gaitzik zabalduena, oftalmologoaren arabera. «Ospitaleetan kontsultak beteta dauzkagu gaitz horrengatik». Erretinako arazo bat da, makulak sortua: «Erretinaren parterik inportanteena da makula: oso-oso txikia da, 300 mikra baino ez ditu, baina horrek ematen digu ikusteko gaitasuna». Makulak mintz bat sortzen du erretinan, eta ikusmena gutxituz joaten da: Mendikutek azaldu duenez, bi edo hiru hilabetetik behin injekzio bat jarri behar izaten da, tratamendu gisa. Herentzian jaso daitekeen gaixotasuna da, baina janaria ez zaintzeak edo erretzeak ere zerikusia izan dezakete. «Noski, 30 urte dituzunean ez duzu pentsatzen egiten duzunak garrantzia izan dezakeenik handik 50 urtera, baina...».

Etxean erabiltzeaz gain, ordenagailuarekin lan egitea ohikoa da gaur egun; Mendikutek ohartarazi du nekea sor dezakeela, begietako lehortasuna, buruko mina... «Tentuz zaindu behar dugu ordenagailua dagoen lekua: bai etxean, bai lantokian: komenigarria da hezetasun pixka bat egotea». Gauez irakurtzea ere ohikoa izaten da, eta argi kantitatea neurtzea ez da erraza izaten: «Oreka bilatu behar da: ez gehiegi, ez gutxiegi». Ordenagailuaren aurrean edo irakurtzen denbora gehiegi emanez gero, neurriak hartu behar dira: «50 minuturen ostean, hamar minutu deskantsatzea komeni da, eta tarte horretan beste zerbait egitea, urrutira begira». Haurrentzako ere balio du gomendio horrek, haren esanetan: «Frogatuta dago kalean jolasean aritzen direnek arrisku txikiagoa dutela miopia edo begietako gaixotasunen bat edukitzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna