Memoria historikoa. Francoren hilotza. IRITZIA

Urrats txikia, harlauza handia

Josu Chueca - Historialaria

2019ko urriak 25

1940ko apirilaren 1ean, Gerra Zibilaren bukaera militarraren urtemugan hain zuzen ere, tragedia horren eragile handienetako eta heriotza zigor sinatzaile azkarrenetako Francisco Francok sinatu zuen dekretu bat, Cuelgamuros aldean «Erorien Harana» deituriko oroitarri erraldoia eraikitzeko. 19 urte geroago, 1959ko apirilaren 1ean, lan bortxatuen bitartez eraikitakoa inauguratu zuten, 11.000 hildakoren gorpuzkiak hilobiratuz. Horrela eratu zuten, gerra horren eraginez, Espainiako hilobirik handiena. Horretara, 491 eraldatzearen ostean, 33.847 hildako eraman zituzten, 1959 eta 1983 bitartean. Horien guztien gainean, basilika eta monasterio bat, nazionalkatolizismoak agintzen zituen kanon artistikoez eta ideologikoez hornituta. Lan ikaragarri horiek egiteko, bi hamarkadetan zehar, gerraren ondoriozko milaka preso eta gatibu bortxaz aritu ziren, auzitegi frankistek ezarritako zigorrak neurri batean berrerosteko.

Lehentasunezko lekuetan, hau da, basilikako aldarearen aurrean, 1959az geroztik Jose Antonio Primo de Rivera ezarri zuten, Falangearen buruzagia, Alacanteko kartzelan 1936ko azaroaren 20an erail zutena. Francisco Franco diktadorea, aldiz, hil ostean, 1975ko azaroaz geroztik atzo arte hor izan dugu. Lehendabizikoa, gerraren biktimatzat har zitekeen arren, diktadorearen kasuan, inolaz ere. Are eta makurragoa, bera izan baitzen hor bildutako biktima askoren eragilea. Alde batetik, 1936ko gerra piztu eta aurrera eraman zuelako, eta bestetik, 1939az geroztik izandako erailketa ugariren erantzule nagusia izan zelako.

Nola uztartu, beraz, hildako horien oroimena borrero nagusi eta iraunkor horren presentziarekin? Nola onartu lau hamarkadatan zehar diktadura ankerrari eutsi zion buru hori beste hainbeste denbora —1975etik 2019ra bitartean, alegia— izatea gerraren eta diktaduraren sinbolorik garrantzitsuenaren muina? Odolez hasi eta odolez bukatutako agintaldi frankistaren bihotz eta ardatza nola gorde, momifikatua izan arren, aintzaz eta laudoriozko giro faxistan memoria demokratikoa gauzatzeko tenorean? Hori dela eta, premiazkoa bezain funtsezkoa zen Franco pribilegiozko eta lotsazko leku horretatik desobiratzea eta bere ondorengoek zein jarraitzaileek nahi duten tokira eramatea.

Bide batez, pareka dezaten diktadorearen gorpuzki horien patua eta haran horretan gelditu diren horiena. Izan ere, asko eta asko, alde errepublikanokoak, esate baterako, erailak izan ondoren, 1959tik berriro bortxaz, ezkutuan, eta familiakoek jakin edo baimenik eman gabe Cuelgamurosera eraman zituzten, frankistekin batera lurperatzeko. Eta batez ere, konpara dezaten frankistek beraiek eragin zituzten milaka biktimen egoerarekin: leize zuloetan, bide bazterretan, orubetean eta hilobi amankomunetan oraindik desagerturik jarraitzen dutenekin. Konturatuko dira noizbait diktadorea haran horretatik kanporatzea egia, justizia eta ordaintzaren bidean urrats txikia besterik ez dela? Jabetuko dira gure agintari aurrerakoiak eta demokratak gaur egun frankismoaren harlauza —epaitegietan, parlamentuan, hainbat alderdi politikotan...— haren hilobikoa bezain astuna dela eta benetako demokrazia gauzatzeke dugula?

Estatu hileta Francori

Mausoleoan gelditu direnak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna