Osasuna. Ebolaren izurria

Afrikan gaixotuak, jaioterrian artatuak

Afrika mendebaldekoa ebolak inoiz eragindako izurri larriena da: 7.563 lagun kutsatu ditu, eta 3.481 hil. Europako eta AEBetako ospitaleetan hainbat gaixo artatu dituzte, Afrikatik etxera bueltan ekarriak tratamendu egokiago bat jaso dezaten.

Xabin Makazaga -

2014ko urriak 8
Ebola aurreneko aldiz 1976an identifikatu zuten. Urte hartan Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Sudanen izandako bi izurrietan, 602 lagun kutsatu eta horietarik 431 hil ziren. Ordutik, dozena bat epidemia larri izan dira, bereziki 2000. urtean Ugandan gertatutakoa —425 kutsatu eta 224 hil—; baina beti Afrikako mugen barruan, eta, inondik ere, aurten Ginea, Liberia eta Sierra Leonan hedatu denaren larritasunik gabe.

Oraingoz, izan ere, 7.563 lagun kutsatu ditu aurtengo ebola epidemiak, eta 3.481 gaixo hil, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Afrika mendebaldea oraindik ebolak jo gabea zen, baina Ginea, Liberia eta Sierra Leonatik Afrikako beste hainbat estatutara hedatu da gaitza. Liberian kutsatutako estatubatuar bati, gainera, AEBetan bertan diagnostikatu zioten gaitza, duela astebete; Afrikatik kanpo diagnostikatutako lehen kasua izan zen. Eta, herenegun, Afrikatik kanpoko lehen kutsatze kasua gertatu zen, Espainian. Bi misiolari —Miguel Pajares eta Manuel Garcia Viejo, Liberian eta Sierra Leonan kutsatuak eta Madrilen hilak— artatu zituen erizain laguntzaile bat da kutsatua, eta haren senarra ere bakartuta daukate Carlos III.a ospitalean.

Baina ez dira inola ere Afrikatik kanpo artatzen ari diren gaixo bakarrak. Izan ere, ipar hemisferioko herrialdeetatik giza eta mediku laguntza ematera edo lanera joandako pertsona batzuk ebolaren anduiarekin itzuli dira beren herrira.

AEBetan, argiak eta itzalak

AEBetan artatu dituzten bost gaixoetatik hiruk osatzea lortu dute. Baina Thomas Eric Duncan liberiarra antibiotikoak eman eta etxera bidali zuten ospitalera ebola sintomekin joan zen lehen aldian, eta, ospitaleratu aurretik, kutsatze arriskuan jarri ditu ehun bat lagun. Duncan Ā«oso larri baina egonkorĀ» dago irailaren 30etik Dallasko ospitalean, eta Ashoka Mukpo NBCko kameraria, hura ere Liberiatik iritsia, Nebraskan ari dira artatzen astelehenetik. AEBetan diagnostikatu zioten gaitza Duncani, eta tratamendu esperimental bat ari da jasotzen.

Rick Sacra misiolaria Nebraskako ospitale berean sendatu zuten —asteburuan berriro ospitaleratu zuten, baina haren sintomek ez dute ebolarekin zerikusirik—, eta Brantly Kent, Atlantan. Bi horiei odol transfusioetarako tratamendu esperimental bat eman zieten. Nancy Writebol medikua ere Atlantako ospitalean artatu zuten, eta sendatutzat jo dute. Ordea, Patrick Sawyerrek ez zuen AEBetara iristea lortu: Nigerian hil zen, Liberiara bidaiatu ostean.

MSF Mugarik Gabeko Medikuekin Liberian aritutako erizain frantses bat, berriz, Avigan antibiral esperimentalarekin tratatuta osatu zuten, Frantziako ospitale militar batean. Elkarte bereko kooperante norvegiar bat, 30 urteko medikua, atzo iritsi zen Sierra Leonatik Oslora, ebolaren birusarekin kutsatuta, eta Ullevaleko ospitalera eraman zuten.

Alemanian, berriz, Afrikako osasun alorreko bi langile artatu dituzte. Ostiraletik, Sierra Leonan kutsatutako Ugandako mediku bat —Italiako GKE bateko langilea— bakartuta daukate Frankfurteko ospitale batean. Eta, larunbatean, senda-agiria eman zioten OMEren Senegalgo aditu bati Hanburgoko ospitalean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna