Emakumeak laneratzearen onura, gutxietsita

Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Urteko batzarraren barruan, NDF Nazioarteko Diru Funtsak bere azterketa nagusiak eguneratzen ditu. Horrekin batera, hala ere, bestelako dokumentu eta ikerketa ugari argitaratzen ditu. Aurten, esaterako, funtseko ekonomista eta ikerlari talde batek generoari erreparatu dio, eta emakumeak laneratzearen eraginari buruzko neurketa gehiago prestatu ditu.

Ikerlarien ondorioa argia da: aniztasunak etekin ekonomikoa sortzen du. Hau da, emakume gehiago laneratzea, bere horretan, gizonezko langile gehiago egotea baino onuragarriagoa da. Ekonomia aztertzeko eredu tradizionalek gutxietsi egiten dute generoak ekonomian dituen ondorioak. «Teknologiari egozten diote errealitatean emakumeen parte hartzeari dagokion hazkundearen parte bat», ohartarazi dute.

Ekoizteari dagokionez, emakumeen eta gizonen artean osagarritasun oso handia dagoela ondorioztatu dute. Hala, emakume gehiago laneratzeak BPGa %10 eta %80 bitarte handitzea posible da, herrialde bakoitzak duen abiapuntuaren arabera. OCDEko herrialdeetan, batez beste, emakumeen enplegu tasa gizonena baino hamalau puntu txikiagoa da;handiagoa da aldea diru sarrera ertainak dituzten herrialdeetan.

Ikerlarien arabera, emakumeak lan merkatura sartzea zailtzen duten trabak uste baino garestiago ateratzen dira, eta, horri lotuta, parte hartzean dauden ezberdintasunak zuzentzearen ondorioz sortzen diren onurak hasieran uste zen baino handiagoak lirateke. Mito batzuk ere borrokatu dituzte egileek. Esaterako, sexu aniztasun handiagoak gizonen diru sarrerak ere handituko lituzke. «Horrek ez du soilik diskriminazioa ekonomikoki zentzugabe egiten; zuzenean garesti ateratzen zaie gizonei egoera», dio testuak.

Azterketan, adibide bat baino gehiago eman dute. Hala, 1990eko hamarkadatik aurrera Irlandan emakumeen laneratze tasa hogei puntu inguru igo da, eta, horri esker, «produktibitate irabazi indartsuak» gertatu dira ekonomia osoan. Kontrako egoera Egipton legoke. Emakumeen enplegu tasa oso txikia da (%16), eta ez da ia ezer aldatu azken hamarkadetan. Traba horien kostua emakumeen enpleguari %50eko zerga jartzearen parekoa dela kalkulatu dute. Emakumeen eta gizonen enplegu tasa parekatzeak Egiptoren BPGa %60 handitzea eragin lezake, egileen aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.