ANALISIA

Inbertsioak eta zorra, bi behar

Iker Aranburu -

2018ko urriak 12
Uste baino 315 milioi izango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek. Diru asko da. Sos horiekin bete dezake Jaurlaritzak urte bateko Kultura eta Turismo sailen aurrekontua, eta dirua sobran izango luke. Diru horrekin bete daitezke Arabako Aldundiaren aurrekontuaren bi heren, edo Gipuzkoaren ia erdia... Edo diru hori erabil daiteke zorra txikitzeko. Hori ere badago Gasteizko gobernuaren asmoetan —eta are gehiago gastuaren araua bete nahi badu—.

Bat baino gehiago sutuko da asmo horrekin. Ez da harritzekoa. Hainbat urtez gerrikoa estututa egon ondoren, kutxa publikoa beteta dagoela, ez al da garaia zintzilik geratu diren inbertsioak egiteko? Ezin da zalantzan jarri zerbitzu publikoek diru gehiago behar dutela. Konpondu gabe geratu dira eskolak, errepideak eta zubiak, beharrezko materialik gabe erietxeak, eta finantzaketa falta dute hamaika proiektu sozialek eta kulturalek. Bidezkoa da langile publikoei soldata igotzea ere, hainbat urtez erosteko ahalmena galdu ondoren.

Baina epe motzera ez ezik, luzera begiratuz gero, nekez argudia daiteke ez dela garaia zorraren zama ere arintzeko. Kopuruak argigarriak baitira. Espainiako Bankuaren arabera, 2007an, krisiaren atarian, Jaurlaritzak 642 milioi euro zor zituen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %1. 11 urte geroago, hamasei aldiz gehiago zor du: 10.652 milioi euro (BPGaren %14,6).

10.000 milioi horiek erabili dira azken urteetan erietxeak hornitzeko, irakasleen soldatak ordaintzeko, diru sarrerak bermatzeko errentak emateko... eta bai, argudia daiteke zati bat alferrikakoak edo kritikagarriak diruditen gastuetarako erabiliko zutela. Argudia daitekeen moduan zerga presioa handituta —batez ere talde batzuei— diru gehiago bilduko zela eta ez zela hainbeste zorpetu behar.

Hori guztia egia izanik, errealitatea da zor horri aurre egin behar zaiola, eta ez dela merkea. Aurten Jaurlaritzaren aurrekontuan 1.300 milioi eurotik gora joan dira zorra ordaintzera, eta hurrengo urteetan faktura ez da asko jaitsiko. Hau da, hamar eurotik bat joango da zorrera, inbertsioetarako gastatu den diruaren halako lau, edo zazpi sailek gastatuko dutena baino gehiago.

Orrialde hauetan argudio ona eman zuen Pedro Azpiazuk: komeni da orain kontuak orekatzea eta zorpetzea ez handitzea, hurrengo krisia edozein unetan agertu daitekeelako. Orduan, zerga bilketa jaisten denean, zorpetzea derrigorrezkoa izango da, eta hobe da lekua egitea.

Baina sailburuak badaki asmo horrek errealitatearekin egin dezakeela talka: aurrekontuak EH Bildurekin edo Ahal Dugu-rekin onartu nahi baditu, zorroa ireki beharko du. Inbertsioak eta zorra, bi behar daude, eta horiek uztartzea izango da hurrengo asteetarako etxeko lana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna