PROPOSAMENAK

Harrien sekretuak

Elorrioko Argiñeta nekropoliak iraganari buruzko hainbat datu erakusten ditu. Erdi Aroko hilerria zabalik dago bisitarientzat

Argiñeta nekropoliko hilobi eta hilarriak. JON HERNAEZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Oraina ulertzeko, ezinbestekoa da iragana ezagutzea. Horren erakusle aproposa da Elorrion(Bizkaia) dagoen Argiñetanekropolia. VII. eta XIX. mende artean sortutako hilerria Zenita auzoan dago, eta hogei hilobiz eta bost hilarriz osatuta dago. San Adrian baseliza dauka aurrez aurre.

«Argiñeta ez da bakarrik hilerri bat. Hari esker, badakigu bertan komunitate bat bizi izan zela», azaldu du Cristina Sierra Elorrioko turismo bulegoko arduradunak. Nahiz eta Elorrioko auzoetan baseliza egoitza erlijiosoa izan den beti, alde soziala ere izan du. San Adrian kofradiaren egoitza ere izan zen, eta bertan antolatzen ziren bizilagunen harreman sozioekonomikoak.

Sierrak adierazi du nekropoliak bere garrantzia duela gaur egun: «Nahiz eta urte asko igaro, gauzak errepikatzen ari dira. Kofradiak bere egoitza dauka hor; Argiñeta oraindik bizirik dago».

Nekropolian batuta dauden hilobi eta hilarriak inguruko Mendraka, Berrio eta Miota auzoetan zeuden. XIX.mendean, Retolaza parrokoak bildu zituen gaur egun ikus daitezkeen tokian.

Hilobi zein hilarriak Oiz mendiko harrobietako hareharriz daude eginda. Hilobien kasuan, latinezko inskripzioak dituzten bi dira garrantzitsuenak. Sierrak azaldu du Bizkaian dauden kristau inskripziorik zaharrenak direla: «Inskripzio batek 883.urtea aipatzen du, eta hori da Bizkaian kristautasunari aipamena egiten dion adierazpenik zaharrena».

Argiñeta ez da inguruan dagoen hilerri bakarra, baina Sierrak dio ederrena dela: «Natura aldetik toki polit batean dago, eta, ondarearen aldetik, Euskal Herriko hilerririk zaharrenetarikoa da».

Argiñeta ezagutzeko bisita gidatuak daude prestatuta. Uztaileko eta abuztuko larunbatetan eta igandeetan, 11:30ean.

Jatorriaren ibilbidea

Argiñeta hilerria ez ezik, Elorrioko jatorria hobeto ezagutzeko landa inguruan ibilbide bat egiteko aukera ere badago. Ordubete inguru irauten du, eta hainbat elementu etnografiko bisita daitezke.

Ibilbidea 1826an sortutako bainuetxe zaharrean hasten da, eta Argiñeta da helmuga. Ibilbidean zehar, besteak beste, baserriak, garbileku bat eta Bekoerrota ikus daitezke. Bekoerrota hamabi baserrik erabiltzen zuten errota da. Uratsa ere ezagut daiteke. Ur kirasduna esan nahi badu ere, iturburu horretako ura oso egokia zen larruazaleko, arnasbideko eta gibeleko gaixotasunak arintzeko. Bertara gerturatzen denak, beraz, ezin du ur hori probatu gabe alde egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.