PROPOSAMENAK

Naturaren babesleku

Arabaren eta Gipuzkoaren elkargune da Aizkorri-Aratz parke naturala. Mendi malkartsuak, natura eta historia uztartzen dira inguru horretan

Parkearen barruan, ibilbide ugari egin daitezke. JOSEBA BARANDIARAN.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Kareharrizko mendi malkartsuek eta haran sakonek osatzen dute Aizkorri-Aratz parke naturaleko paisaia. Araba eta Gipuzkoako lurrak batzen diren inguru horretan, natura eta historia uztartzen dira. Parkerako sarbideetako bat Arantzazuko santutegia (Gipuzkoa) da; haitzartean dagoen santutegi hori euskal arte garaikidearen erakusgarri nagusietako bat da. Izan ere, Txillidaren, Oteizaren eta Basterretxearen lanen erakusleihoa da.

Arantzazutik abiatuta, Urbiako zelaiekin egingo du topo ibiltariak lehenik. Harana igarota, ordea, Aizkorri eta Aitxuri mendien gailurrak nabarmentzen dira inguruotan. Mendizaleen elkargune izateaz gain, Mari jainkosaren bizitoki ere ba omen dira tontor horiek. Inguruak ibilbide ugari egiteko aukera eskaintzen du;ibilbide luze eta malkartsuak, baina baita arinagoak ere. Parke naturaleko gunerik ikusgarrienetako bat San Adriango tunela da. Zalduondo (Araba) eta Zegama (Gipuzkoa) herrien artean dago haitzuloa eta izen bereko ermitaren babesleku ere bada. Historiaurretik, inguruko artzainen, bizilagunen, merkatarien eta errege-erreginen igarobidea izan da, eta komunikaziorako bide ezinbestekoa. Joan-etorri horien adierazle da, hain zuzen ere, haraino heltzen den Erdi Aroko galtzada.

Araia aldetik Aratzera

Araia (Araba) herria da parke naturalera sartzeko beste puntuetako bat, eta, handik, Aratz mendira igotzeko bidea topatuko du ibiltariak. Ibilbideez gain, inguruaz gozatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu Araian bertan dagoen Aizkorri-Aratz parke naturaleko parketxeak. Taldeentzako bisita gidatuak eta programa didaktikoak antolatzeaz arduratzen da parketxea, eta inguruko ibilbideen eta intereseko lekuen informazioa ere eskaintzen diete bisitariei. Bestalde, XVIII. mendean erabiltzen ziren trenen eta energia hidraulikoaren inguruko erakusketa ikusteko aukera dago bertan. Naturak ere toki berezia du parketxean, eta parkeko flora eta fauna ezagutzeko aukera dute bertaratzen direnek, tartean muxar grisa, gaur egun galzorian dagoen karraskari txikia.

Jarduerei dagokienez, hiru ibilbide eskaintzen ditu parketxeak udan, naturarekin eta kulturarekin harremanetan egon nahi duen ororentzat: Zirauntza iturburua, Martin txabola eta ehunka urteko haritzen ibilbidea. Osasun egoera dela eta, hamabost laguneko taldeetan egingo dira bisita horiek, eta interesa duenak izena eman beharko du aldez aurretik parketxearen web orrian: aizkorriaratzparkea. eus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.