Denis Laborde. Antropologoa, etnologoa, musikaria

«Zientzia sozialak eta musika elkarlanean ari daitezen nahi dut, mundua hobetzeko»

Gorputza lanari nola egokitzen zaion bizi eta ikertu du: pianoa jo eta pianista eskuak fabrikatu baitzituen. Musika ikertu du antropologiaren bidez; musikaren bidez mundua hobetu nahi du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ikusten den eta ageri ez den gorputzaren egokitzapenak liluratu izan du Denis Laborde (Angelu, Lapurdi, 1959). Bai bere burua pianoari jartzen ikusi duelarik, bai ere bertsolariena. Gizarte zientziak eta musikaren uztarketak gorpuztu du Laborderen ibilbidea. Maingu segitzen badu ere: euskara ez baitu oraino arras mihian. Behartsuen esku ezarri nahi ditu orain sorkuntza, zientzia lagun, egoerak hobetzeko.

Nolako enborra, bestelako ezpala?

Aitaren zein amaren aldetik, zurginak ziren! Eta amaren, aitaren atelierraren zokoan, han zegoen gure amarena izandako pianoa. Hola hasi nintzen musika jotzen. Gehien laket nuena zen pianoa jotzea makinak orroaz ari zirelarik: zoragarria zen! Nehork ez baininduen aditzen, eta nehork ezin deus erran! 8 bat urterekin osagarri arazoek behartu ninduten errugbia uztera. Orduan ninduten kontserbatorioan sartu, ez nendin enoa.

Aldi honetan, makinak itzalirik aritu behar izaten zenuen, ez dea hala?

Bai! Ongi zihoan afera, eta maite dugunez gauzak ongi doazelarik, ederki. Enea ez zen mundu bat deskubritu nuen bertan. Intimoa zen zerbait kausitu nuen: musika sortzeko fabrikatzen duzun gorputz hori. Gorputzaren diziplina.

Aitatxik bezala, zuk ere gorpuztu duzu zerbait.

Instrumentuarekin sortu behar duzun loturak eramaten zaitu zure gorputza fabrikatzera. Artisauekin gauza bera gertatzen da. Aitatxik bazuen manera bat egur taularen hartzeko, zeinak salatzen baitzuen bazuela ezagutza handia. Horrek liluratzen ninduen. Marcel Maussek prestigiozko imitazioa deitzen zion fenomeno horri, pianistei kopiatuz. Pianista gorputzaren fabrikatze hori nuen maitatu.

Pianoaz gain, zer bertze tresnak du pianista gorputza fabrikatzen?

Autoa gidatzen ikasten duzularik, hatsarre horretan, kontsignei kasu egiten diezu. Ekintza seriea da lehenik, errezitatzen dituzu. Baina barneratu dituzularik, aditua bilakatzen zara, jestuak barneratu dituzulako. Prozesu hori dut maitatu, ematen den salto hori.

Musika karrera salto batez bukatu zenuen.

Kontserbatorioko ikasketak 14 urterekin bukatuak nituen. Parisko goi kontserbatorio nazionalean sartu nintzen. Hala, astean behin trenez Pariserat nindoan.

Nola bizi izan zenuen herritik hain goiz bereizte hori?

Mingarria eta aldi berean sozialki programatua ez nintzen unibertso kultural batean sartu nintzen.

Zergatik ez zinen kulturalki programatua?

Zeren eta etxean ez baitzen musikarik behatzen. Ikusi zutelarik dohaina eta gustua banituela musikan aritzeko, dena eman zuten ene alde. Haatik, ene aurkikuntzez ari nintzaienean, ez zen oihartzunik. Ez nuen Bourdieuk deitzen duen kapital kulturalik etxean, dena instituzioetatik edan dut. Tentsioan bizi nintzen: musika enetzat zerbait garrantzitsua zela deskubritzen ari baitziren etxean, baina, aldi berean, nentorren munduari traizio egiten ari nintzaiola sentitzen nuen.

Zer munduri ari zintzaizkion traizio egiten?

Ibarrunera [Senpere, Lapurdi] maizter joandako gure amatxi zugarramurdiarrarenari. Errua piztu dit: hara joan eta musika klasikoan murgiltzea, jatorrizkotik urrunduz... Amatxik zituen ene euskal kulturaren giltzak: laboraria zen. Bizi konplikatua ukan zuen. Eraiki zuen bizi euskaldun hori gorde didate. Nehork ez dit euskaraz egin: kontsignak ongi errespetatu zituzten. Ez omen zuen deusetarako balio euskarak. Funtsean, uste dut zinezko arrazoia izan zela bizi izaniko istorio latzak ez zituela partekatu nahi. Erotikoa bilakatu da euskara: erakusten zidan harribitxia, baina horretarako eskubiderik ukan gabe.

Xan Airek egin zizun elkarrizketan, aipatu zenuen euskaraz ez mintzatzearen mina zeneramala zure baitan.

Terriblea da. Kurtsoak hartu izan ditut, behin eta berriz Parisko euskal etxean... Eta ezin.

Zergatik ikusten zenuen musika klasikoan karrera egitea eta euskara ez zirela bateragarriak?

Musikari gisa konplikatua zen. Ba ote nuen eskubiderik hizkuntza horren ikasteko? Ene buruari galdetu izan diot. Orain erridikulua egiten zait bateraezintasun hori. Baina garai hartan horrela bizi izan nuen. Alta, ez da egia, aski da ikustea Ramon Lazkano.

Eskubiderik ukan behar dea etxeko hizkuntzaren ikasteko?

Uste nuen hizkuntzak familia istorio latzak ekarriko zizkidala. Tentsio horretan nintzen: euskalduna zen guziaren desbalorizazio kritikoan eta, aldi berean, hizkuntzaren ene balorazio mitikoan.

Eskubide hori, hondarrean, partez bederen, hartu duzu.

1977an, Frantziako Kultura Ministerioak eskaini zidan saria jaso nuen kontserbatorioan. Liszten pieza pianoan jo ondotik, ez dakit nolaz, Jean Haritxelar mintzatu zen, euskaraz lehenik, frantsesez gero. Euskal kultura aldarrikatu zuen. Asko markatu ninduen ene tentsio horien erdian.

Alvin Curran konpositorearen Crystal Psalms pieza zuzentzen eta grabatzen ari zinela deliberatu zenuen musikaren uztea. Zerendako?

Progresiboa izan da. Orkestra zuzendari izatera iritsi nintzen, ene gailurra izan da, baina halako unadura batek joa nintzen, ez bainuen kausitzen orkestra zuzendari gisa ene buruaren berritzen. Diskurtso berak aspertu ninduen. Eta hor antropologia deskubritu nuen, eta amorostu nintzen. Musika uztean, pianoa jotzearen plazer fisikoa izan nuen gehien ments. Chopin jotzea baino. Nik fabrikatu nituen pianista eskuek ordenagailuan jotzeko baizik ez zuten gehiago balio. Pentsatzen dut kirolari batek gauza bera sentituko lukeela kirola uztean.

Antropologiak erroetara murgildu zintuen: tesia bertsolaritzaz egin baituzu. Baina euskaraz jakin gabe. Zure barne borroka baketu zuena?

Musikari aplikatu antropologiak adiskidetu ninduen hein batean, bai. Bazen unibertsala zen zerbait: munduko kultura guziek musika sortzen baitute, nola da posible? Deusetarako balio ez duelarik! Bada hor zerbait ontologikoa. Aldi berean singularra den zerbait da. Musikaren dialogo unibertsala kultura bakoitzak bere espazio sozialean nola itzultzen duen: hori dut zinez maite ukan.

Arte eta tradizio herrikoien Parisko museo nazionalean ohartu nintzen euskaldunak zeinen baloratuak ziren antropologian. Jean Haritxelar ezagutu nuen, eta, Maggie Andralekin batera, akuilatu ninduten bertsolaritzaz tesia egitea, euskara osoki menperatu gabe. Orain, iduritzen zait kopeta ukan nuela.

La memoire et l'instant (Memorioa eta unea) liburuan bildua duzu.

Bertsolaritza musika arte gisa kontsideratu dut, poesia arte gisa bainoago. Apustu bat izan zen. Hitzen tinbrea interesatu zitzaidan, eta prozesu kognitibo horren dimentsio magikoa: inprobisazioarena. Nik dakidala, [Joanito] Dorronsoro izan zen bertsoak musikarekin idatzi zituen bakarra, ez hitzak bakarrik. Faltsuak direla erraten den baina hala ez diren notak ere apuntatzen nituen. Bertsolariaren ekintza bera ere analizatu dut, hurbilketa soziologikoa eginez.

Funtsean, gorputzarekin zer egiten duen. Sorkuntza prozesua erreflexiboa da. Inprobisatzaile ona da publikoa bere sorkuntza prozesuan ongi inplikatzen lortzen duena.

Ohartu naiz burmuina organo soziala dela. Izpirituaren ekologia: burmuina harremanetan da ingurune sozialarekin. Amurizak oso ongi azaltzen du Aita bertsoa nola egin zuen. Bertsolaria inguruan gertatzen denari adi egoten da, eta ondoko ekintzetarako iturri bilakatzen du: Amurizak poto egin zuenez, publikoaren negarrez baliatu zen bertsoa bukatzeko. Azkenik, bertsolaritzaren alde soziala analizatu dut, justu profesionalizatzen ari zelarik.

Paristik, hurbiletik erreparatu zenion zure herriaren politikari.

Euskal preso politikoen auziek asko hunki ninduten. Auzi askoren kronikak idatzi nituen Enbata aldizkarirako. Azkar sentitu nuen injustizia: afera penal gisa kontsideratzen baitzuten politikoa zena. Jasan ezina egiten zait. Mespretxua sentitu dut. Ez nuen ulertu nolaz Mitterandek deus ez zuen egin euskal afera konpontzeko.

Euskaldunek beren buruari barkamena eskatu behar zioten euskaldun izate hutsagatik, eta ezin ziren politikaz mintzatu. Alta, politika hutsa zen. Hortik aitzina, Euskadi komitea sortu genuen, presoen familien laguntzeko.

La question basque (euskal afera) liburua horren ondorio dea?

Bai. Eva Forestekin, Karmelo Landa, Michel Rocartekin batera. Ohartu nintzen historia hori enea ere bazela. Eta Euskal Herriko giza eskubideen aldeko komitea sortu genuen; horren barruan, Jakilea aldizkaria, Claire Frossardekin batera.

Ondoriorik ekarri dizu aurpegia emateak?

Ez zuen erraztu jarrera publikoki har nezan, ez. Adibidez, France Culture irratian antolatu nuen emankizun bat presoen aferaz. Hori leporatu egin zidaten. Salaketak ere ukan ditut.

Antropologia eta musika ez dituzu sekula bistatik galdu. Alemanian bizi izan zara zortzi urtez.

Ez. Adibidez, Bach konpositorearen blasfemioa ikertu nuen, musikaren bidez botere politikoari aurka nola egin zion. Etnologia baliatu nuen historia lantzeko, berritzailea izan zen. Edo Alemaniako Errepublika Demokratikoaren himnoa zer bilakatu zen estatua desagertu ondotik.

Itzuli zinelarik, ARI zentroa sortu zenuen, Baionan. Zer da zuzen?

2014an sartu nintzen Euskal Herrirat, eraikitzeko inkubagailu bat ikerketa zientifikoa sorkuntza artistikoren zerbitzura. Nahi dut gizarte zientziak eta sorkuntza musikala elkarlanean ari daitezen mundua hobetzeko. Kulturarako sarbiderik ez dutenek ere ukan ditzaten tresna kulturalak.

Haizebegi festibala da ekintzetako bat, ez dea hala?

Bai. Bi tresna ditugu ARIren barnean. Alde batetik, zientzia sozialei dagokienez, CNRSaren [ikerketa zientifikoaren Frantziako zentroa] sustengu azkarra dugu. Munduko musikak ditugu ikertzen: uneotan, behartutako etorkinen musika. Zientzia sozialak zientzia esperimental bilakatu nahi ditugu. Bertzetik, sorkuntza artistikoa dugu. Bien arteko uztarketa da Haizebegi festibala. Hori dugu proiektua: behartsuak lotzea sorkuntza artistikoari, desmartxa zientifikoari lotuz; zientzia parte hartzailearen bidez. Erabat ene saltsan naiz.

Haizebegi festibaleko musika ez da libertitzeko artea bakarrik, munduko gizarteen ezagutzeko tresna baita. Horregatik ditugu antolatzen kontzertu, ikastaro eta hitzaldiak. Iritzi gehiegi bada oraingo egunean; iduritzen zait arrazionalizazio gehiagoren beharretan gaudela.

CNRSk zilarrezko saria eman berri dizu.

Bai. Ilusio handiz hartu dut, ez bainaiz bila joan. Paris utzi eta Euskal Herrian buru-belarri sartua naizen honetan jaso dut. Keinu politiko gisa hartu dut inkubagailuaren proiektua Iparraldean egitea posible dela, espazio zientifikoa, nazioartean tokia duena, behartsuenen zerbitzuko... Diru laguntzak eskatu ditugu, eraikin baten behar gorritan gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.